Iazko udaberrian, Sakana, Itza eta Goierrin AHTarendako zundaketa geologikoak egiteko eskaera uholde bat sartu zen udaletxeetan. Sakanan, osotara 15 zundaketa eta proba geofisiko askotarako eskaera egin zen, Erroztik hasita Olaztiraino. Berri larria izan zen, STOP AHT zundaketak ekimena osatzen dugun taldeok uste baitugu zundaketak obren hasiera direla.
Orain arte egindakoa ez da alferrikakoa izan. Zundaketa-lanek urtebeteko atzerapena omen daramate Garraiobideen Estatu Idazkariak berriki adierazi duenez. Haren ustez, arazoak dituzte azterketak egiteko udaletxe zein partikularrengandik egondako planto irmoa dela eta.
Lur publiko zein partikularretan egin nahi dituzten zundaketa hauekin 27 eta 209 metro arteko sakonera duten laginak atera nahi dituzte. Gainera, orain arte jasotako informazioen arabera, zenbaitetan, zundaketa hauek modu irregularrean egin izan dituzte, legezko bermerik gabe, bidezko administrazio-prozedurak bete gabe eta kaltetuen bizkar. Herritarron iritzia zundatu ordez, etekina besterik lortu nahi ez duten horiek lurrak, mendiak, bazkalekuak eta errekastoak zundatzen dituzte, hauek birrintzeko asmoz.
Krisi ekologikoa, ekonomikoa eta soziala gogor jotzen ari direnean, krisia bera areagotzen eta funtzio sozialik beteko ez duen azpiegitura batean dirua xahutzen ari dira, hots, orain arte 215 milioitik gora Nafarroan soilik. Gainera, ezin dugu ahantzi muga teknikoengatik merkantziarik eraman ezingo dituen AHTak energia kontsumo handia duela eta bestelako makro azpiegiturak ekarriko dituela gurera, energia kontsumo honi aurre egiteko. Gainera, herri eta laborantza lurrak galduko dira, CO2 isuriek gora egingo dute, babestutako eremuak eta biodibertsitatea kaltetuko dira eta egungo trenbidea hilzorian utziko da.
Udazkenean Lakuntza eta Arbizu artean egin bezalaxe, oraingoan Errotz, Izurdiaga eta Urritzola artean dauden lau zundaketa puntuak ezagutzeko mendi martxa antolatu dugu, ekainaren 8rako. Horrez gain, zundaketen aurkako protokoloak indarrean darrai: Zundaketa baten berri izanez gero, kontaktatu Udalarekin eta STOP AHT Zundaketak ekimenarekin honako zenbakian: 656711130.
Ez dugu gure etorkizuna Sakanaren errealitateaz tutik ere ulertzen ez duten enpresari batzuen esku utzi nahi, porlan, harri, eta legarrez beterik ikusiko duguna ez buru ez hanka ez duen makroproiektu honekin. Orain da momentua indarrak batzekoa, herritarron gaitzespena adieraztekoa eta zundaketak gelditzekoa.
STOP AHT ZUNDAKETAK EKIMENA
(Informazio gehiago: AHT Gelditu)