Aralarko gasbidea, proiektu eta ingurumen inpaktuaren laburpena

    es 30 Aza 2022 - Energia, Sustraiko txostenak

    Orain dela gutxi Auzitegi Gorenak “onura publikoko aitorpena” berretsi zion 2019ko apirilean Nedgia Navarra SA enpresak Nafarroako Gobernuaren laguntzaz aurkeztutako proiektuari, zeinetan Aralarko Mendizerra Etxeberritik Lekunberriraino zeharkatuko duen gasbide baten eraikuntza aurkezten den, Lekunberriko Albiasualde industria poligonoraino gas naturala eramateko helburuarekin. Auzitegiaren epaiaren ondoren, eraikuntza lanak edozein momentutan has litezke.

    Momentu historiko honetan, zeinetan ez bakarrik petrolioaren krisia, – honen produkzioak seguruenik 2018. urtean gaina jo zuen – baizik eta baita gasarena ere gainera datorkigun, zeinaren produkzio gaina 2030. urte ingururako espero baiten, uste dugu beharrezkoa dugula egoerak agintzen duen bezala jokatzea, epe motzera izanen ditugun arazoei aurre egin ahal izateko. Gure ustez, honelako azpiegitura megalomano bat aurrera eramateko alimaleko diru kopuruak inbertitzea, zeinak Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremuko zein inguruetako ekosisteman galera izugarria suposatuko duen, gas naturalaren produkzioaren jaitsiera hain gertu dugun eszenatoki honekiko guztiz kontrako norabidean doa, izan ere, azken finean, proiektatutako azpiegiturak baliagarritasun motza izanen luke, gehienezko errendimenduko horniketa bermeari dagokionean.

    Honako dokumentuan proiektuaren funtsezko ezaugarriak agerian utzi nahi ditugu, baita bere garaian egin zen Ingurumen Inpaktuko Azterlanarenak eta aurkeztu genituen alegazioenak ere.

    Ibildibearen trazaketa

    Hasierako proiektuan 4 trazaketa aukera aurkeztu zituzten:

    • 1. Aukera: Zuhatzutik hasita, Satrustegi, Egiarreta, Madotz, Oderitz, Astitz, eta Allin barna, Aralarko Mendizerrako Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) zeharkatzen.
    • 2. Aukera: Etxeberri-Irurtzundik hasita, Plazaolako Bide Berdea jarraituz.
    • 3. Aukera: Leitzatik hasita, A-15 autobidearen trazaketaren parte bat jarraituz.
    • 4. Aukera: Etxeberritik hasita, Oderitz, Astitz eta Allin barna, Aralarko Mendizerrako KBEko 5 km zeharkatuz.

    Azpiegituraren ezaugarriak

    Aurkeztutako lau trazaketa aukeretatik, Ingurumen Inpaktuko Azterlana egin ondoren, 4. Trazaketa izan zen aukeratutakoa. Hauxe izanen da hemen laburtuko duguna. Trazaketa hau Etxeberrin dagoen distribuzio saretik abiatuko da, hau ere Nedgia Navarra SA enpresaren esku dagoena, eta Lekunberriko udalerrian dagoen Albiasualde industria poligonoraino iritsiko da. Hala ere, horniketa ez da Lekunberriko herrira iritsiko. Trazaketak 14.671 metroko luzera izanen du, 8 metroko zabalera, zeinetan eraikuntza lanak egin bitartean landaretza deuseztatuko duen, 0,8 eta 1,5eko zabalera lurrazalaren arabera eta 6 hazbeteko diametroa. Hornikuntzarako antena altzairuzkoa izanen da eta hornitutako gasaren presioa 16 bar izanen da. Lanek 6000 zuhaitz baino gehiago moztea suposatuko dute.

    Argilurrek egindako Ingurumen Inpaktuko Azterlana

    Argilur enpresak 2019an Ingurumen Inpaktuko Azterlana aurkeztu zuen. Honetatik azpimarratu nahi dugu 1. eta 3. Trazaketa aukerak Aralarko Mendizerrako giltzarriak diren elementuetan eragina izanagatik (harkaitzak eta landaredi eta espezie bereziak) eta paisaia baliotsuetan barna pasatzeagatik. Hala ere, azterlan honetan 4. Trazaketaren alde egiten da, hauxe ere 5kmz Aralarko KBEan zehar pasako delarik. 4. Trazaketa aukera honetatik, azterlanean honako balizko inpaktuak aditzera ematen dituzte:

