Caparrosoko makro-ustiategiak adiskidetze ekitaldira deitu duen taldeei babesa emateko eskaera

    es 7 Mar 2022 - Audio eta bideo, Hondakinak eta errausketa, Makroustiategiak, Tresnak, Ura eta urtegiak

    Valle de Odieta-HTN enpresak (Caparrosoko makroustiategiaren eta Soriako Noviercasen proiektatu duten beste baten jabea) 14 elkartetako 15 pertsona adiskidetze ekitaldi batera deitu ditu martxoaren 30ean. Enpresak irainak eta kalumniak leporatzen dizkigu makroustiategiaren egoerari buruzko informazioa zabaltzeagatik. [Zure babesa adierazteko inprimakira zuzenean joan…]

    Bideoan talde guzkiak azaltzen dugu zergatik gaude egoera honetan.

    Caparrosoko makroustiategiaren egoerari buruzko informazioa zabaltzean ustezko adierazpen iraingarriak egin izana leporatzen digu enpresak. Zitazioaren arabera, enpresak uste du kolektibook ustez bere izen onari kalte egin diezaiokeen informazioa zabaldu dugula, Nafarroako Parlamentuan 2021eko irailaren 10ean entregatu zen txosten bati erreferentzia eginez.

    Txostenak 178 orrialde ditu, gehienak dokumentu eta datu ofizialei dagozkienak, eta 7 baino ez dira kolektiboek egindako orriak, zeintzuetan txostenaren gainerako edukia laburbiltzen den. Gainerako 171 orrialdeak hainbat erakunderen dokumentuak dira, hala nola Nafarroako Gobernuarenak, edo iturri ofizialen datuetan (Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentua) eta makroustiategiak Administrazio Publikoaren beraren espediente administratiboen arabera egindako arau hausteetan oinarrituta egindako txostenak.

    Txostena aurkeztu genuen taldeen asmoa ingurumena defendatzea zen, eta Martzilla eta Alesbesko bizilagunen uraren kalitatea babestea. Era berean, iritzi publikoaren eta gobernuen aurrean adierazi nahi genuen industria-ustiapeneko eredu horiek problematikoak, kutsatzaileak eta jasangaitzak direla.

    Gure asmoa ingurumena defendatzea eta administrazio publikoei ingurumena babesteko betebeharra bete dezatela eskatzea izan arren, orain prozesu judizial posible bati aurre egiteko beharrean aurkitzen gara, adiskidetze ekintza kalumniak eta irainak egin izanagatiko prozesu judizialaren atarikoa baita.

    Ziur gaude egoera honek enpresaren estrategia bati erantzuten diola, gure kolektiboak beldurtzeko eta abeltzaintza eredu horrek dakartzan ondorioak ezagutu ez daitezen. Hori ez da gauza berria, enpresa askok SLAPP izenez ezagutzen den estrategia horretara jotzen baitute. Eragile boteretsuek, gehienetan enpresa handiek edo bulegoek, gai publikoen inguruan irregulartasunen bat salatzen dutenak isilarazteko aurkeztutako eskariak dira. Eskaera horien biktima ohikoenak ekintzaileak, kazetari independenteak edo ikertzaileak dira, sistema demokratikoetan ezinbesteko zaintza funtzioa betetzen dutenak.

    Industria-ustiapeneko abeltzaintza-ereduak ondorio oso larriak dakartza kokatuta dagoen ingurunerako. Animalien aurkako tratu txarrei buruzko eztabaidaz harago, hainbat ondorio kaltegarri daude ingurumenean eta gizartean. Sortutako hondakin kopuru handiaren kudeaketaz ari gara, nitratoek eta beste elementu batzuek lurrak eta akuiferoak ezinbestean kutsatzeaz. Industria-eredu horrek nekazaritza-arloan erregai fosilekiko, ongarri inorganikoekiko eta antibiotikoekiko mendekotasunean sakontzen du, soja eta ganadua elikatzen duten beste monolaborantza batzuk landatzeko deforestazio-dinamikak mantentzen ditu, bai gure inguruan, bai munduko beste leku batzuetan. Eredu horrek enplegua sortu ordez, makro-ustiategietako landa-ingurunean bizi diren pertsonen bizitzak prekarizatzen ditu, baliabideak monopolizatzen ditu, eta epe ertainean ez du aberastasunik sortzen, galerak baizik.

    Horregatik, elikadura burujabetzan oinarritutako ereduen alde egiten dugu, zikloak, baliabideak eta ondasun naturalak errespetatu eta zaintzen dituztenak, biodibertsitatea sustatzen dutenak eta merkaturatze-zirkuitu laburrak sortzen dituztenak. Larrialdi klimatiko baten atarian gaude, nazioarteko krisi ekonomiko betean, gero eta erregai fosil gutxiago dagoelako. Ez da sekretua lehorte urteak etorriko direla. Horregatik, gure ingurunea gutxi batzuen onura ekonomikoengatik hipotekatzea arduragabekeria tamalgarria dela uste dugu, eta, beraz, informazioa gizarteratzen, sareak ehuntzen eta itxaropena eta inertzia iraunkorrak dakartzaten ereduak sustatzen jarraituko dugu.

    Orain da garaia erakusteko gizarte zibilak ingurumena zaintzen jarraitu behar duela eta enpresa handi batek ere ez duela hori saihestuko. Orain, inoiz baino gehiago, Nafarroako talde eta pertsonen batasuna erakutsi behar dugu, beren interes ekonomikoak interes publikoen eta ingurumenekoen gainetik jarri nahi dituzten horrelako enpresen aurrean.

    Honekin guztiarekin, aipatutako taldeei babesa adierazteko deia egiten dugu, eta iragartzen joango garen hurrengo ekitaldietan parte hartuz.

    Sinatuta: adiskidetze-ekitaldira deitutako erakunde guztiak: Alnus, Marcilla Viva, Asamblea Soberanía Alimentaria, REAS Nafarroa, Asociación Hacendera, Compañía de las Tres Erres, Asociación Lurra, Ekologistak Martxan – Ecologistas en Acción, Urbizi Nueva Cultura del Agua, Etxalde Movimiento Social de Campesinas de Euskal Herria por la Soberanía Alimentaria y una Agricultura Duradera, Greenpeace, Landare, Mugarik Gabe Nafarroa Asociación para la Ayuda y Cooperación con los Pueblos del Sur, eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.

    Egingo ditugun eta dagoeneko baieztatuta dauden ekintzak, zure edo zuen erakundearen babesa adierazteko balio dezaketenak:

    1. Martxoaren 26an, larunbata, 12:30ean, elkarretaratzea Foruen Monumentuaren aurrean (Sarasate pasealekua).
    2. Martxoak 30, asteazkena, 10:00etan, elkarretaratzea eta prentsaurrekoa Nafarroako Auzitegiaren aurrean (Elio Epailearen plaza, Iruñea).

    Zurea, edo zure erakunde edo entitatearen babesa erakusteko, klikatu esteka honetan eta bete eskatutako datuak. Eskerrik asko!!

    Abeltzaintza industriala STOP – Ez gaituzte isilduko


    Caparrosoko makrogranjaren inguruan nitratoekin kutsatutako uraren laginak hartzen. Iturria: Greenpeace.