
[STOP AHT Zundaketak ekimenaren prentsa oharra. Sustrai Erakuntza fundazioak bertan parte hartzen du.] Joan den uztailaren 7an, Espainiako Gobernuak, Garraioko Estatu idazkari José Antonio Santanoren bitartez, hainbat iragarpen egin zituen AHTari buruz.
Lehenik, “Euskal Y-a” eta Nafarroa arteko lotura Ezkiotik edo Gasteiztik egiteko txostena 2026ko udaberrirako amaituta egongo dela esan zuen. Bigarrenik, Aralarren zundaketa hidrogeologikoak berehala hasiko direla ziurtatu zuen, mendien azpian tunel bat sartzeak zer eragin lukeen jakiteko. Azkenik, udalekin eta jabe partikularrekin izandako elkarrizketa aurreratuak daudela eta “lankidetza ona” egon dela aipatu zuen. Xehetasun gehiago saihestuz egin zituen aipamenok, “orain arte izandako arazoak saihesteko”.
Trenbide-zerbitzua oro har hondatzen ari den momentu honetan (geltokiak abandonatzea, matxurak, mantentze-lan falta…), Espainiako Gobernuak, EAEko eta Nafarroako gobernuen laguntzarekin, obra faraoniko honen alde egiten jarraitzen du, baita diru publikoa xahutzearen alde ere, eraikuntza-enpresen onurarako, herritarren beharrak alde batera utziz. Oraingoan, Espainiako Gobernuak Aralarren zundaketak egiteko iragarpen zentzugabe honekin egin dugu topo, erabat alferrikakoak eta haien kide politikoak pozik uzteko bakarrik balioko duten zundaketak izanik. Zundaketok aurrera eraman ahal izateko, makina astunak erabiliko dira, bideak erabiliko dira eta 300 metroko sakonerara irits daitezkeen zuloak egingo dira, ondare naturala eta karstikoa mehatxatuz.
STOP AHT Zundaketak ekimenetik jabe partikular zein udalei zundaketekin ez laguntzeko deialdia egiten diegu. Gaurko zundaketak biharko suntsipena dira. Era berean, garrantzitsua iruditzen zaigu udalek Estatuko idazkariak aipatutako “aurreratuak” eta “lankidetza onean” izan omen dituzten elkarrizketen inguruan informatzea edota hauek gezurtatzea, eta animatzen ditugu AHT bezalako obra antiekonomiko, antiekologiko eta antisozialaren aurrean haien jarrera azal dezaten. Azkenik, Espainiar zein Erkidegoetako gobernuei exijitzen diegu zundaketak bortxaz egiteko asmoa aitortu eta bertan behera utz ditzatela.
STOP AHT Zundaketak.
