Esperantzaren mintzoa: Esperanza Ursuaren elkarrizketa Eguzki Irratian

    es 27 Mar 2026 - Audio eta bideo

    Orain dela egun batzuk Esperanza Ursua Sesma, biologian doktorea eta Sustrai Erakuntzako kidea, Eguzki Irratiko Xoroen Mintzoa saioan izan zen luze eta zabal bioaniztasunaren inguruan mintzatzen. Orain berriz entzun dezakezu elkarrizketa sarrera honetan…

    Esperanza Ursuari elkarrizketa Eguzki Irratian (gaztelaniaz)

    2009an Johan Rockström zientzialariak lur planetaren orekarendako adierazle gisa ezarritako 9 mugetatik bioaniztasunarena da okerren dagoena. Bioaniztasunaren galerak jokoan jartzen du ekosistemek autoerregulatzeko duten ahalmena eta, horrenbestez, baita bizitza bera ere. Izan ere, espezieen 6. suntsipen masiboaren aurrean egon gintezke, eta honakoak, aurrekoek ez bezalaxe, jatorri antropikoa du, antropozenoaren aroan murgilduta baikaude erabat.

    Elkarrizketan mundu mailako adierazle hauek guztiak Nafarroako testuingurura ekartzen dira: Nafarroako Gobernuak argitaratutako desagertzeko arriskuan dauden espezieen katalogoak aditzera ematen du goranzko joera espezieen galerari dagokionez, 90. hamarkadan kaleratu zuen aurreko katalogoarekin alderatuz gero. Zenbait landare-espezieen distribuzio-zonaldeetan ere aldaketa esanguratsuak antzeman izan dira, klima aldaketa eta lurren erabilerarengatik iparralderantz mugitzen ari direnak.

    Izan ere, nola ari gara gure lurra kudeatzen? Zeintzuk dira nekazaritzaren intensifikazioaren ondorioak? Zer paper dute Nafarroako ubideari esker labore ureztatu izatera pasa izan diren lurrek? Zer eragin dute lurren kontzentrazioak eta laboreen homogeneizazioak? Zer inpaktu dituzte berriztagarrien makroproiektuek, mehategiek, makroustiategiek? Azken finean: zer nolako eragina du lurraren gehiegizko esplotazioak gure bizitzan eta inguratzen gaituzten izakienean?

    Galdera hauek guztiek, bai eta industria, ekonomia eta politikarekin zerikusia duten beste batzuek ere osatzen duten puzzle konplexu honi argi pixka bat jarriko dio gure kideak elkarrizketa honetan. Ikuspegi antropozentrista eta pragmatismoaz harago, biodibertsitaren inguruan hausnarketa egiteko parada. Milesker Espe!