
2024ko irailak 30. Nafarroako Auzitegi Nagusiak Geoalcalik sustatutako Mina Muga ustiatzeko baimena bertan behera utzi zuen. Horrela eman zion arrazoia Ecologistas en Acción taldeak eta Sustrai Erakuntza Fundazioak egindako eskariari, Plataforma Unitaria contra las Minas de Potasa en la Bal d’Onsella y la Sierra del Perdónek lagunduta. Epaiari Chivite presidenteak, Irujo sailburuak eta alkateek Geoalcaliri enegarren aldiz “proiektuarekiko duen konpromiso osoa” adierazteko izandako jarrera lotsagarria jarraitu zitzaion. Eta horretan geundela, Cerdan, Servinabar eta Acciona agertu dira.
Gaiaren funtsa beti bera da: lurraldea eta bere baliabideak merkantzia bat gehiago dira, onura pribatua (zuzena edo zeharkakoa) bilatzen dutenek gutiziatua, berau babesten duen lege- eta administrazio-egitura baten babespean. Eragin ekologiko eta sozial handia duten proiektuen kudeaketa itzalez beteta dago. Azterketa, analisi, parte-hartze, txosten, alegazio eta errekurtsoen lege-fatxadak angelu itsu ugari ezkutatzen ditu administrazio-maila guztietan. Asko dira faboritismoa, eroskeria, ustelkeria, ate birakariak, gainkostuak… estaltzen dituen ohialari eusten dioten eskuak.
Norbaitek uste badu Geoalcali meatze-esperientzia duen enpresa bat dela, oker dago. Ez dituzte pikotxa eta pala inon sartu. Salamancan sortu zen 2011n, 3.000 euroko kapital sozialarekin, eta 2015ean 1,5 milioi eurotan handitu zuen kapitala. Bere trebetasun bakarra potasaren meatze-eskubideak eskuratzea izan da, Highfield Resourcesen bidez Australiako burtsan sartzea eta Mina Mugaren balioaz espekulatzea haren inguruko berri, iragarki eta baimen administratiboak barreiatuz. Sustatzaileen akzioen erosketek eta salmentek ematen digute horren berri. Ekonomia errealaren eta produktiboaren adibide ezin garbiagoa, prefosta.
Hain oinarri ahulak izanik, nola esan dezakete ordezkari publikoek proiektua estrategikoa dela? Hor daude Manu Ayerdiren, Chiviteren… adierazpenak egunkarietan. Problematikoa da oso estrategikoa edo, beste proiektuetan bezala, foru-interesa edo onura publikoa bezalako figurak erabiltzea. Nola, nork eta zergatik erabakitzen da proiektu bat halakotzat hartzen dela? Zer gertatzen da bidean Nafarroako Boletinean argitaratu arte? Nork bultzatzen, parte hartzen eta onura jasotzen du? Horrela, guk deus ikusi gabe, isilpean, interes politikoak, enpresak, bitartekariak, aholkularitzak eta administrazioaren konfiantza eta ardura handiko teknikariak aise mugitzen dira.
Kartak markatuta daude. Proiektu bat estrategikotzat hartzen duenak, eta aldi berean, txosten teknikoak egin eta baimenak onartu behar dituenez, ba al dago bermerik prozesu hori independentzia osoz egin dadin? Bat ere ez. Praktikan, proiektua babestu eta urrundu egiten dute herri-kontroletik, eta interes orokorreko tresnak interes pribatuen zerbitzura jartzen dira, ekonomikoak zein politikoak izan.
Mina Mugako sakonean aurki ditzakegu osagai horiek. Proiektuaren tramitazioan izan diren akatsak hain izan dira handiak, ezen arduradun politiko eta administratiboen jardunarekiko mesfidantza baino ez baitute eragin. Proiektua gelditzeko arrazoiak ezin konta ahala izan dira. Hala ere, haizea beti enpresaren alde. Eta herri-eskari oro lotsagabeki baztertua.
Proiektua batera ebaluatzeko eta ingurumen-ebaluazio estrategikoa batera egiteko eskaeraren aurrean, erantzuna ezin sinestekoa izan da. Hilabete gutxiren buruan konpondu beharreko ohiko Inpaktu-Adierazpen bat hiru urtez luzatu zen, Administrazioak etengabe aukera ematen zizkiolako enpresari bere akats tekniko larriak konpontzeko. Ez zuten ezertarako balio Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuaren edo Geografia Institutu Nazionalaren aurkako txostenek, ez baitzituzten ebaluatu meatze-ustiapenak Esako urtegiaren gainean izan zitzakeen elkarreraginak. Nola eman ahal izan zaio baimena urtean 4 milioi tona hondakinentzat arazoa konpontzeko gai izan ez den proiektu bati? Edo, nola liteke Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolamenduak 2022an Mina Mugari industria-erabilera baimentzea, Zangozako baso-lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako eremuetan? Eta hemen ez da ezer gertatu.
Prozesu honetan, udalen zeregina zinez eztabaidagarria izan da. Enpresaren sirena-kantuei erabat amore emanda, geldiarazteko epai judiziala ez betetzea eskatu dute. Ingurumen-afekzioekiko, kutsatzaileekiko eta biztanleentzako arriskuekiko mespretxua erakutsi dute. Geolcaliren jarduera “altruista” legitimatu dute, COVIDeko maskarak, osasun-programak, haur-parkeak, lanpostuen promesak… banatuz. Baina angelu itsuek eragozten digute haratago ikustea, eta enpresarekin eta lobbystekin izan dituzten kontaktuen edukia entzutea. Hori bai, alkate baten beligerantzia proiektuaren defentsan, publikoki informatu eta eztabaidatzeari uko egitean eta komunalaren erabileran enpresaren aldeko tratuan, susmoaren azpian geratuko da gogoan. Eta hori gutxi balitz, enpresak eta UGT sindikatuak presioa egin zioten Zangozako Udalari 2023an, Geoalcalirenak ez ziren lursail batzuetan obra-lizentzia lortzeko, eta proiektuaren porrotaren erantzule egin zituzten.
Orain, Santos Cerdan eta konpainia proiektu honekin nahastuta egon direla jakinarazi da. Inguruko jendearentzat eta ingurumen aldeko mugimenduei ez da ezustekoa izan. Proiektu jasanezin honen tramitazioan ikusitakoak jadanik erakusten zuen deus ez zela ematen zuena. Gehiengo sozialen gainetik interes pribatua lehenesteak ustelkeria hauspotu baino ezin du egin. Hori bai, Muga Minakoak luxuzko urbanizazio baterako, makrogranja baterako, makropoligono eoliko baterako, harrobi baterako, hondakinak tratatzeko instalazio baterako edo Abiadura Handiko Trenerako balioko luke. Eta horretan ezin da esan Nafarroa kontrasteen lurraldea denik.
Pablo Lorente Zapatería (NAN: 16018794F) eta Mikel Saralegi Otsakar (NAN: 15969962G) sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.
