Azken urteotan hainbat krisi izan ditugu. Lehenik, 2008ko mundu mailako eta efektu suntsitzaileak izan zituen krisi ekonomikoa izan zen, zeinetaz 15 urte geroago oraindik ez garen suspertu. Ondoren, mundu mailako pandemia larri baten ondoriozko krisia etorri zen, eta, azkenik, prezio eta inflazio krisi berri batean murgilduta gaude, ustez, Europan eman den gerra baten ondorioz sortu izan dena. Hala ere, inori ez dio ihes egiten “koiunturazko” krisi hauen guztien azpian badagoela zerbait merkatuak funtzionatzeko darabilen eskaera eta eskaintza legeetan sor daitezken arazo soiletatik haraindi doana.
Komunitate zientifikoak jakinarazi duenez, gizateria, bere betiereko hazkundearen dinamikan, planetak dituen mugen kontra talka egiten ari da. Metabolismo kapitalista batean oinarritutako hazkundea, baliabide naturalak ahitu arte ustiatzen dituena. Kontuan izan behar dugu Lurrak sistema itxi bat bezala jokatzen duela, kanpoaldearekin trukatzen duen energia bakarrenetakoa eguzkitik iristen zaion energia delarik. Lurrak duen materia kantitatea kasik guztiz konstantea da, eta, beraz, lehenago edo geroago, erauzi eta erabil daitekeenaren mugekin egiten dugu topo.
Zientzialariek 9 muga kritiko zehaztu dituzte Lur planetaren zikloetan, eta muga horiek gainditzear egonen lirateke edota jadanik gaindituta. Azken hauek oso nabariak dira, besteren artean, Sustrai Erakuntzak Nafarroan aztertzen dituen gatazketan: biodibertsitatearen galera, adibidez, poligono eolikoetan hegaztiak hiltzeagatik gertatzen dena, edota nitrogeno eta fosforo zikloak gainezka egitea eragiten duten nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren kasua, lurzoruaren erabileran ematen diren aldaketak, eremu naturalak murrizten dituztenak, meatzeen kasuan bezala (magnesitak Erdizen edo potasa Mina Mugan), urtegiak, AHT, etab., edo erregai fosilak erretzeak eragindako aldaketa klimatikoa. Eta bizitzan inpaktu latza duten muga hauez gain, lurretik erauzi dezakegun mineral eta energia fosil kopuru mugatuaren afera gaineratu beharko genuke.
Honela, egun bizi ditugun krisialdien jatorria ekoizpen eta kontsumo sistema hegemonikoak muga horiek guztiak gainditu izana da. Beraz, pairatzen ditugun krisi sanitario, militar, ekonomiko, kultural eta sozialak egun murgilduta gauden krisi ekologiko eta baliabide-krisi larri hau dute atzean. Gertakari hauen aurrean, gurea bezalako planeta mugatu batean posible den irteera bakarra Lurrak eskaintzen dizkigun baliabide eta zerbitzu naturalen erabilera murriztea da. Murrizketa hau nahi eta nahi ez gertatuko da, edo, dagoeneko gertatzen ariko litzateke.
Egoera honen aurrean, bi modutan ekin dezakegu: Ipar Munduko herrialdeetan gaur egungo antzeko bizimodua mantentzen saiatu gaitezke, baina gero eta jende gutxiagorengana mugatuz eta gainerako jendea hala moduz bizitzen utziz (kapitalismo ekofaxista), edo planeten mugetara egokitzen saiatu gaitezke modu demokratiko eta ekitatibo batean, planetako biztanle guztiak aintzat hartuz. Azken hau Ipar Globaleko ekonomiaren eta ekosistemen erabileraren Desazkunde planifikatu batean oinarrituko litzateke, planeten mugetara egokitutako bizi-maila bat lortzeko helburuarekin gizateria osoarentzat.
Bi aukera hauen aurrean, gobernatzen gaituzten botere-egiturek, politikoek zein ekonomikoek, lehenengo aukeraren antz handiagoa duten irtenbideak proposatzen dituzte. Gaur egungoa bezalako sistema ekonomikoa mantentzen saiatzen dira, baina eskala handiko energia berriztagarrien ustiapenean oinarrituta. Beste behin ere, planetaren mugak kontutan hartu gabe jarraitzen dute.
