Ezaguna denez, Sustrai Erakuntzak aztertu berri du aire zabaleko magnesita-meategiaren eragina Erdizen, Artesiagatik gertu. Proiektu honen ondorioz, ingurumena larriki kalteturik suertatuko da, eta Monte Alduide Kontserbazio Bereziko Eremua kolokan geratu. Hala ere, MAGNA enpresaren proiektu berrien eragin latzak ez dira hemen bukatzen. Erdizen egin nahi dutenaz gain, enpresak beste proiektu bat aurkeztu du Zubirin, hor duten minerala tratatzeko planta handitzeko asmoz.
Operazio honen testuingurua behar bezala ulertzeko, komeni da enpresa honen hainbat datu ezagutzea. Nafarroako Gobernuak emandako Ingurumen-Baimen Integratuaren arabera, enpresak urtero gehienez 200.000 tona magnesitatik eratorritako produktu ekoitz ditzake, eta bestelako produktuetako 80.000 tona. Horretarako, urtero 4.500.000 metro kubiko ur behar ditu, Zubiriko faktoriaren ondotik pasatzen den Arga ibaitik hartzen dituenak; horrekin batera, Eugi eta Borobíako (Soria) aire zabaleko meatzetan eskuratzen dituen 400.000 tona mineral ere erabiltzen ditu. Minerala prozesatu ahal izateko, 40.000 tona petrolio-koke, 4.500.000 metro kubiko gas natural, 20.000 Mw elektrizitate eta 350 tona gasoil kontsumitzen ditu.
Azken egunotan gainetik aztertu dugun planta zabaltzeko dokumentazioan, enpresak urteko ekoizpena 70.000 tona gehiago handitu nahi du.
Egungo ekoizpenarekin, Zubiriko enpresa da Nafarroan airea gehien kutsatzen duena, Nafarroako Ekologistak Martxan-ek salatu bezala 2016an. Urte hartan, MAGNA izan zen sufre dioxido (SO2) gehien isuri zuena Nafarroan, eta bigarrena nitrogeno dioxidoa (NO2) igortzean, PRTR-España Erregistroan jasotako isurien datuen arabera. CO2-ri dagokionez, Nafarroan gehien isurtzen duten enpresak ondokoak dira: Castejongo zentral termikoak, Olaztiko Portland eta Zubiriko MAGNA. Azken honek, 2017an, 275.501 tona isuri zituen, Diario de Navarrak informatzen zuen bezala Nafarroako Gobernuaren datuak erabiliz.
Gauzak horrela, MAGNA enpresak Artesiagan magnesita ateratzeko proiektua jende aurrean jarri zuen egunetan, Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, Zubiriko planta zabaltzeko inbertsioa foru intereseko izendatu zuen. Eta egun batzuk geroxeago, hori jakinarazi zitzaigun alegazioak egin ahal izateko zabaltze proiektu honi. Proiektu berri honekin, minerala prozesatzeko labe berri bat eraiki nahi dute, enpresan ekoizpen-linea berri bat horrela irekiz.
Beste behin ere, Nafarroako Gobernuak parte hartze publikoari trabak jartzen dizkio. Alde batetik, kontsultak uda betean zabaltzen ditu. Beste aldetik, bi prozesu aldi berean martxan jartzen ditu, zailago eginez berez teknikoki konplexuak diren gaiak aztertzeko lanak.
Aurrekoa gutxi ez balitz, Zubiriko planta zabaltzeko proiektuak Nafarroako Gobernuaren oniritzia dauka. Teorian, edozein proiekturen ingurumen-eraginaren azterketa neutrala izan beharko litzateke, ikusteko bateragarria ote den ingurumenarekin eta giza-jarduerekin. Hala ere, kasu honetan, egin beharreko ingurumen-eraginaren ebaluazioa hastapenetatik erabat desitxuratuta eta baldintzatuta dago, Nafarroako Gobernuak aldez aurretik proiektuari oniritzia eman eta “foru intereseko” izendatu duelako.
