Espainiako Auzitegi Gorenak behin betiko utzi du baliogabean Nafarroako Hiri Hondakinen Plana

    es 3 Ots 2015 - Audio eta bideo, Hondakinak eta errausketa, Prentsa oharrak

    Nafarroako Zabor Plana epaiari buruzko gaurko prentsaurreko une bat

    Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazio-Auzietarako 5. sekzioak atzera bota du Nafarroako Gobernuak aurkeztutako helegitea eta, beraz, baliogabe utzi du Nafarroako Hiri Hondakinen 2010-2020 Plan Integratua. Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntza fundazioak eraman zuten plana auzitara. (Arankoan egin dugun prentsaurrekoari buruzko testua irakurtzen jarraitu, eta baita ere epai osoa jaso, audioa, argazkiak…)

    Baina harira joan baino lehen, adierazpenaren audioa ere entzun dezakezu (bai hemen edo archive.org webgunean), Euskalerria Irratian egindako lanaren esker:

    Nafarroako Zabor Plana epaiari buruzko gaurko prentsaurreko une bat

    Epaileek Nafarroako Gobernuari adierazi diote planean errauskailurako kokapenak zehaztu behar zirela baita kokapen horietarako arrazoiak eman ere. Datu horiek plana onartu ondorengo dokumentu batean jasotzeak legeak halako tramitazioetarako agintzen duen herritarren parte hartzea eta bestelako bermeak ukatzen dituela dio epaiak. Nafarroako Auzitegi Gorenak dagoeneko 2013ko lastailaren 10eko epaian arrazoia emanen zien Sakanako Mankomunitateari eta Sustrai Erakuntza fundazioari. Epai hartan gobernuak Ingurumen Eragin Adierazpenaren tramitazio epeetan legezko epeak gainditu zituela jaso zen.

    «Hondakinak kudeatzeko inolako plangintzarik ez dago orain Nafarroan, nahiz eta Europak legez eskatzen duen». Horixe erran du Sustrai Erakuntza Fundazioko abokatu Eduardo Santosek. Erakunde horrek nabarmendu du Espainiako Auzitegi Gorenak «behin betiko» utzi duela hutsean Nafarroako Gobernuak 2010. urtean zaborrak kudeatzeko onartutako plana. Ondorioz, plan hori moldatzeko gobernuak egindako zirriborroak ere ez duela baliorik argi utzi du Sustrai Erakuntzak. «Gobernuak hutsetik hasi behar du beste plan bat egiten, herritarrek parte hartzeko duten eskubidea bermatuz».

    2010. urteko plana onartu zuenetik gobernuak egindako urratsak aztertu ditu Sustrai Erakuntza Fundazioak, eta «legez kanpo» aritu dela salatu du. Erakunde horretako presidente Martin Zelaiak argi utzi du Auzitegi Gorenaren sententziak ontzat jo dituela Sustrai Erakuntza Fundazioaren argudioak. «Azken epaiak agerian utzi du Nafarroako Gobernuak 2010. urtean onartutakoa plan bat ere ez zela; asmo hutsak baino ez zituela jasotzen orduko testuak, inolako plangintzarik gabe». Zelaiak erantsi du plangintzarik eza «egiturazko arazo bat» dela Nafarroako Gobernuan.

    Egoera horren adibide, gobernuak 2010. urtetik egindako bidea aipatu ditu Zelaiak. Urte hartan onartutako planak errauste planta eraikitzea jasotzen zuen. «Planta hori egiteko zen aurrekontuaren %90», gogoratu du Zelaiak. Non eraikiko zuten ez zuen zehaztu planak, eta horregatik, bertzeak bertze, atzera bota zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, 2013an, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak aurkeztutako helegiteen harira, hain zuzen ere.

    Gobernuak berak errauste planta eraikitzeko aukera bazter utzi zuen aurretik, 2012. urtean. Eta 2010. urteko planak zehaztutako bidetik at, zaborra Olatzagutiko Cementos Portland lantegian erretzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Udalez gaindiko sektore plan baten bidez ireki zuen gobernuak hori egiteko aukera.

    Zuzenketak eta zirriborroa

    Nafarroako epaileek hondakinak kudeatzeko plana bertan behera utzi eta gero, erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak. Gainera, plana moldatzeari ekin zion. Iazko urriaren 28an epea zabaldu zuen testu berri horri zuzenketak aurkezteko, azaroaren 21a bitarte. «Zuzenketak zeri egin behar zitzaizkion ezin dugu jakin, ordea, gobernuak ez baitzuen testurik jarri zuzenketa horiek jasotzeko martxan jarritako webgunean», salatu du Santosek. Erreferentzia bakarra 2010. urteko plana zen.

    Prozesu horren emaitza badu gobernuak: 2010. urteko plana berrikusiko lukeen zirriborroa. Auzitegi Gorenak ere 2010eko testua bertan behera utzi eta gero, zirriborro horrek ere ez duela deusetarako balio berretsi du Sustrai Erakuntzak. «Legeak zehazten dituen urratsak beteko dituen plana egin behar du orain gobernuak, hutsetik hasita», nabarmendu du Zelaiak.

    Zirriborro horren bidez, zaborra Olatzagutiko lantegian erretzeko aukerari bidea eman nahiko lioke gobernuak, 3Mugak Batera plataformak salatu duenez. Sakanako Mankomunitateko arduradun Aitor Karasatorrek ere bat egin du iritzi horrekin, eta argi utzi du susmoa duela Olatzagutiko lantegia gobernuak eraiki nahi zuen errauste plantaren «ordezko» bilakatuko dela.

    Sustrai Erakuntza Fundazioko Martin Zelaiak erantsi du zirriborro horretan gobernuak ez duela zaborra gaika biltzeko aukerari eta moduei buruz gogoetarik egin. «Ez du ematen eragindako hondakinen kopurua murrizteko benetako asmorik dagoenik».

    Eduardo Santos abokatuak argi utzi du Olatzagutiko aukera mahai gainean dagoela, baina erantsi du egitasmo hori «geldirik» dagoela. «Egia da gobernuak eta enpresak hitzarmena sinatu zutela, baina osatutako jarraipen batzordeak ez du bilerarik egin. Dena dago airean. Inolako plangintzarik ez baitago».

    (Guaixe aldizkaria eta Berria egunkaria webgunetik hartutako testuetatik moldatuta).

    Nafarroako Zabor Plana epaiari buruzko gaurko prentsaurreko une bat

    SUSTRAI Erakuntza fundazioa
    www.fundacionsustrai.org eta www.sustraierakuntza.org
    sustrai@fundacionsustrai.org