
Uztailaren 1ean, asteazkenarekin, Adif-ek eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak 6 milioi euroren esleipena iragarri zuen 13,2 km izango dituen Campanas eta Iruñea arteko plataforma berriaren trazaketa, Zizur – AP 15eko tunela eta Etxabakoitzen eraiki nahi duten tren-terminal berriaren obra zibila zehazteko.
Iragarpen hau ez da inolaz ere berri ona Nafarroarentzat. AHTak dakarren gastu antisozialak aurrera darrai: 6 milioi Campanas eta Iruñea arteko azterketa berriarendako, 2026an jada gastatu ditugun 53 milioi, 2025ean xahutu genituen 157,7 milioi euro… eta abar AHTaren Komisionatuak martxoan iragarri zituen 1.600 milioi eurotara iritsi arte, Castejón eta Iruñea arteko tartearendako bakar-bakarrik.
Ez da batere berri ona, izan ere, diru hau guzti hau ez delako momentuko premietara ihardesteko balio izaten ari, bakarrik TREN SOZIAL batek aintzakotzak hartuko lituzkeena: deskarbonizazioaren premia, kalitatezko garraio publiko baten premia, pertsonak eta herriak eguneroko beharretarako konektatzeko premia, lurraldea eta haren aberastasun naturala ahalik eta gehien kontserbatzeko premia, existitzen diren azpiegiturak probesteko eta hobetzeko premia, azpiegitura berriak eraikitzeko xahuketa eta deuseztaketaren ordez.
Azkenik, agerian jarri da nafar gizartearekiko mespretxua. Orain dela gutxi 260 kolektibo baino gehiagok Abiadura Handiko Trenaren kontrako manifestu bat izenpetu zuten obren paralizazioa eta ingurumen irizpideak eta irizpide sozialak lehenesten dituzten tren-alternatibak defendatzea eskatzen zuena. Honen aurrean, beste behin ere, Nafarroako eta Espainiako Gobernuen progresismoak botere ideologiko eta ekonomikoen alde egitea nahiago izan du. Obra zentzugabe honek ez dezan gehiago aurre egin askoz ere presentzia, presio eta herri-mobilizazio handiagoak behar izango ditugu aurrerantzean.
