Beste denboraldi bat gehiago da Sakanan proiektu handien inposaketaren mehatxua jasaten dugula. Proiektu hauek gure osasuna eta ingurumena arriskuan jartzen dute. Hori gutxi ez balitz, gaur egun krisian dagoen ekonomia eta gizarte eredua mantentzen dute. Horien aurrean, Sustraiek, beste giza eragile batzuekin batera, proiektu hauen aurrerapena oztopatu eta baldintzatzeko lan egin du ahal duen moduan.
Hala ere, gaurko hausnarketan beste iniziatiba batzuk txalotu nahi ditugu. Iniziatiba hauek ez diote erresistentziarik jartzen kapitalismoari, beste aukera batzuk ireki baizik. Gure etorkizuna positiboki eraikitzen eta ingurumenarekin oso lagungarriak direnak alegia.
Atsegin ditugu bereziki kontsumo arduratsuan kokatzen diren jarduerak.
Atsegin ditugu gure hondakinak gutxitzeko saiatzen diren kanpainak, berrerabiltzea eta birziklapena bultzatuz, atez ateko bilketa bereziak, hondakin organikoaren konpostajea barne, edo festetan edalontzi berrerabilgarrien erabilpena.
Atsegin ditugu energia berriztagarriak erabiltzeko ahalmenak, adibidez Goiener edo Energia Gara kooperatiben bitartez, energia arloko multinazionalak gure diruarekin gehiago ez aberasteko.
Eta batez ere, atsegin ditugu bertako elikagaien ekoizpen ekologikoa bultzatzen dituzten proiektuak, kontsumo taldeen bitartez, Lugorri bezala adibidez.
Hiru adibide praktiko bakarrik dira, autogestioan, autonomian eta gizartearen indarrean aurreratzea ahalbidetzen dutenak, munduko eta bertako botere ekonomikoaren inposaketari aurre egiteko, botere politikoa ekonomikoaren menpe baitago.
Guaixe Sakanako Aldizkarian argitaratuta.