Sustrai Erakuntza Iruñea eta Euskal Y-ren arteko prestazio handiko trenerako (AHT) proiektu berri baten iragarpenaren aurrean

    es 7 Aza 2015 - Audio eta bideo, Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Portada del documento inicial del proyecto, recibido por los ayuntamientos y otras entidadesEspainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Iruñea eta Euskal Y-ren arteko prestazio handiko trenbide (AHT) berriaren proiektuari buruzko aurrekontsulta epea zabaldu du, egitasmoaren ingurumen-inpaktu azterketa egite aldera… Baina prentsa oharra irakurri baino lehen Irati Irratian egindako elkarrizketa bat entzun dezakezu, bai hemen edo archive.org webgunean:

    … Hala, azterketa horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriez iritzia emateko 30 eguneko epea dutela jakinarazi die ministerioak Nafarroako eta EAEko gobernuetako hainbat saili, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako 30 inguru udali eta Euskal Herriko zenbait talde ekologistari, besteak beste.

    Espainiako Gobernuak plazaratutako egitasmoan, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren zigiluak azaltzen dira. Sustrai Erakuntzarako horrek esan nahi du azpiegitura garesti eta alferrikako horren aldeko apustuari eusten diotela gobernu horiek guztiek.

    Trenbide proiektuari buruz ministerioak igorri duen dokumentazioan ikusten denez, Espainiako Gobernuak balizko lau ibilbide proposatzen ditu nafar AHTren eta Euskal Y-ren arteko lotura egiteko (horietatik bat aukeratu beharko litzateke). Lau ibilbideak Iruñerriako Zuasti herritik abiatuko lirateke; lehenbizikoa Tolosaraino, bigarrena Beasaineraino, hirugarrena Ezkio-Itsasoraino eta laugarrena Gasteizeraino:

    • F korridorea: Zuasti – Tolosa, Aralar mendilerroa zeharkatuko luke tunel haundi baten bidez.
    • E korridorea: Zuasti – Beasain, Aralar mendilerroa zeharkatuko luke Lizarrustitik gertu.
    • H korridorea: Zuasti – Ezkio-Itsaso, Alzania mendiak zeharkatuko luke Altsasutik gertu.
    • V korridorea: Zuasti – Gasteiz, Sakana mutur batetik bestera zeharkatuko luke eta ondoren Arabako Lautada.

    AHTren korridoreak Sakanatik barna, Guaixe aldizkariak egindakoa, lehen AHT Geldituk egindako lan batean oinarrituta
    Prestazio Handiko Trenaren korridorearen planoa Sakanatik barna.
    Guaixe aldizkariak egindako lana, lehen AHT Geldituk egindako lan batean oinarrituta

    Sustrai Erakuntzak kritika gogorra egin die Espainiako Gobernuak agertutako asmoei, eta “hauteskundeen aurreko lehen iragarpena” dela adierazi du. “Orain aurkeztu dituzten lau alternatibak ezagunak ziren aspalditik, eta burugabekeria hutsa dira, ekonomiari nahiz ingurumen kalteari dagokionez”. Lau ibilbide horietako lehen hirurek ingeniaritza-lan eskerga egitea eskatuko luketela, tartean dauden mendikateak gainditu ahal izateko (lehen kasu bietan Aralar, hirugarrenean Altzaniako mendiak), eta beraz euretako edozein oso garestia eta ingurumen-inpaktu handikoa suertatuko liratekeela.

    Zuasti eta Gasteiz artekoari, berriz, “itxuraz merkeagoa eta inpaktu txikiagokoa” deritzo Sustrai Erakuntzak. Haatik, alferrekotzat dute hori ere, “ez bailuke hobetuko gaur egun existitzen den trenbidea“. Azaldu dutenez, dagoeneko badago trenbide bat Iruñea eta Gasteiz artean, baina Espainiako Gobernuak ez du aurreikusi hori aprobetxatzea, haren paraleloa izango litzatekeen azpiegitura guztiz berria eraikitzea baizik.

    Iruñetik Altsasura bitarteko zatian bide bakarrekoa da gaur egungo linea, baina bigarren bidea gehitzeko aukera egon badago, trenbidea egin zen une beretik aurreikusita baitzegoen hala egingo zela etorkizunean, eta beraz Adifek, Espainiako Estatuko trenbideak kudeatzen dituen enpresa publikoak, baditu erreserban horretarako behar dituen lur sailak.

    Trenbide berrian orduko 250 kilometroko abiaduran ibiliko lirateke trenak, eta nola bidaiariak hala merkantziak garraiatzeko erabiliko litzateke. “Ez dio oraingoari funtsezko hobekuntzarik ekartzen“, dio Sustrai Erakuntzak. AHT egiteko korridore proposamenak “gehiegizko gastu ekonomiko eta ingurumen eraginengatik zentzugabekeriak dira”. Porlanaren espekulazio ekonomikoaren garaira bueltatzea dela dio Sustrai Erakuntzak, “tren plataforma berria eraikitzea proposatzen baitu, egungoa ez ikusia eginez edo ahaztuz”. Eta txostenean bi aukera ahaztu egiten dituzte: zero alternatiba, ezer ez egitea, edo egungo trenbidea berritzea. Diru publikoa xahutu beharrean “egungoa berritzeko aukera errealak eta ekonomikoak kontuan ez izatea” salatu du fundazioak.

    SUSTRAI Erakuntza fundazioa
    www.fundacionsustrai.org eta www.sustraierakuntza.org
    sustrai@fundacionsustrai.org

    Argia aldizkaria, Berria egunkaria eta Guaixe aldizkarietatik hartutako testua, mila esker!.

    Portada del documento inicial del proyecto, recibido por los ayuntamientos y otras entidades