Irailaren 23an, astelehenarekin, UPNren Parlamentuko bozeramaileak aspalditik dakiguna adierazi zuen. Esparza jauna kexu zen, Espainiako Estatuko gobernu guztiek AHTari buruz Nafarroari adarra jo izan diotelako, kosta ahala kosta AHTa eraiki nahi duen Nafarroa elitista eta neoliberal horri. Eta berak esan ez bazuen ere, zera gaineratuko genuke: gobernu guztiak, Esparza eta bere alderdia barne, etengabe ari direla nafarren aurkako iseka eta mespretxua areagotzen, hain zuzen ere kalitatezko tren-zerbitzu publikoak, jadanik existitzen diren azpiegiturak aprobetxatuz eta gehiengo sozialaren mesedetan defendatzen ditugunon nafarren aurka.
Adarra jotzen digutela diogu eta dirua lapurtzen digutela, izan ere, AHTaren defendatzaile horiek ez dute txosten ekonomiko bakar bat ere aurkeztu, ez eta zerbitzuei buruzkoa ere, pertsonen eta salgaien garraioaren egungo eta etorkizuneko benetako beharrei erantzuteko. Dena da “aurrerabidea”, “minutuak murriztea”, “estandar europarrak” eta gainerako hitz hutsak, propaganda hutsa eta eduki eta informaziorik gabeko publizitate-kontsigna hutsak.
Gerora, pasa den larunbatean, irailaren 28an, Manu Ayerdik “150 urterako konexioa” izeneko artikulua sinatu zuen Nafarroako Gobernuko kide ohi gisa. Abiadura Handiko Trenaren ordez Prestazio Altuko Trena ezarri zuena orain AHTaren eredura itzuli da 150 urterako konexioa eskatzeko. Artikulu honetan, Iruñetik aterako litzatekeen trazaketa (oraindik ikusteke dago eraikiko den edo ez) Euskal Y Grekoarekin lotzeko Ezkioko alternatiba defendatzen zuen, Gasteizkoa alde batera utzita. Ezer berririk ez, hauxe bera defendatzen baitu bere alderdiaren parte batek Gipuzkoan eta Geroa Baik Nafarroan.
Bere idazkian, Ayerdi jaunak dio ez duela eztabaida teknikoetan sartu nahi, baina egia ez diren argudio batzuk erabiltzen ditu. Banan bana joanen gara.
Lehenik eta behin, egungo Castejón-Altsasu trazaketan bide bakar baterako plataforma bat diseinatu zela dio. Hau ez da egia. Egungo trazatuan eta plataforman beste bide paralelo bat egin daiteke ia ibilbide osoan, Oskia inguruan izan ezik. Espazio hori duela 150 urte baino gehiago erreserbatu zen trenbidea eraiki zenean. Deigarria da orain arte inork ez ikusi izana zein agerikoa, zein erabilgarria eta zein merkea izango litzatekeen aukera honen aprobetxamendua. Denbora izan dute, AHTaren aldeko azterlan teknikoetan milioika euro gastatu beharrean.
Halaber, Nafarroan urte asko daramatzagula dio saturazio-arazoak pairatzen. Hori ere ez da egia. Egungo trazadura gutxiegi erabiltzen da pertsonak eta salgaiak garraiatzeko. Gaur egun tren gutxiago dago trenbide bakar hau zeharkatzen dutenak 70eko eta 80ko hamarkadetan baino, esaterako.
Azken 13 urteetan Nafarroan AHTaren obretan gastatu diren ehunka milioiekin, dagoeneko amaituta egon liteke Castejon eta Iruñea arteko egungo trazaduraren gaineko bide bikoitza, gutxienez.
Bigarrenik, egungo kurben eta zuzenen “diseinua” aipatzen du, 450 metrotik gorako trenak sartzea eragozten dutenak. Eztabaida teknikoetan sartu nahi ez izateko eta Europako estandarrei buruz hitz egin behar ez izateko… Austria edo Suitza bezalako hain herri “lauetara” jo dezake, merkantziak trenbidez garraiatzen diren herrialdeetara.
Hirugarrenik, iberiar zabalera aipatzen du muga gisa, baina ez dakigu zeren muga. Duela 60 urte baino gehiagotik, Talgoek Bartzelona eta Madril Parisekin lotu izan dituzte, mugan trenez aldatu gabe eta trenbide-trazadura berriak egin gabe. Beste zehaztasun falta bat, gure aldetik eskuzabalak izanik bere argudioaren kalifikazioan.
Abiadura handiko trazadura jadanik existitzen den trenaren trazadurarekin paraleloan egitea, toki berberetara joateko edo, hobeki esanda, toki gutxiagora joateko, hiriburuen artean ia geltokirik izango ez lukeelako, azken hamarkadetako aurrekontuetan legeztatutako hutsegite handienetako bat da. Ezkio alferrikako eta porrot egindako obren zerrendara gehitzen ikusiko dugu, Guadalajara, Burgos eta Tarragonako geltokiak bezala edota Castelló, Teruel eta Lleidako aireportuak bezalaxe… Errepasa dezagun beharrezkoak ez ziren edo erabiltzen ez diren azpiegituretan gastatutako dirua eta konpara dezagun egin izan diren inbertsio publikoekin.
Nafarroan AHTrako trazadura/plataforma berri bat egiteak ez du inolako justifikazio arrazionalik, ez baitu konpontzen lurraldeetako garraio publikoaren arazoa pertsonentzat zein salgaientzat.
Utzi adarra jotzeari defendaezina dena defendatuz. Esparza eta Ayerdi jaunek, PSNk bezala, dokumentuak dituzte eskura, besteak beste, Sustraik egindakoak eta duela urte zenbait parlamentuan aurkeztutakoak. Hauetan frogatzen da ez bakarrik AHTa ez dela beharrezkoa, baizik eta bideraezina dela. AHTa eta bere bertsio guztien joko hau oso garesti ateratzen ari zaigu nafarroi ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik. Tren sozial eta publikoa, orain!
Mikel Saralegi Otsakar eta Nerea Martiarena Vallero sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.