
Hauxe da NEE/TEN (Nafarroako Energia Eraldatzen / Transformando la Energía Navarra) Nafarroako proiektu berriztagarri handien aurkako plataformen koordinakundeak, Olaibarren eta Artaxoan Arena Green Power enpresaren proiektu eolikoen aurkako alegazioak aurkeztearen harira kaleratu duen testua. Nafarroako Gobernuko Industria sailaren aurrean ere elkarretaratzea egin da…
Iberiar Penintsulan gertatu berri den itzalaldiak agerian utzi ditu inposatzen ari diren trantsizio energetikoaren ahuleziak: sistema elektriko pribatizatua, negozioa eta espekulazioa, energia berriztagarrien kontrolik gabeko integrazioa, erregai fosilen dependentzia, kontsumo material eta energetikoa modu justu eta arrazionalean murrizteko plangintzarik eza… Eta honek Nafarroan gertatzen dena deskribatzeko ere balio du, lursail eta mendiak industria-instalazio eoliko eta fotovoltaikoz gainezka baitaude. Lehen aipatutako elementuak irauli eta zuzendu beharrean, hainbat enpresa, bereziki Grupo Arena delakoa, proiektu eoliko eta fotovoltaiko berriak sustatzen ari dira.
Honela, azken asteotan, Grupo Arena enpresa bi poligono eoliko berri sustatzen ari dela ikusi dugu: bata Olaibar eta Esteribar haranen artean eta bestea Artaxoan. Bi proiektu hauek lehendik antzeko ezaugarriak zituzten beste proiektu batzuk ukatu ziren leku berean edo handik gertu kokatu nahi ditu.
Olaibarko proiektua 195 metroko altuera duten 5 MWko 7 aerosorgailuz osatuta dago, eta Sacyr taldeko enpresa batek “Navarra 4” izeneko poligono eolikoa instalatzea proposatu zuen tokitik oso gertu kokatu nahi dute. Proiektu hau ukatu egin zuen Nafarroako Gobernuak, ingurumenean eragin handia zuelako, batez ere hegazti-faunan eta haren inguruan dauden eremu babestuetako funtsezko beste elementu batzuetan.
Artaxoako proiektua, berriz, 8 errotaz osatuta dago. Errota hauek ere 5 MWkoak dira eta 200 metro inguruko altuera dute. Kasu honetan, proiektua Enel talde italiarraren enpresa batek “Enériz-Tirapu” parke eolikoa jarri nahi zuen tokitik gertu instalatu nahi dute. Nafarroako Gobernuak proiektu hau ukatu zuen, halaber, hegazti-faunari egindako inpaktuagatik, eta, era berean (eta, beharbada, garrantzi handiagoarekin) eremu honetan dauden parke eolikoen pilaketa handiagatik, inpaktu metatzaile eta sinergiko larriak eta paisaia-inpaktu handia eragiten baititu.
Beraz, ikusten dugu Arena enpresa taldea, duela urte gutxi Nafarrora iritsi zena inbertsio handiak aginduz, berriz ere kargatzen ari dela bere proiektu eta mozkinen zorroa gizentzen saiatzeko. Eragindako populazioen sentipenaren gainetik egiten du. Are gehiago, ez daki gobernuak zer erabaki duen aurrekoetan.
Klima Aldaketari buruzko Legean agindutakoa gorabehera, azpiegitura berriztagarriak instalatzeko eremuen eta formatuen plangintzarik gabe jarraitzen dugu. Honelako proiektuetarako eremu egokien maparik gabe jarraitzen dugu (ez dago eta ez zaio itxaroten). Erabaki demokratikoak hartzeko prozesurik gabe jarraitzen dugu, eta horrelako azpiegiturak instalatzeko neurri desmerkantilizatzailerik gabe. Eta, batez ere, gogoan izan behar dugu larrialdi ekologikoaren testuinguruan gaudela, eta oraindik ez dugula energiaren eta materialen kontsumoa murrizteko politikarik eta neurririk.
Gainera, hau guztia gertatzen ari da estatuko sistema elektrikoa kaosean murgilduta dagoen bitartean. Itzalaldiak energia berriztagarrietarako ustezko trantsizio energetikoa nola garatu den erakutsi zuen. Trantsizio hau ez da gertatzen ari, elektrizitatearen kontsumoa, energia berriztagarriak ekoizteko modu nagusia izanda, ez baita handitzen ari. Alderantziz, 2008tik Nafarroan elektrizitatearen kontsumoak behera egin du etengabe, Espainiako Estatuan eta Europa osoan gertatzen denaren antzera.
Kontsumo elektrikoa beheruntz doan bitartean, berau ekoizten duten poligono berriztagarrien kopurua handitzen doa etengabe. Honela, Espainian elektrizitatea ekoizteko gaitasuna 132 GWtik gorakoa da dagoeneko, berriztagarrien ezarpenaren azken urteetako hazkunde geldiezinari esker. Hala ere, kontsumoak 2008a goia jo zuenetik (45 GW), jaisten joan da, eta gaur egun 30 GW ingurukoa da.
Hala eta guztiz ere, botere politiko eta ekonomikoek gogor egiten dute aurrera, alferrik ekoizten den elektrizitate-ahalmen hau guztia erabiltzeko modua oker bilatuz. Hor kokatu behar ditugu hidrogeno “berdearen” ekoizpenari eman nahi zaion bultzada eta datu-zentroak. Nafarroako Gobernuak hidrogenoa garatzeko etorkizuneko asmoak argitaratu berri ditu, eta 2026rako bi ekoizpen-instalazio martxan jarri nahi ditu, bideragarritasunari buruzko zalantza guztiak gorabehera. Informatikako “hodeirako” datu-zentroei dagokienez, berriki ikusi dugu enpresa batzuek Nafarroako Erriberan instalatu nahi dituztela, Estatu osoan garatzen ari den mugimendu batean.
Honek guztiak areagotu baino ez ditu egiten berriztagarrien ezarpena mundu mailan sortzen ari den inpaktuak. Gure lurraldean, landa-lurretan elektrizitate-ekoizpeneko industrialde hauek eraikitzeagatik. Eta planetako beste eremu batzuetan, berriz, mineralak eta sistema elektriko osoa eraikitzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren beste baliabide batzuk atera behar direlako. Horretarako, elementu desberdin ugari behar dira, eta taula periodiko ia osoa hartzen dute.
Honegatik guztiagatik, gure ingurunean eta beste leku batzuetan proiektu berriztagarri berriak instalatzeari uko egin behar diogu, hauen forma eta helburuengatik. Botere politiko eta ekonomikotik diseinatu duten trantsizio energetikoa ez delako egokia. Inpaktu handiak eragiteaz gain, erregai fosilen eta era guztietako materialen kontsumo desegokiak eragindakoe mugako egoetara eramango gaitu eta hauexek erreproduzitu baititu. Klima Aldaketa hain da gogorra, ezen ez baitago denborarik etengabeko hazkundea sustatzen duen kapitalismoarekin jarraitzeko. Nafarroako Gobernuak zioen bezala, larrialdi klimatikoan bagaude, neurriak eta erantzunak koherenteak izan daitezela.
