MAGNA enpresak aurkeztutako txostena aztertzeko izan genuen denbora laburrean, eta gure iritzi osatuagoa eman aurretik, Erdizera hurbildu ginen tokia bertatik bertara ezagutzeko. Lekuan enpresa magnesita ustiatzeko aire zabaleko meategi bat egin nahi du. Hona hemen egin genituen argazkiak eta horien inguruko analisiak.
Aire zabaleko magnesita meategia leku menditsu batean ireki nahi dute, Artesiagako mendatetik gertu. Haraino iristeko NA-1740 errepide estua hartu behar da argazkian ikusten den bezala. Proiektuaren arabera, errepide hau zabalduko litzateke 6 km-ko ibilbide osoan, Artesiaga puntaraino, eta 6-8 metroko zabaleraz bere bide osoan.
Egungo errepideak haran estuak eta pagadi trinkoak zeharkatzen ditu. Ibilbidea, oro har, oso aldapatsua da. Hortaz, ezinezkoa da errepidea moldatzea ingurumenari kalte egin gabe, are gutxiago kontuan hartzen bada errepide-zati berriak egin nahi dituztela, hurrengoan ikusiko dugun bezala.
Goiko argazkian ikus daiteke errebuelta itxi bat egungo errepidean, Artesiagarako bidean. Lehenago esan bezala, proiektuak aurreikusten du trazadura berri bat, oso pikua dena haranaren hegal batetik, pagadi trinkoan barrena. Trazadura berriak errebuelta oso itxiak kenduko lituzke, argazkikoa bezalakoak. Hau eginez gero, bi espazio artifizial geldituko lirateke hainbat lekuetan: alde batetik, egungo errepidea, erabilerarik gabe; beste aldetik, errepide berria, egunero 105 kamioi ibil daitezen, proiektuak aurreikusi bezala.
Hemen ikus daiteke Artesiagako lepoa, argazkiaren eskuinaldean. Horixe da egungo errepidearen tokirik altuena.
Proiektuaren arabera, magnesita-harrobira iristeko Artesiagako lepotik gora pista bat eraiki nahi dute, mendi hegal piku honetatik. Pistaren bukaera, gutxi gorabehera, argazki hau hartu den tokian egonen dela, beste lepo altu batean.
Mendi-hegal hau oso malda pikua da, eta pista berria ezinbestez oso aldapatsua izan beharko litzateke. Pista 1200 metro luze izanen litzateke, eta 8 metro edo gehiago zabal, bi kamioi batera pasatu ahal izateko. Argazkian ikusten ahal den bezala, pista hau egitea ez da lan erraza eta ingurumenean eragin handia eta bortitza sortuko luke.
Goiko argazkian ikusten ahal dira aire zabaleko magnesita meategia eta instalazio osagarriek eragindako eremuaren hegoaldea eta mendebaldea.
Aurrez aurreko bizkarrean, goitik beherako bi banda dituena, (goian ibilgailu txuri bat dago) materiala birrintzeko eta sailkatzeko zein kamioiak betetzeko makinak egonen lirateke.
Pixkat bat goraxeago dagoen gailurra Zaguako Kaskoa da. Bertan kokatuko litzateke ustiatzeko lehen meatze-zuloa, “Corta Sur” delakoa. Horrela gailur hau erabat desagertuko litzateke, eta gero bigarren fase batean, berriz beteko litzateke bigarren meatze-zuloko hondakinekin.
Gailur honen eskuinean, eta pittin bat atzeraxeago, lepo luze bat ikusten da eta ondoren beste gailur txikia. Zonalde honetan bigarren meatze-zuloa kokatuko litzateke, “Corta Norte” izenekoa. Kasu honetan, gailur hau ez zen erabat desagertuko.
Atzean dagoen ibarrean “Escombrera Norte” hondakindegia egonen litzateke, hondakinak, lurra eta aprobetxagarria ez den materiala goitik behera botatzeko.
Hauxe da aurreko argazkian ikusi dugun lepo luzea, eta eskuinean, atzeman daiteke gailur txikia.
Argazkia hartu den tokian “Corta Sur” izeneko lehen meatze-zuloa dugu (argazkia Zaguako Kaskoaren ondoan hartuta dago).
Bigarren meatze-zuloa, “Corta Norte” delakoa, argazkian agertzen den eremu belartsu osoan egonen litzateke, zabalduko litzatekeena bai ezker aldera (hurrengo argazkian ikusiko dugun moduan) baita eskuin aldera ere (argazkian azaltzen den gailur txiki hartaraino, erabat desagertuko ez dena).
Goiko argazkiak aukera ematen digu aurreko argazkiaren ezkerraldean ikusten ez zen gailur osoa antzemateko. Parajeak Araongo Harria du izena.
Bigarren meatze-zuloa (Corta Norte) zabalduko litzateke argazkia hartutako tokitik gailurreraino, bizkarraren gainetik. Gainera, “Corta Norte” honi gehitu beharko genioke argazkian ikusten ez den zatia, atzerantza.
Beraz, bigarren mehatze-zulo hau lehenengoa baino zabalagoa izanen litzateke eta bazka-lekuak erabat txikituko lituzkete.
Azkenik, argazkiaren eskuinaldean, behi txuriak bazkatzen ari diren eremu berean, hondakindegia egonen litzateke. Jarraian argiago ikusiko dugu.
Hauxe da MAGNA enpresak hondakinez bete nahi duen ibar zabala. Ibar handi bat da, oso kubeta sakona eta zabala osatzen duena, bere goiko eremuan behintzat.
MAGNA enpresak aurkeztutako aurreproiektuaren planoen arabera, hondakinen bete-lanak iritsiko lirateke argazkia hartutako alturaraino, aurreko argazki batean eskuinean agertzen zen gailur txikia baino pixka bat beherago.
Hauxe da ibarraren beste argazki bat, Araongo Harriatik hartuta. Ongi ikus daiteke aurre-aurrean ibarraren sakonera. Beherago ibarra estutzen da, eta han-hemenka arbolak eta zuhaixkak daude.
Hauxe da ibarraren beheko eremua, Erdizaga errekatik gertu ikusita. Bertan preziatzen ahal dira elorriak, gorostiak, pagoren bat,….
Harrobia eginez gero, ibarraren zoko hau hondakinez beteko litzateke, 100 metroko altura eta 35 graduko malda lukeena. Ideia bat egiteko, izanen litzateke horma pixka bat etzana eginen bailitzan, ibarraren zati honetan.
Ondoko argazkian ikus daiteke zabortegi bihurtu nahi duten ibar honetatik behera datorren errekatxoa. Argazki hau 2019ko uztailaren 31an hartu egin zen. Orduan ere errekasto honek ura zeraman Erdizaga errekan bukatu baino lehen. Proiektuak aurrera eginez gero, ur bide hau desagertuko zen.
Argazki hau Baztandik Artesiagara doan errepidetik hartuta dago, hain zuzen ere, errepide bera eraiki zuten frankismoaren esklaboen omenez dagoen eskulturaren ondoan. Bertatik ikus daitezke desagertuko lirateke bi gailurrak harrobi megaproiektu honekin.
Eskuineko gailurra Zaguako Kaskoa da eta erabat desagertuko litzateke lehen meatze-zuloaren ondorioz. Ezkerrerantza dagoen lepotik eta argazkiaren ezkerrean dagoen Araongo Harriaren gailurreraino izanen litzateke bigarren meatze-zuloa.
Bistan da, Artesiagatik gora joanda Baztandik, paisaiari eginen zaien erasoa oso nabaria izanen dela.