2015ko abenduaren 30ean Nafarroako Gobernuak Aroztegiako egitasmo urbanistiko espekulatzailearekin aitzin egitea erabaki du. Aroztegiako proiektua, UGPS-a bezala bideratzea hasiera batean UPNren gobernuak abiatu zuen arren, Geroa Bairen gobernuak joan den astean hartutako erabakiaren bitartez, bidegabekeria hau babestea erabaki du… Prentsa oharrarekin jarraitu baino lehen Eguzki Irratian egindako elkarrizketa bat entzun dezakezu, bai hemen edo archive.org-en:
Oroitarazi nahi dugu UPNk hauteskunde bezperetan tarrapataka hartutako erabaki honek herritarren eta tokiko erakundeen erabakitzeko eskubidearen gainetik pasatzea izan duela helburu. Erregimenaren ohiko jokatzeko modu zikin eta iruzurtian egin zen.
Orain, eguberrietako giroan eta urte zahar bezperan Geroa Bairen gobernuak gauza bera egin du. Geroa Baik ere, presaka eta korrika, Baztango Batzar Nagusiak zein Lekarozko herriaren eskaerari uko eginez, gutxi batzuen interes espekulatzaileak herritarren interes orokorren gainetik jarri ditu. Batzar Nagusiak eta Lekarozko herriaren eskaeratik aparte aste batez 900 sinadura bildu ditu Aroztegia…eta gero zer? plataformak Nafarroako Gobernuari UGPSa gelditzeko eskatuz. Lekarozen, 359 biztanle dituen herri batean, 228 etxebizitza egiteak ez du inongo justifikazio sozialik. 40 hektareako lur ez urbanizagarria birkalifikatzeko aitzakia bezala erabili da hotela eta golf zelaia. Baztango Udalak, etxebizitzak kenduta, proiektua garatzeko aukera eman zion promotoreari baina enpresak uko egin zion eskaintza honi. Baztango Batzar Nagusia zein Lekarozko herria argi eta garbi mintzatu dira lurren birkalifikazioaren kontra, baita enpresa pribatu batek herri lurrak zein herritarren lur pribatuak modu honetan bereganatzearen kontra ere. “Aldaketaren Gobernua” babestu dutenen alderdien artean Geroa Baik bakarrik egin du inposizio eta “pelotazo” honen alde. Beraz, noren interesak defenditzen ditu gobernu honek?
Nabarmena da UPN eta Geroa Bairen jokaldiaren antzekotasuna. Gutxiengoan gobernatzen ari diren alderdi politikoek UGPS-aren figura erabiltzen dute gutxiengo baten interesak inposatzeko, herritarren erabakitzeko eskubideari muzin eginez. UPNk egiten duen bezalaxe, harria bota eta eskua gorde nahi du Geroa Baik erabaki teknikoa izan dela erranez. Erabaki teknikoa izan da hauteskundeak pasatu arte esperatzea? Urtezahar bezperan erabakia hartzea? Txosten tekniko guztiak bukatu gabe erabakia hartzea? Ez, erabaki politikoak izan dira, erabaki politikoa den bezala kapitalaren mesedetara dagoen eta honelako iruzurra bultzatzen duen gobernua izatea. Geroa Bairen gobernuak hartutako erabakiak zoritxarrez erregimenaren jarraipenaren aitzinean gaudela ziurtatzen du. Aktoreak aldatu dira baina pelikula berdina ikusten ari gara. Gogor salatu nahi dugu Geroa Baik aldaketaren aldeko indarren laguntzarekin boterea lortu ondoren horrelako iruzurra egitea Lekaroztar, Baztandar eta Nafarroako herritar guztiei.
Guzti honengatik, bai Sustrai Erakuntzak zein Aroztegia…eta gero zer? Plataformak, argi dugu gure ardura, zein aldaketaren alde egiten duten indar politiko zein eragile sozial guztien ardura bidegabekeri hau salatzea, eta ardurak eskatzea dela. Beraz, erabaki hau atzera egin ezean, espediente honen arduradun izan diren Isabel Elizalde (Landa Garapena, Ingurugiro eta Tokiko Administrazioko kontseilaria) eta Manu Aierdiren (Nafarroako Gobernuko lehenbiziko lehendakari ordea eta Ekonomia Garapenerako kontseilaria) berehalako dimisioa eskatzen dugu.
Bukatzeko, oroitarazi nahi dugu Sustrai Erakuntzak Aroztegia…eta gero zer? plataformarekin batera, Nafarroako Gobernuaren akordioaren aurka epaitegietara jo duela. Aldi berean, segituko dugu Aroztegiako proiektua zein Nafarroan inposatzen ari diren makro proiektu espekulatzaile guztiak gelditzeko lan egiten eta erregimenaren jokabide guztiak salatzen.