Elefante Txuriaren Zirku-Kalejiran parte hartzera deitzen dugu

    es 8 Abe 2021 - Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Azken aldiko krisi ekologiko, ekonomiko eta sozial handienaren atarian, Gobernu zentralari zein foru gobernuari ez zaie bururatzen AHTaren zaku hautsiari diru publikoa xahutzen jarraitzea baino gauza hoberik. Covid osteko Next Generation Europako berraktibazio funtsetatik 145 milioi euro gastatuko dituzte Nafarroako korridorean 2026a baino lehen. Hori gutxi balitz, Nafarroarako 2022ko aurrekontu orokorretatik inbertsioaren erdia baino gehiago AHTra bideratuko da: 52 milioi €.

    Ikusten dugunez, AHTaren elefante txuri aseezinak beste 200 milioi € gehiago irentsiko ditu 60 km-ko ibilbidea amaitzeko, Castejon eta Campanas “hiri jendetsuen” artekoa. Albiste ”ikaragarri” hori iragartzeko, datorren larunbatean, hilak 11, Elefante Txuriaren kalejira handia ospatuko da. Oraingo honetan ez da bakarrik etorriko. Segizio alai eta koloretsua izango du lagun, bere gose aseezinak kalteturiko sektore eta pertsona guztiek osatua.

    Lehenik eta behin, funanbulisten multzoa etorriko da, Osasuna, Hezkuntza, Pentsioak eta langabetuek ordezkatuta. Sektore horiek guztiak soka ahuletik ibiltzen dira etengabe, haien azpian murrizketen amildegia dutela.

    Ondoren, akrobata eta malabaristek desfilatuko dute, prekarietatea pairatzen duten sektore hauek ordezkatuta: gazteak, migratzaileak, etxegabetuak, artearen eta kulturaren mundua, euskara, tokiko ekonomia, LGTBI+ kolektiboak…. Sektore horiek guztiek malabareak egin behar dituzte hilaren amaierara iristeko, aurrekontu-partida justuak lortzeko edo akrobazia fisiko eta psikikoak egitera behartuta daude etxe duin bat lortzeko. Hirugarren blokean, emakume indartsuak agertuko dira, emakume langileak (etxetik kanpo zein etxe barruan dihardutenak), egoitzetako langileak eta, oro har, zainketan aritzen diren emakumeak. Bere bizkar daude lanik astunenak, garrantzitsuenak baina gutxien aitortzen direnak. Kapitalismoak gainbalioaren zati bat zor dio “etxeko andre”en lan ikusezinari. Eta, azkenik, laugarren blokean, jauzilariak, ekologistak eta azpiegitura handien aurkakoak, lurraren defentsan jauzi hilgarriak egin behar dituztenak.

    Sustrai Erakuntza fundazioak, Nafarroan AHT eraikitzeak dakarren ingurumen eta gizarte hondamendia ikusita, aldarrikapen martxa honetan parte hartzera animatzen du. Datorren abenduaren 11n, larunbata, eguerdiko 12etan Iruñeko autobus geltoki zaharrean ikusiko gara. Ongi etorri Elefante Txuria Zirkusera.

    AHTAREN DIRUA GASTU SOZIALENTZAT