Beraz, proiektu hauen aurrean, parte hartze publikoa goitik behera baldintzatua eta biziatua dago, eta herritarrok ez dugu inolako bermerik prozesu garden eta neutral bat izateko. Gainera, Zubiriko planta zabaltzeko proiektua estuki lotuta dago Erdizen ireki nahi duten magnesita-harrobiarekin. Beraz, agerikoa da enpresaren asmoa, Artesiagan materiala ateratzeko baimena lortzerako, lehenbaitlehen martxan jartzea Zubiriko produkzio-linea. Horrela argi dago enpresak handitu nahi duela bere ekoizpena, eta horretarako Erdizeko magnesita behar duela.
Hala ere, eta duela gutxi salatu dugun moduan, uste dugu Erdizeko meategia ezin dela ireki, holako jarduerak bat egiten ez baitu bere kontserbazioarekin. Gure web orrialdean, argazki erreportaje bat atera dugu ikustarazteko ustiapen honek ekarriko lituzkeen ondorio larriak.
Erdizen harrobi-proiektua egitea ezinezkoa bada, Zubiriko plantaren zabaltzea ez da bideragarria. Beraz, MAGNAren proiektua bertan behera uztea eskatu egin behar da.
Baina badira arrazoi sakonagoak proiektu honi ezetz esateko. Lehenago esan bezala, enpresak sekulako erregai fosil kontsumitu egiten du (petrolio-kokea eta gas naturala bereziki). Labe berri bat jarriz gero, kontsumoa halabeharrez handiagotuko da.
Kontuan hartu behar da enpresa hau kutsatzaileenetariko bat dela Nafarroan, sufre eta nitrogeno dioxidoan, eta Aldaketa Klimatikoan hainbeste eragiten duen CO2an, lehen esan dugun bezala. Baldintza hauetan, planta berriak kontsumo energetikoa areagotu eta kutsatzaileen emisioa handitzea ekarriko luke. Oso esanguratsua da enpresak aurkeztutako proiektuaren dokumentazioan aipamenik ez egitea aldaketa klimatikoan eduki dezakeen eraginari, erabat derrigorrezkoa dena 21/2013 legean, ingurumen-ebaluazioari buruzkoan.
Are gehiago. Ez dago onartzerik enpresak eta Nafarroako Gobernuak enplegua erabiltzea txantaje moduan holako proiektuak justifikatu ahal izateko. Enplegua eta ingurumenaren defentsa ez daude elkarren aurka, askotan planteatzen duten moduan; aitzitik, elkarren aurka daude multinazionalen diru-gosea edozein bide erabilita eta ingurumena eta enplegu sostengarria defendatzen dugunon artean. Nafarroako Gobernuak egiazko “foru interesa” izan beharko luke ahalik eta lasterren neurriak hartzeko enplegua banatu eta sortzeko, aldaketa klimatikoa eta eredu energetikoaren aldaketa kontuan hartuta.
Bistan da MAGNAren asmoa, Monte Alduide Kontserbazio Bereziko Eremutik magnesita ateratzeko, lotuta dagoela haren ekoizpena handitzeko intentzioarekin. Bi proiektu hauekin aurrera eramanez gero, Nafarroan hurrengo urteotan ingurumenari eta oreka klimatikoari egin litezkeen erasorik gogorrenak izanen lirateke. Gaur egun bizi dugun testuinguruan, non larrialdi klimatikoa eta baldintza sozioekonomikoak okertzen ari diren, holako proiektuek ez dute tokirik, eta okerreko norabidetik eramaten gaituzte. Bada garaia ingurumenari erasoak gelditu eta aldaketa klimatikoak eskatzen duen trantsizio soziala eta enplegu duina sortzeko. Sustrai Erakuntzak dei egiten die Nafarroako herritarrei proiektu txikitzaile hauen kontra jarri eta alternatiba justuagoen alde aritzeko. Ez dago denbora galtzerik.