Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea handitzeko saiakera berria

    es 30 Ira 2024 - Makroustiategiak, Prentsa oharrak

    Valle de Odieta enpresak eta bere filialak (HTN) urteak daramatzate instalazioak handitu nahian, administrazioa ezartzen ari den erregulazio guztien aurka. Orain 1450 txahalentzako granja berri bat jartzen saiatzen ari dira. Proiektu honi alegazio hauek jartzera animatzen zaitugu, urriaren 14ra arte dago epea. Hemen dituzu argibideak alegazioa betetzeko eta aurkezteko

    Epai judizial bati esker, abere kopurua gaur egun baimenduta dituzten hainbat adinetako 7.800 bururaino zabaltzea lortu zuten. Baina horrekin pozik ez, eta 2023an instalazioak 11.372 abelbururaino handitzeko proiektua aurkeztu zuten jendaurrean. Zabaltze basati hori izapidetzen ari den administrazio-espedientea stand-by egoeran geratu dela dirudi, eta orain arte ez dakigu zer erabaki hartu den eta zer egin den.

    Duela gutxi, NAOren bidez izan dugu Valle de Odietako beste handitze proiektu baten berri. Enpresak etxalde berri bat eraiki nahi du Caparroson, gaur egungo makroetxaldetik oso gertu. Bertan, txahalak haziko lituzkete, ekoizteko prest dauden behi helduak izan arte.

    Gogoratu behar da Caparrosoko egungo makrogranjak 7.200 behi heldu eta 600 txahal izateko baimena duela, eta, beraz, bere instalazioen zati bat behi helduentzat da. Txahalen funtzioa, beren eskema produktibistan, jadanik hainbeste esne ekoizten ez duten behi helduak ordezkatzea da. Baina, jakina, txahal horiek instalazioetan edukitzeak eragotzi egiten die baimendutako abelburu guztiak produkziorako soilik erabiltzea.

    Horrela, badirudi enpresak instalazioak handitzeko “aurkitu” duen modua, baimendutako abelburu kopurua mantenduz, ekoizten ez dituzten animaliak beste instalazio batera ateratzea dela, eta animalia produktiboak besteen ordez sartzea. Honela, instalazio hauetan esnea ekoizten duten animalien kopurua handituko litzateke, bai eta hauen ingurumen inpaktua ere.

    Enpresak etxalde berria egungo makrogranjatik 3 km pasatxora kokatzea proposatu du. Aldi berean, elektrizitatea eta hondakinen kudeaketa bezalako zerbitzuak egungo makrogranjarekin partekatzea planteatzen du. Horrela, txahalendako etxalde berri hau egungo makrogranjaren handitze tazitua izanen litzateke. Handitze hau ezkutuan egingo litzateke, biak ekoizpen-nukleo beraren parte izango bailirateke. Azken batean, Valle de Odieta makrogranjaren handitzea aurrera eramango litzateke, Estatuko eta autonomia-erkidegoko legediek baimentzen dutenaren oso gainetik.

    Gure ustez, hori ez da jendaurrean jarritako dokumentazioaren aurretiazko azterketa batean identifika daitekeen irregulartasun bakarra. Agiri gutxi, hutsune asko eta ingurumen-inpaktuen azterketarik ez duen espediente bat dugu aurrean. Honela, behar bezalako azterketa eragozten da eta instalazio berri honek ingurune natural garrantzitsu batean (Bardeetan) izan dezakeen inpaktua jakitera ematea ere eragozten da. Izan ere, etxalde berria Erret Bardeetako KBEarekin muga egingo luke, 4 metroko zabalerako landa-bide batek besterik ez bailituzke bereiziko.

    Gainera, kontuan izan behar da negozio pribatu hau Caparrosoko herri-lurretan ezarri nahi dela. Horrela, nafar guztiei dagozkien baliabide naturalak enpresa pribatuek ustiatuko lituzkete berriro ere, haien kapitala gizentzeko. Nafarroako ondarea azken urteetan pixkanaka pobretu izanaren beste adibide bat dugu hau, alarma guztiak piztu beharko lituzkeena.

    Nafarroako ondarea pobretu nahi da Kontserbaziorako Lurzoru Urbanizaezin gisa kalifikatuta dagoen lurzoru batean, Ingurumen Balioagatik, Mendi Mosaikoagatik eta Laborantzagatik. Lurzoru hauek, plangintza araudiaren arabera, ingurumen balio handia dute, florari eta faunari babes handia ematen dietelako eta laboreen baliabide trofikoa aprobetxatzen dutelako. Lurzoru hauen funtzioa, batez ere, ustiapen naturala bada ere, paisaia eta ingurumen osagai bikaina dira. Horregatik, jarduketek paisaia sinplifikatzea eta laboreen artean dauden landaredi-masak luberritzea saihestu behar da. Inguruko paisaiaren balioa aldatzen ez dituzten eraikuntzak baino ezin dira egin.

    Aldi berean, kontuan izan behar da Nafarroako zati handi bat, bereziki Erdialdeko eta Erriberako lur emankor gehienak, Nitratoz Kutsatzeko Arriskupeko Eremu izendatu dituztela. Makrogranjek, oro har, eta, bereziki, Caparrosoko Valle de Odietak, ingurumen inpaktu larriak eragiten dituzte, lurzoruak, urak eta atmosfera nitrogenoaren deribatuekin kutsatzen dituztelako, beste batzuez gain. Horregatik, bada garaia Nafarroako Gobernuari exijitzeko, berriro ere, laxo izateari utz diezaion eta utz diezaion eremu horietan makrogranjak bezalako nekazaritza eta abeltzaintza jarduera industrial kutsagarriak baimentzeari.

    Valle de Odieta eta HTN filialaren kasuan, Nafarroako Gobernuak hainbat irregulartasun aurkitu ditu kudeaketan bere historia osoan, eta kasurik garrantzitsuena Aragoi ibaiaren eremu babestuak 2021ean jasan zuen kutsadura izan da. Gertakari horren ondorioz, bi enpresak judizialki ikertzen ari dira. Duela gutxi, auzitegiak ebatzi du ingurumen-delitu baten zantzuak egongo liratekeela, ustez enpresa horietakoren batek egindakoa.

    Horregatik guztiagatik, Sustrai Erakuntza fundazioak jendarteari jakinarazi nahi dio Caparrosoko Valle de Odieta instalazioak handitzeko ezkutuko beste saiakera bat egiten ari direla. Nafarroako Gobernuak ez du konplize izan behar Nafarroako natura ondareari, ekosistemei, osasun publikoari eta tokiko abeltzaintza sektore jasangarriari erasotzen dieten jarduera eta proiektuekin. Sustrai Erakuntzatik deialdia luzatzen dugu proiektu honen aurkako alegazioak aurkezteko eta gizartea sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko deia egiten dugu abeltzaintza-eredu industrialaren aurrean eta elikadura-subiranotasun iraunkorraren alde.

    Jesus Arbizu (Txurio) eta Martín Zelaia, sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.

    Greenpeace, Valle de Odietak sortutako kutsadura aztertzen…