Gaur, hemen, Etxarri Aranatzen, STOP AHT zundaketak Ekimenak deiturik, Iza, Sakana, Goierri eta Lautadari eragiten dien eremuan zundaketak hasi dituztela salatu eta aurre egiteko deia zabaltzeko elkartu gara.
Orain dela bi aste inguru, Espainiako garraio azpiegitura agintariek esan zuten, AHTaren Nafarroako korridorearen eta euskal Y-aren arteko tartean, AHTaren proiektu informatiboa egiteko zein aukera hartuko zuten erabakitzeko omen diren zundaketak egiten hasiko zirela. Bailara horietan aurkitu duten aurkakotasunak eragin dizkien zailtasunengatik Ministerioko lurretan eginez, behin-behineko okupazioen bidez eta urgentziaz egingo zituztela zehaztu zuten. Esan eta egin.
Aurreko asteko ostegun goizean Otxobiko herritar batek, zundaketak egiteko baimenik eman ez duen eta egingo zirelako jakinarazpenik jaso ez zuen bere udalera jo zuen, trenbide ondoan zundaketa egiteko makina bat zegoela eta ur eske ari zirela esanez. Udaleko ordezkariak bertaratu zirenean ADIFeko lurretan ari zirelako aitzakian hala-moduzko baimena erakutsi eta ur eskaera berretsi zuten. Bertako ura erabiltzeko udalaren ezetzaren aurrean, eta makina eta ura haraino eramateko herriko bideak erabiltzeko baimenik ez badute ere, ura kanpotik ekarri eta zundaketarekin aurrera jarraitu dute.
Zoritxarrez, ez gertaerak ez moduak ez gaitu harritu. AHTa mehatxu larria da pairatzen ari diren eta egin asmo duten bailara guztietan eta tokian tokiko herritar eta erakunde asko beren esku dagoena egiten saiatzen dira kaltea gelditzeko. Ugariak eta anitzak dira herritarrek eta udalek AHTrik nahi ez dutela adierazteko erabilitako moduak: manifestazioak, mendi martxak, txirrrindula martxak edota berriki Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan tarte honetan zuzenean kaltetutako udalerrietako alkateen %73k babestutako adierazpena, besteak beste. Ahalegin guzti hauek ez dira alferrik, orain arteko ekimenek azpiegitura bera osotasunean geldotzea eta Nafarroako korridore eta euskal Y-aren arteko tartean zehazki, urte eta erdiz atzeratzea lortu dute. Gainera, lehen zundaketa hau hasi nahi eta berehala eman den erantzun antolatu eta jendetsua ere, aurretik egindako lanaren emaitza da. Baina horren aurrean, herritarren borondatea aintzat hartu eta egitasmoak herritarren eta egoeraren nahi eta beharretara egokitu ordez, AHTaren negozioan interesa duten eta ahoa interes orokor hitzarekin betetzen zaien politikariek ingeneritza juridikoa darabilte, azpijokoz beren interesa gainontzeko guztioi inposatzeko. Gainera, oraingo salbuespen prozedura bera eta horren oinarri gisa argudiatu duten urgentzia ere oso zalantzazkoak dira.
Oraingoan Otxobin izan da, baina balizko baimenaren arabera, hurrengoa Uharte Arakil eta Etxarri Aranatz artean izanen litzateke, edozein momentutan, agian aste honetan.
Horregatik zundaketen aurkako protokoloa aktibatu da. Zundaketa saiakeraren baten berri edo lekuko izatekotan, zundaketen aurkako Ekimenaren telefonora (656711130) eta bertako udalera deitu. Une honetan zundaketak egiteko edozein puntutan ager daitezke. Baina horren aurrean, orain arte bezala, oso garrantzitsua da, gu guztion, herritar eta talde guztien ekimena. Egiteko bide legala aurkitu dutela diote eta legala den, ikusteko dagoen arren, horrek ez du zilegi bihurtzen. Etsita eta kikilduta nahi gaituzte, baina elkarrekin asko egin dezakegu, haien asmoak erronkatu eta gelditzeraino.
Gaur, hemen, prentsaurrekoa egiten ari gara, hasieran esan bezala, azkenaldiko gertaera larriak salatu, protokoloa martxan dagoela gogorarazi eta erne egoteko mezua zabaltzeko, jakin badakigulako zundaketa hauek eremu honetan AHTa eraikitzen hasteko lehenengo urratsak direla. Datorren larunbatean, azaroak 2, aurretik Arakilen eta Arbizu-Lakuntza artean bezala, oraingoan Iturmendi eta Bakaiku arteko zundaketa puntuetarainoko mendi martxa batean elkartuko gara eta eraso hauei erantzuna pizten jarraituko dugu. Adi hurrengo mobilizazio edota deialdiei eta protokoloaren berri zabaldu zuen inguruan. Denon arteko lankidetza oso garrantzitsua da, asko egin dezakegulako, AHTa behar eta nahi ez dugulako eta inposatu nahi digutenaren aurrean aukera on ugari daudelako.
Bailarak, basoak, errekak eta herriak bizirik nahi ditugu, AHT ZUNDAKETAK GELDITU!!
STOP AHT ZUNDAKETAK EKIMENA