”Nafarroako energia berriztagarrien boom berria“ izeneko txostenean azpimarratu genuen bezalaxe, energia berriztagarrien zabalkundean bakarrik oinarritutako erantzun honek arazo ugari ditu. Ekoizpena aldizkakoa da, eta nekez gorde daiteke. Mineralen erauzketa asko handitu beharko litzateke energia berriztagarri hauek ezartzeko. Eta ez lirateke nahikoak izango gaur egun dugun energia-kontsumoa mantentzeko. Hori dela eta, energia berriztagarriak eskala handian hedatuz gero, Hegoalde Globaleko lurraldeen kolonialismoa mantendu edo areagotu egingo litzateke eta estraktibismoak bere espazio naturalak suntsituko lituzke, metropolien kontsumoa mantendu ahal izateko.
Honen guztiaren aurrean, Sustrai Erakuntza Fundaziotik sistema sozioekonomikoa aldatzeko hainbat proposamen egin izan ditugu askotan, positiboki planifikatutako Desazkunde planifikatu baterantz eramango gintuzkeena. Zentzu honetan, datozen hilabeteotan ideia horiek dokumentu zabalago eta zehatzago batean garatzen saiatuko gara. Hona hemen modu sintetiko batean ikuspegi horretara bideratutako lan-ildo batzuk:
1. Ezinbestekoa da planetaren mugak eta hauen gainditzearen afera eta errealitate berrietara egokitzen diren aldaketen beharra zabaltzea eta sozializatzea. Modu positiboan transmititu behar da gai hau, aldaketak onuragarriak izango baitira gizarte berdinzaleago, inklusiboago eta iraunkorragoa lortzera bidean.
2. Datozen aldaketa sozial eta ekonomikoek gizartearen erresilientzia-gaitasuna probatuko dute. Ondo kohesionatutako gizarte bat behar dugu, eta, horretarako, asoziazionismoa, boluntariotza eta elkarrekiko laguntza sustatzen dituzten neurriak ezarri beharko ditugu, indibidualismoa, norberekoikeria, esplotazioa eta kosta ahala kostako onura nagusi diren eredu kapitalista baten aurrean, gainditu behar duguna.
3. Ipar Globalean lehengaien eta energiaren kontsumoa era boluntario eta antolatu batean murriztu behar dugu. Honek aldaketak ekarriko ditu bai tekniketan eta produktuetan, bai portaera eta ohitura sozialetan.
4. Gaur egun, garraioa eta desplazamenduak erregai fosilen mende daude gehien bat. Horregatik, produktuen eta pertsonen mugimendua gutxituz joan beharko da, eta gizarte lokalizatuago batera joko dugu. Honek aldaketak eragingo ditu hirigintzan, jarduera ekonomikoetan eta gizarte-antolamenduan.
5. Produktuen erabilera partekatua sustatu behar da, kantitate txikiagoan fabrikatu behar izan daitezen. Eta produktuak erraz konpontzeko, berrerabiltzeko eta birziklagarriak izateko moduan eraikiko dira.
6. Lehen sektorea eta tokian-tokiko elikagaien ekoizpena lehenetsi behar dira, eta erregai fosilekiko mendekotasuna murriztu behar da. Dieta aldatuz joango da, animalia-jatorriko produktuen kontsumo razionalago batekin. Ongarri kimikoen eta pestiziden erabilera ere gutxituz joango da.
7. Kultura eta aisialdi-jarduerak tokian tokikoak izatera eta energiaren eta materialen kontsumo txikiagoan oinarrituta egotera pasako dira.
8. Birlokalizaziorako joerak gobernu-egiturak ere pixkanaka aldatzea eragingo du. Toki-administrazioak ahaldundu egingo dira, tokian tokiko administrazio ahuldunduago batzuekin eta parte hartze herritar handiagoarekin, estatukoak eta estatuez gaindikoak baino.
9. Gizartea planetako mugen barruan mantentzeko, giza jardueren kontrola areagotu beharko da pixkanaka. Baina kontrol hori herritarrek demokratikoki hartutako erabakien bidez ezarri beharko da. Eta hau guztia modu arrazionalean ezarri ahal izateko, produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak publikoak izan beharko dira.
10. Horrela, giza zibilizazioa pasa behar da egungo sistema kapitalista eta estraktibotik, biosferan eta gizateriaren ongizatean dituen inpaktu handiekin, oso bestelako sistema baterantz. Eta sistema berri hau ama lurrak sortzen dituen lehengaien banaketa ekitatiboan oinarrituko da, Lurrak ziklo naturalen bidez birsor ditzakeen energia eta materialekin mantentzeko gai den sistema sozioekonomiko baten barruan. Sistema hori ez da etengabeko hazkundean oinarrituko, eta, beraz, egoera egonkorrean dagoen ekonomia baterantz joko du.
Egiletza: Mikel Saralegi Otsakar, Jule Goñi Montero eta Martín Zelaia García, Sustrai Erakuntza fundazioko kideak.