Beharrezkoak dira parke eoliko gehiago Nafarroan?

    es 29 Eka 2020 - Audio eta bideo, Energia, Prentsa oharrak

    Nafarroako Gobernu ezberdinek, hastapenetik, energia eolikoaren ezarpena bultzatu dute gure mendi eta zelaietan. Aski da gogoratzea, estatuko parke eoliko zaharrena Erreniagako mendizerran, El Perdonen, kokatua dagoela eta 25 urte bete berri dituela.

    (Iritzi artikulua irakurri baino lehen, hemen duzu Xorroxin Irratiak egin digun elkarrizketa, testua laburbiltzen duena ere).

    Ordutik hona, erraldoi beso-luze horiek gure tontor eta zelaietan agertzen ikusi ditugu. Errotekin batera, parkeek, pista eta bide zabalen irekiera, zuhaiztien desagerpena, lur mugimenduak, hegaztien hilkortasuna, paisaiaren eraldatzea eta zarata ekarri dituzte.

    Parke hauek Nafarroako hegoaldean ugaldu ostean, Larraga, Valtierra, Tutera edo Buñuel bezalako herrietan aurkako jarrerak piztuta, badirudi proiektuak iparraldera zabaldu nahi direla. Sacyr enpresak, adibidez, Iruñerria iparraldean 5 parkeren eraikuntza aurreikusten du, Odieta, Juslapeña, Ezcabarte, Olaibar, Anue, Esteribar, Eguesibar, Lizoain y Erro bailarako udalerrietan.

    Arro horiek bereizten dituzten tontorretan ezarri nahi dituzte, Mendurro, Aldaun, Txapardi, Ortxikasko, Arromendi, Elixato, Ilurdotz, Lakarri edo Measkoiz bezalako mendi ezagunetan, Egulbatiko jaurerriko eta Eliako kontzejuko paisai babestuak kaltetuz. Eragin larrian sorraraziko lituzkete pagadi, harizti. erkamezti, pinudi, eta bestelako baso mistoetan, hala nola espezie babestuak dituzten hainbat ekosistematan, animaliak edo landareak direla.

    Baina ez da proiektu bakarra. Atzetik beste batzuk datoz, Pirineo aldeko Nafarroan edo Kantauri isuri aldekoan, Lesaka eta Bera artekoa bezalakoa, Auzoberri baserriz beteriko Lesakakoko auzoan.

    Mugak.

    Jada 2012an, Nafarroako Plan Energetikoak zioen foru erkidegoa energia eolikoaren sorketan soberakinduna zela. Indarrean dagoen 2018ko Nafarroako Plan Energetikoaren datuen arabera, urtean zeharreko 100 egun inguru, energia elektriko berriztagarriaren ekoizpen soberakina Nafarroatik kanpo bidali beharrean gaude.

    Datu hauekin, eta azpiegitura hauek ingurumenean dituzten eraginak ezagunak izanik, zergatik Nafarroako Plan Energetikoak uzten du enpresek azpiegitura eoliko erraldoiak jartzen jarrai dezaten gure ingurumenaren kaltetan?

    Ekoizpen berriztagarria ezinbestekoa da aldaketa klimatikoari eta natur baliabideen agortzeari aurre egiteko, baina hauen mugak kontuan hartu behar dira eta gure ustetan Nafarroan, gaur egungo kontsumoarekin, ekoizpen eolikoa da muga horiek jo dituen bakarra. Errotak biraka ditugun egunetan, gaur egun behar dugun elektrizitatea baino gehiago eskaintzen digute. Parke eolikoak bikoiztuko balira, haize egunetan, Nafarroak bere eskaera elektrikoa estalirik izaten jarraituko luke, baina enpresek askoz elektrizitate gehiago izanen lukete kanpora saltzeko. Haize gutxiko egunetan, gure elektrizitate eolikoaren estaldura eskasa izaten jarraituko luke. Edozein kasutan, ingurumenarekiko eragina bikoitza izanen litzateke.

