Bizikleta martxa STOP AHT zundaketak! Lurraren alde Sakana, Goierri, Lautada bizirik!

    es 18 Abu 2023 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Azken hilabeteotan, Sakanan eta Goierrin AHTrako zundaketa geologikoak egiteko baimen-eskaera ugari egin dira. Zundaketa horien helburua AHTaren Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a lotzeko bi aukerak aztertzea da: bata, Ezkiorainokoa, Aralarko mendigune osoa zulatuz eta bestea, Gasteizerainokoa, Sakana zein Lautada zeharkatuz.

    Bata zein bestea justifikaziorik gabeko eraso latzak dira, bai naturarentzat bai herrientzat, ohiko trenaren suntsiketaren beste urrats bat eta diru-xahutze onartezina, are gehiago, kolpatzen gaituen krisi eko-soziala kontuan hartuta.

    Zundaketa horiek AHTa eraikitzeko lehen urratsa direla kontuan hartuta, Stop AHT Zundaketak Ekimenak horiek guztiak berehala geldiaraztea aldarrikatzen du, mobilizazio sozialera eta inguruko udalen arbuiatzera deituz. Orain arte salaketa-elkarretaratzeak egin dira, balizko zundaketen kasuan jarduteko protokolo bat zabaldu da eta lehenengo hiru saiakerak geldiaraztea lortu da.

    Hurrengo mobilizazioen artean, abuztuaren 25etik 27ra egingo den bizikleta martxa nabarmendu nahi dugu. Horren helburua da herritarrak ohartaraztea zundaketa horiek geldiarazteko beharraz eta Goierri, Sakana, Lautada eta gainerako EHko AHTaren aurkakoen arteko harremanak sendotzea.

    Etapak honako hauek dira:

    • Abuztuak 25: Irurtzun – Olazti. Lautadako zutabea Aguraindik abiatuko da Olaztin martxara batzeko.
    • Abuztuak 26: Olazti – Ataun.
    • Abuztuak 27: Ataun – Irurtzun.

    Izena emateko, idatzi stopahtzundaketak@gmail.com helbidera edo deitu 628243066 telefonora.Animatu eta parte hartu!

    AHT STOP ZUNDAKETAK ekimena (Sakana Trenaren alde, Sustrai Erakuntza Fundazioa, AHTrik ez! Lautada, Otsotarrak, Landarlan eta AHT Gelditu! Nafarroa).

    Informazio gehiago Nafarroako AHT Gelditu Elkarlanako webgunean.