    • Azterlanak ez ditu arrisku geofisikoak edota hidraulikoak jorratzen, izan ere, hondeaketaren tamaina “metro bateko sakonera duen zanga estu“ bezala deskribatzen du, eta horrenbestez adierazten du “oso litekeena“ dela “ezer ez pasatzea“. Nahiz eta, jarraian, gainazalaren irregulartasunaz eta karstifikatutako kalizez ohartarazten duen eta zuhurtzia eskatzen duen.
    • Hidrogeologiari dagokionez, aukeratutako trazaketa Latasako errekarga eremutik pasatuko da (Larraun ibairako deskarga, Latasa eta Irurtzun artean), Irañetatik (Irañeta eta Huarte-Arakilgo iturburuetarako deskarga) eta Iribastik (Aitzarreta eta Iribaseko iturburuetarako deskarga). Azterlanak inguruan dauden iturburu eta akuifero epikarstikoez ohartarazi egiten du eta errekarga zonalde eta akuiferoen kutsadura, “kalteberatasun handitzat” jotzen du. Izan ere, inguruko lurrazalean “formazio litologiko iragazkorrak“ dira nagusi eta lan eremutik, terrigenoak, petrolio-eratorriak eta kimiko kutsatzaileak irits litezke akuiferoetara eta handik ur bilketa eremuetara. Azterlanak hau “nolabaiteko arriskutzat“ jotzen du, baina “itzulgarria eta berreskuragarria“, lanen fasera bakarrik mugatzen delako, eta hortaz, “behin-behinekoa“ baizik ez baita. Nahiz eta geroxeago dio “tamaina baxua dirudiela, garrantzia handia“ eta “inpaktuaren maila […] latza”.
    • Florari dagokionez, azterlanean nabarmentzen dute Aralarko Mendizerrako KBEan Nafarroako Mehatxupeko Floraren Katalogoan agertzen diren bi espezie mota daudela eta baita goi mendietako landare propioak ere, azterlanak gai honi dagokionez eraikuntza lanen inpakturik “ez dela existitzen” dioen arren.
    • Aralarko KBEak zenbait animalia mota ere hartzen ditu barne: sai arrea, sai zuria, ugatza, okil ertaina, okil beltza, baso-igel jauzkaria, gailurretako uhandrea, sagu lepahoria, basasagua, muxar grisa, soro-muxarra, basakatua, lepazuria, katajineta, basurdea eta orkatza. Azterlanak dio, eraikuntza-lanak hazkuntza garaitik kanpo egingo balira, inpaktua “baxua” litzatekeela.

    Alegazioak

    2019. urtean inguruko zenbait biztanlek, afektatutako zonaldeen administrazioek, Larraungo Kalaxka taldeak eta Sustrai Erakuntza fundazioak alegazioak aurkeztu zituzten. Alegazio hauetan honakoa nabarmentzen zen:

