Gaur, abenduak 9, 12 elkartek (ALNUS, Compañía de las 3R, Ecologistas en Acción, Ekologistak Martxan, Etxalde, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Greenpeace, Hacendera, Lurra, Marcilla Vive, Urbizi eta REAS) kexa bat aurkeztu diogu Ararartekoari, Martzillako akuiferoa kutsatzen ari diren eta herritarren osasun publikoa arriskuan jartzen ari diren nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueretan Nafarroako Gobernua arduragabekeriaz ari delako.
2021eko Abuztuaren 11n, Martzillako Udalak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari ezagutarazi zion Valtraviesako sakanan nitrato-indize altuek eragindako kutsadura. Ur horietako gehienak maila freatikora iristen dira, eta Aragoi ibaiaren eskuinaldeko lurpeko ur-masari eragiten diote. Akuifero horrek ahoko ura nahiz inguruko nekazaritzako elikagaien industria hornitzen ditu.
Ohi ez bezalako azkartasunez, abuztuaren 18an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak sinatu gabeko balorazio-txosten bat egin zuen. Txosten horretan, Martzillako nitratoek eragindako kutsadura eta kontrolik eza aintzat hartuta, eta arazoaren konplexutasuna aipatu ta gero, “nitratoen presentzian garrantzia duten mekanismoen modelazioa nola egin ebaluatzeko asmoa” adierazi zituen. Horrekin batera, Martzillako Udalari gomendatzen dio, “nitrato-mailak epe laburrean murriztuko diren ziurgabetasuna dela-eta”, Itoizko urtegiko ura erabiltzea.
Inguru horretan abeltzaintza industrial intentsiboa asko garatzen ari da, bai etxalde berriak eta handiak ezartzeagatik, bai mindak bertan isurtzeko lanerako lurrak erabiltzeagatik. Dirudienez, simaurrak eta mindak gaizki kudeatzen ari dira, eta, zehazki, badakigu lursail batzuk ustiategi batzuek aldi berean erabiliko lituzketela. Horrek gehiegi ongarritzeko arriskua dakar, eta, beraz, nitratoen bidezko kutsadura. Aipatzekoa da, halaber, aipatu lurrak minden zabortegi gisa erabiltzen dituzten abeltzaintzako ustiategien artean Valle de Odieta Caparrosoko makroetxaldea dagoela.
Kexa hau aurkeztu dugun elkarteontzat Nafarroako Gobernuaren erantzuna, Martzilari Itoizko ura hartzeko eskatuz, arduragabea eta eraginkortasun eskasekoa dela osasun publikoarentzat eta ingurumenarentzat arriskutsuak diren jarduera kutsatzaileak identifikatzeko eta ezabatzeko orduan. Uste dugu beharrezkoa dela etxalde hauen gaineko kontrol publikoa areagotu eta haien gehiegizko hedapena saihestea. Horregatik, bere eskumenen esparruan, Arartekoarengana jotzen dugu, herritarren osasun publikorako eta ingurumenerako eskubideak babesten esku har dezan.
Sinatuta: ALNUS, Compañía de las 3R, Ekologistak Martxan, Etxalde, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Greenpeace, Hacendera, Lurra, Marcilla Vive, Urbizi eta REAS.
Arartekoari aurkeztutako txosten guztiak:
- Queja presentada al Defensor del Pueblo.
- Documento adjunto n.º 1: Niveles de contaminación por nitratos en las aguas del Barranco de Valtraviesa.
- Documento adjunto n.º 2: Respuesta del Gobierno de Navarra a la denuncia presentada por el Ayuntamiento de Marcilla.
- Documento adjunto n.º 3: Algunos datos sobre la carga ganadera existente en la zona afectada por la contaminación por nitratos.