    Enpresak, udalak eta gobernuak.

    Egoera hau izanik ere, Nafar Gobernuak zerrenda bat osatu du errotak kokatzeko ontzat ematen dituen kokapenekin, zenbat kokatu, zein potentziakoak eta non enpresek erabaki dezaten. Tokian tokiko udal eta gobernuek esparru honetan duten erabakitze gaitasun eskasa eta hauen finantziazio bitartekoen urritasuna probesten dute enpresek udalek erroten instalazioa diru truke onartu dezaten. Nafar Gobernuari dagokionez, Ingurumen departamentuak parke batzuen ezarpena galarazi du, baina gainontzeko departamentuek parke hauen ezarpena erraztu edo lagundu egiten dute. Honela, balantzea positiboa da enpresentzat, garrantzi eskasekoa erkidegoaren hornikuntza eolikoarentzat eta negatiboa gure ingurumenarentzat.

    Gobernuak lehiatila hutsak bihurtu dira, non enpresek gure inguru naturaleko zatien jabetzak eskatu ditzaketen, haien irabazien zati baten truke. Natur baliabideak enpresen negozioaren zati bat balira bezala ikusten dituen sistema bat.

    Proposamenak.

    Aldaketa klimatikoari eta natur baliabideen agortzeari, egoera honetan kokatu gaituzten prozedurak alboratuta egin behar zaie aurre. Lortu beharreko helburua %100-ean energia berriztagarriekin elikatutako gizartea eta finantza onuren ordez, lehentasuna zerbitzua izanen duen eredu ekonomikoa izan behar dira, oinarri demokratiko eta ekologikoetan oinarrituta.

    Aldaketa klimatikoa dela eta, erregai fosilen alboratze mailakatua artikulatuko duten politikak behar ditugu. Politika horiek energia berriztagarrien igoera eskatzen dutenean, ekarpen berri hori ingurumenean eragin txikiena duten energia berriztagarrien eskutik etorri beharko litzateke. Foru erkidegoan, eolikoaren potentzialaren garapena proportzioz kanpokoa da beste iturri berriztagarri batzuen aldean, mikroeolikoa edo fotoboltaikoa adibidez. Bi hauen garapen potentziala handia da eta ezaugarri interesgarri asko dituzte; jada badiren azpiegituren optimizazioa, autokontsumoa bultzatzea, erabilera eta kokapen balizko aniztasuna, jada urbanizaturiko eremuetan, inguru naturala eragin gabe.

    Natur baliabideen agortzea dela eta, alde batetik, gure kontsumo energetiko neurriz kanpokoa murriztu beharra dugu. Konturatuta gaude baliabideak ez direla agortezinak, ezin gara kontsumo adimengabean mantendu. Nafarroaren aztarna ekologikoa zein den jakin eta gure lurraldeak eskaintzen dizkigun aukera biofisikoetara egokitu beharra dugu. Garraioa da, nabarmen, erregai fosil gehien kontsumitzen duen jarduera. Joan-etorri premiak murriztu eta garraio publiko eta elektrikoa bultzatu beharra dugu. Beste alde batetik, dugun ekoizpen eta kontsumo ereduaren aldaketa artikulatu beharra dugu. Daukaguna lineala da; baliabideak ingurutik hartu, erabili eta bota egiten ditu. Ekonomia zirkularra behar dugu, ekoizpena hondakinik ez sortzeko moduan diseinatuko duena.

    Ez dugu aukera hobeagorik. Energia kontsumoa optimizatu eta murriztu, energia berriztagarriekin hornituko diren antolaketa sistema eta moduak ezarri eta kalte gutxien eta hurbilen dauden energia berriztagarrien erabileraren alde egin beharra dugu. Gainontzeko ez da jasangarria.

    Mikel Saralegi Otsakar, Sustrai Erakuntza fundazioko presidentea.
    (Artikulu hau gazteleraz bakarrik zegoen lehenengo iritzi artikulu baten laburpen bat da)