    • Trazaketen alternatiben azterlanak eta bideragarritasun analisiak ez zuten zorroztasunik, aukera bakoitza baztertzeko zituzten arrazoiak behar den bezala ez baitzituzten justifikatzen.
      • Inoiz ez da Zero Alternatibaren inguruan hitz egin. Honek ezer ez egitea suposatzen du, hau da, Lekunberriko industria poligonoan dagoen gas natural horniketa bere horretan uztea, hots, zisterna-kamioiekin. Ingurune-araudiaren arabera, nahitaezkoa da beti Zero Alternatiba aztertzea, beste aukera bat bezala. Kasu honetan ez da hau egin.
      • 2. Aukeraren kasuan, proiektuan esaten zen trazaketak Plazaolako Bide Berdea jarraitzen zuela, baina hau ez da honela. Izan ere, alternatiba honek proposatzen zuen trazaketa hein handi batean Larraun ibaiaren eskuineko ertzetik zihoan, Plazaolako bidea ezkerretik doalarik. Honek eragiten du alternatiba honen analisiak gastu ekonomiko eta ingurune inpaktu handiagoak izatea, Plazaolaren bidea benetan jarraitzea aztertu izan balitz baino, edo Irurtzun eta Lekunberri elkartzen dituen NA 1300 errepidea jarraitu izan balitz. Bi aukera hauek alternatiba honen ingurune-inpaktua gutxituko lukete, izan ere, espazio honetan dagoeneko infraestrukturak existitzen dira.
      • 3. Trazaketa, Leitzatik datorrena, NORTEGAS (Euskadi) azpiegituraren 16 bar-eko horniketa-bermearen inguruko zalantzengatik baztertu egin zuten. Hala ere, Kalaxka elkarteak Eusko Jaurlaritzan eginiko kontsulta eta gero, honek esan zuen ez zegoela horniketa-presioaren inguruko arazorik. Argi geratu zen, beraz, ingurumen-inpaktua gutxitzen duten alternatiba teknikoak ez zirela bilatu eta tramitatzeko errazak eta ekonomikoak diren alternatiben alde egin zela.
    • 4. Alternatiba, hau da, Ingurumen Inpaktuko Azterlanak egokiena zela baieztatuagatik aukeratu zena, giza presentzia txikia dagoen eta balio natural handia duten zonaldeetatik igaroko litzateke, Aralarko Mendizerrako KBEn eragina izanik eta babestutako zonaldeetan inpaktu bortitza izanik. Azterlanak berak dio trazaketa hau 5kmz pasako litzatekeela Aralarko KBEtik. Gas horniketarako eraikuntza obrek gainazal zein lurrazpian izanen lukete eragina eta honek 6000 zuhaitz baino gehiagoren mozketa suposatuko luke, baita zuhaitz-masen haustura, bide-zorren sorrera, eta eragina animaliengan, paisaian eta sistema karstikoan. Proiektuak, gainera, KBE baten barneko barrera desnaturalizatu bat ezarriko luke eta faunaren mugikortasunarendako garrantzia handiz katalogatuak izan diren zonaldeekiko lotura mugatuko luke, zuhaitz-masa eta sastraken jarraikortasunarekin hautsiz.
    • Aukeratutako trazaketa pasako zen zonaldeak malda handiak ditu, Ingurugiro Inpaktuko Azterlanak onartzen duen bezalaxe. Honek mozketa eta aldapa handiak egitera behartzen du enpresa, 8 metroko zabalerako “kalea” lortu ahal izateko, zeinetatik gas hodia pasako bailitzateke. Honezkero, deuseztatuko litzatekeen landaredia toki askotan 8 metro baino askoz handiagoa litzateke, 15-16 metroko zabalerara erraz asko iritsiko litzatekeelarik. Hau, batez ere, Etxeberri eta Oderitz arteko trazaketan gertatuko litzateke. Gainera, buztintsuak diren lurzoruak izanik, erosio arriskua oso handia da.
    • Proiektuak 2 milioi euroko aurrekontua du. Aurrekontu honekin oso zaila da aurreikusitako lan guztiak baldintza onetan aurrera eraman ahal izatea. Izan ere, proiektuak ez du baso-berritze azterlanik bere gain hartzen, gasbidea pasatzen den eta horrenbestez andana bat zuhaitz botako liratekeen zonaldeetarako. Horrez gain, uste dugu malden neurriak ez daudela ongi eginak, eta honek ere aurrekontua garestituko luke. Kalkulu independenteek diote proiektua 6-7 milioi eurora iritsiko litzatekeela.
    • Proiektuak akuifero garrantzitsuetan eta haien errekarga zonaldeetan izanen luke eragina, ur edangarriaren hornikuntza arriskuan jarriz, Ingurumen Inpaktuko Azterlanak berak egiaztatzen duen bezala. Izan ere trazaketa guztiak ia beti kalteberatasun erdi-altua duten lur eremuetatik pasatzen dira, hauen azpian ur errekargaeta deskarga zonaldeak egonik, Larraun-Lekunberri eta Arakil-Irurtzun zonaldeetako herri gehienak hornitzen dituztenak. Honek ur edangarriko eta giza kontsumorako oso garrantzitsuak diren iturriak jarriko lituzke arriskuan. Balioetsi da 2. eta 3. Trazaketek (NA 1300 errepidea jarraituz joanen litzatekeena), Ingurune Inpaktuko Azterlanak baztertu zituen horiek ez zutela inongo inpakturik izanen ur edangarrian.
    • Bestalde, proiektuak ez du inolako neurririk planteatzen trazaketan barna haitzuloak edota osinak agertuko badira. Zonalde hau hein handi batean karstikoa izanik, ez dute, beraz, zonaldeko ondare geologiko garrantzitsua aintzat hartu, zeinetan aurkikuntza espeleologiko handiak egin izan diren.
    • Azkenik, nabarmentzekoa da proiektuak zeharkatzen dituen landa eremuetan sortuko lukeen inpaktu sozioekonomikoa. Proiektuak eremua zatituko luke, nekazaritza eta abeltzantza nagusi diren eremu batean bide-zorrak sortuz, aldi berean desegituraketa soziala eraginez bai landa eremuan, bai lehen sektorean. Izan ere, proiektuak bazkalekuak zein nekazal lurrak modifikatuko lituzke eta garapen eredu honek eragin larriak izango lituzke nekazaritzan.

    Aralarko gasbideari ez – beste eredu bat posible da

    Beste behin ere enpresa handiek gizadiarentzako oinarrizkoak diren ondasunekin espekulatzen duten egoera baten aurrean gaude. Enpresek gobernuen eta pertsonengatik erabakiak hartzen dituzte, haien interes pribatuak ekosistemaren interesen aurretik jartzen dituztelarik. Ezin dugu onartu jada antzinako garaietan jentilek trikuharriak eraikitzen zituzten eta egun babestuta dagoen natur eremu baten erraiak erabat deuseztatuta geratzea, zertarako eta gehienez hamarkada gutxiko erabilgarritasuna, haren gehieneko errendimenduari dagokionean, izan dezakeen azpiegitura baten mesedean. Neurrigabeko hazkunde hau, zeinetan Kapitalismoa elikatzen baiten mundu finitu honen baliabideak ad infinitum ustiatzen, azken astinduak ematen ari da. Nahitaezkoa da, horrenbestez, ekonomia energetikorako beste eredu bat planteatzen hastea, desazkundean oinarrituta, bizitza duin baterako beharrezkoak diren giza-beharrak betetzeari utzi gabe.