Duela aste batzuk aurreratu genuen bezala, Abiadura Handiko Trenaren proiektuak hauteskunde garaian jarri dira jendaurrean bai Iruñerrian, bai Erriberan. Talde politiko batzuei errentagarria egiten zaie AHTa eraikitzeko iragarkiak egitea, nahiz eta errealitateak esaten digun azpiegitura handi horren eraikuntzarekin gizarte guztiak galtzen duela. Eta zentzu guztietan galtzen dugu: zentzu ekonomikoan, gehiegizko kostuagatik; zentzu sozialean, AHTa martxan jartzeak dakarren tren-zerbitzuaren okerragotzeagatik; eta zentzu ekologikoan, ingurumenarentzat dituen ondorio larriengatik.
Ohar honetan laburbilduko ditugu AHTaren eraikuntzak Nafarroan dituen eragin larrienak, azken proiektuan aurkeztutakoaren arabera. Ikusiko dugunez, merkantziak eramateko gai den AHT- azpiegitura bat eraikitzen ari dira, nahiz eta plangintzak esan ezingo dituela eraman, honek dakarren gainkostuarekin. Gainera, asmoa da Iruñeko eta Tuterako geltokiak hiriko erdigunetik gehiago urruntzea, eta, aldi berean, aldiriko trenen zerbitzua murriztea eta eskualdeetako geltokiak ixtea.
Aski ezaguna denez, Nafarroako AHTaren eraikuntzaren onuradun handienetako bat Volkswagen enpresa da, trenbideren “buklea” delakoa kentzearen helburuetako bat enpresa horrentzat lurrak askatzea baita. Horrekin batera, AHTak enpresa horrek ekoizten dituen autoak garraiatzeko balioko duela iragartzen da. Baina askotan ukatu dugu hori, txosten zehatz batean erakutsi dugunez, AHTa ez baita erabilgarria izanen merkantziak eramateko.
Bada, gaur egun jendaurrean dagoen AHTaren proiektuak argi eta garbi uzten du azpiegitura honek ez duela merkantziarik eramango, nahiz eta eraman ahal izateko eraikitzen ari diren. Proiektuak honela dio:
“Debe tenerse en cuenta que existirá un nuevo escenario de explotación ferroviaria para las previsiones de tráficos en el horizonte de 2030, que modifica la tipología del material móvil y las frecuencias. La no circulación de las mercancías permite que la línea que actualmente está diseñada para tráfico mixto pase a ser una línea exclusiva de viajeros, permitiendo unas condiciones de diseño óptimas y flexibles”
Gobernuak bultzatzen duen plangintzak adierazten du 2030erako aurreikusita dagoela Nafarroako AHTa bidaiarientzat bakarrik izatea. Beraz, merkantziak eraman ahal izateko egiten ari den ahalegin ekonomikoa alferrikakoa da. Eta hau ez da txikikeria, izan ere, Kontuen Ganberak 2016an AHTaren obren egoeraren fiskalizazioari buruz argitaratutako txosten batean adierazi zuen bezala, AHTa merkantzietarako prestatzeko gainkostua “garrantzitsutzat” jotzen zuen.
Baina kostu ekonomiko handia izateaz gain, AHTa martxan jartzeak egungo zerbitzuak okertzea ekarriko luke. Alde batetik, egungo trena igarotzen den herri gehienek trenbidea garraiobide gisa erabiltzeko aukera galduko lukete, ibilbide luzeko zerbitzu guztiak galduko bailirateke, eta, beharbada, aldirikoak gutxituko lirateke, eta honek geltokiak ixtea eragingo lituzke (zenbait tokitan jada gertatu da hori).
Baina, gainera, Iruñeko eta Tuterako geltokiak hirigunetik kanpo geratuko lirateke, eta beste garraiobide batzuk beharko lirateke hara iritsi ahal izateko. Adibidez, Iruñearen kasuan, Sarasate pasealekutik kilometro eta erdira dagoen geltoki bat edukitzetik, Etxabakoitzen egotera pasako ginateke, hau da, 3,5 km baino gehiagora. Eta Tuteraren kasuan, hiriaren erdigunean dagoen geltoki bat izatetik 2,5 eta 3,5 km arteko distantziara egotera pasako ginateke, aukeratzen duten alternatibaren arabera.
Horrek guztiak tren zerbitzuak okertzea dakar. Gainera, erraz eten daitekeen zerbait da, jadanik existitzen den ohiko trenbidearen erabilera bultzatuz, bertatik igarotzen diren herri guztiak lotzeko aukera ematen baitu, eta hirien kaskoetan hobeto integratuta baitago. Bitartean, orain aurkezten duten AHTaren proiektua egungo trena hobetzeko aukerak aztertu gabe egin da. Izan ere, egungo trenbidea bikoiztu daiteke traba handirik gabe. Gizarteari ez zaio ez azterketarik ez informaziorik ematen, eta hori ingurumen-herritartasunaren arloan indarrean dagoen legediaren kontra doa.
Horrez gain, AHTaren bide berriak eraikitzeak ingurumen inpaktu larriak ekarriko ditu. Iruñerriaren kasuan, Arga eta Elortz ibaietatik gertu 7 zubibide handi eta lubeta asko egitea aurreikusten du proiektuak, eta hauek eskualdeko udalek babesten ari diren eremuak dira, Ibai Parkea deritzonaren barruan. Azpiegitura hauek, gainera, ibaiok duten uholde-arrisku larria larriagotu dezakete, Etxabakoitz auzorako aurkeztu berri den hirigintza-proiektuak aztertzen zuen bezala.
Erriberaren kasuan, proiektuak inpaktu negatiboak izango lituzke Ebroko ibaiertzeetan, Peñadil, Montecillo eta Monterreyko eremu babestuetan, eta estepako hegaztiak kontserbatzeko eremu garrantzitsuetan (gazteleraz, AICAENA). Era berean, kontuan izan behar dugu biodibertsitatearen galera dela, komunitate zientifikoaren ustez, planeta mailan aurre egin behar diogun arazo handienetako bat. Gai hori “Nafarroako biodibertsitatea, desagertzeko arriskuan dagoen bizi-baliabidea” izeneko txostenean aztertu genuen. Bertan ondorioztatu genuen baliabide hau agortzen ari dela eta Nafarroak alderdi horretan ere ez duela gainditzen.
Azkenik, ezin dugu ahantzi AHTak bere funtzionamendurako energia kontsumo handia behar duela, ohiko trenarena baino handiagoa. Eta proiektua aurrera eraman ahal izateko, naturatik atera beharreko tona eta tona lehengai erabiliko lirateke, ingurumen inpaktua handituz. Beraz, ekonomia eta ingurumen krisiak gero eta nabariagoak diren garai hauetan, bada garaia gobernuek benetako funtziorik betetzen ez duten azpiegituretan gastatzeari utz diezaioten. Ezinbestekoa da planetan sortzen ditugun ingurumen inpaktuak gutxitzea, eta horretarako Nafarroan Abiadura Handiko Trena eraikitzeari utzi behar zaio. Honengatik guztiagatik herritarrek bi proiektu suntsitzaile horiei alegazioak aurkezteko deia egiten dugu.