Sustrai Erakuntzaren ustez Nafarroako 2030 Plan Energetikoak suspentsoa merezi du

    es 25 Urt 2018 - Energia, Prentsa oharrak

    Una imagen que hemos utilizado para explicar las implicaciones del plan energético...Une historiko honetan era guztietako aldaketak gertatzen ari dira, besteak beste, egungo krisi ekonomikoan isla dutenak. Duela bi urte, Parisen, munduko Estatuek onartu egin zuten aspaldiko ebidentzia: erregai fosilen kontsumoa planetaren klima aldatzen ari da. Jadanik biosferak ezin du guk sortutako CO2 bezalako hondakin gehiagorik xurgatu.

    Bestalde, erregai fosilen erauztea zailtzen ari da: gero eta toki urrunago edo putzu sakonagoetan bilatu beharra dago.

    Aipatutako guztiak krisian dagoen mundu batera garamatza, krisi ekonomikoa ingurumen eta baliabideen krisiaren sintoma delarik. Hala ere, Nafarroako Gobernuak onetsi berri du 2030 Plan Energetikoak ez ditu arazo energetikoaren funtsezko osagaiak kontuan hartzen.

    Jadanik 2012ko Plan Energetikoaren diagnostikoan argi eta garbi azaltzen zuten Nafarroak behar baino energia elektriko gehiago sortu egiten zuela. Bi hamarkadetan, Nafarroa “kanpotik ekarritako elektrizitatearen erabat menpeko” izatetik “bertan sortutako elektrizitatearen %39,12-a” esportatzera  pasatu zen 2009an. Hau da, garai hartan Nafarroa bazen gai elektrizitate gehiago sortzeko kontsumitu egiten zuena baino. Egun, Nafarroak 2009an baino elektrizitate gutxiago kontsumitu egiten du. Beraz, bistan da oraingo instalazio “orokorrek” elektrizitatea ekoiztu eta banatzeko ez dute inongo defizitarik eskariari aurre egiteko, toki zehatz batean edo bestean lineak berrindartzeko beharra puntualen bat izan ezik.

    Gisa honetan egungo instalazioak prest eta eskuragarri daude baina “egonean”. Plan Energetiko onartu berriak aurreikusten du, “krisitik” ateraz gero (eta horren esperantza omen du), kontsumo elektrikoak gora eginen duela, nahiz eta aplikatu aurrezte eta eraginkortasun energetikorako neurriak. Baina hau guztia perspektiban jarrita, esan dezakegu elektrizitate gehiago sortzeko atakan egonen bagina, erraz konpon daitekeela 2009ko produkzioa eman zuten instalazio berberak erabiliz.

    2014an Castejongo legez kanpoko zentral termikoek urte berean Nafarroan sortu zen elektrizitate guztiaren %8 baino ez zuten ekoiztu. Zentral hauek Castejonen kokatzeak zeri erantzuten zion? Nafarren beharrei edo negozio pribatuari? Eta geldirik egon arren, negozioak aurrera darrai enpresa elektrikoentzat, kobratu egiten dutelako zentralak edozein unetan martxan jartzeko mantentzearen truke.  Aurrekoak argi erakusten du orain arte onartutako Plan Energetiko ezberdinen planifikazio txarra. Eta horregatik erabat salagarria da 2030 Plan Energetikoan inongo hausnarketarik ez izatea Castejongo zentralen egokitasunaren inguruan. Eta hori gutxi ez, arduragabekeriaz jokatzen da Castejongo 400 MW-ko Ziklo Konbinatuko Zentral Termikoaren egungo egoera ilegala zuzentzeko deus ere proposatzen ez denean. Beraz, erabat salagarria da 2030 Plan Energetikoak ez planteatzea ezer instalazio ilegal eta ez beharreko hori ixteko. Alde horretatik, Nafarroako Gobernua konplizea da ilegalitate horrek iraun dezan, besteak beste, ozono troposferikoaren maila igoarazten duena.

    Zein da Plan honen planteamendua kontsumo elektrikoaren beherakadaren aurrean? Ba, are gehiago goititu elektrizitatea ekoizteko gaitasuna. Zehatz-mehatz, egungo potentzia eolikoa bikoizten ahalbidetzea. Eta “ahalbidetu” esan egiten dugu inbertsioak eta negozio pribatuak jomugan daudelako.

    Jadanik dagoen elektrizitate eolikoa ekoizteko ahalmenarekin, hainbat ordu eta egunetan, Nafarroan kontsumitutako elektrizitatearen %100 energia berriztagarriek hornitua izan da. Are gehiago, urtean zehar, 100 egunetan bada energia berriztagarrien soberakina Nafarroatik kanpo eraman behar dena.  Berriztagarrien produkzioa oso garrantzitsua da baliabideen eta klimaren krisiari… baina, aldi berean, adierazten du zaila izanen dela kota handiagoak lortzea ekoizpen teknika berberak erabilita (energia eoliko gehiago).

    Oraingo potentzia eolikoa bikoiztuko balitz probetxuzko haize egunetan, elektrizitatearen soberakin handia ekoiztuko litzateke, eta horren jabe pribatuek kanpoan salduko lukete. Horrela, arazoa ez da potentzia elektriko eolikoa nahikoa ez izatea, baizik eta dagoeneko Nafarroan jarritako instalazio berriztagarriek bertan behar den baino gehiago ekoizten dutela 100 egunetan. Baldintza hauetan, zer egiten da ekoiztutako energiarekin aerosorgailuak gauez aritzen badira, eskari gutxien dagoenetan?

    Beraz, oraingo auzia ez da nola handiagotu elektrizitatea ekoizteko ahalmena energia berriztagarrien iturri berberekin. Plan Energetikoak benetan egin beharko lukeena da nola inplementatu sistemak eskuragai dagoen energia berriztagarria aprobetxatzeko, gaur egun erabil ezin daitekeena: ekoizpenerako sistema aktiboak, metatzea, soluzio hidraulikoak eta berozkoak, aire konprimatua, bektorialak… Erabat beharrezkoa da I+G+B gehiago energia hori hobeto baliatzeko, gehiago ekoizteko baino. Gainontzeko guztiak nafarren interes orokorrari ez, baizik eta batzuen interes pribatuari erantzuten dio negozio eolikoaren bigarren boom-a martxan jartzeko.

    Aurreikusita dagoen tamaina handiko parke eolikoen emendatzeak ez du lortzen energia ez berriztagarrien iturrien murriztapena. Besterik ez da ikusi behar nola Plan Energetiko berriak ekartzen dituen azpiestazio elektrikoa gehiago (besteak beste Deikaztelu eta Ezkabarte) eta goi-tentsioko linea berriak (400.000v) Gipuzkoarantz (Itxaso) eta Frantziarantz (Cantegrit). Plan honek, haizea eta gas naturalen bidez, elektrizitatea ekoizteko zentral handiagoak ekarriko ditu, eta horrekin batera, produkzio elektriko soberakina eta goi-tentsioko linea gehiago elektrizitate hori saltzeko. Espekulazioari bide eman eginen zaio zentral termikoen edo industria eoliko handien bitartez.

    Horrela, oso argi ikusten dugu Nafarroan zentral elektrikoen instalaziorako moratoria bat erabakitasunez ezarri behar daitekeela. Horrekin batera, sorkuntza zein kontsumo energetikoaren murrizketari ekin behar zaio modu planifikatuan. Baina hau ez da kontuan hartzen. Planak ez du aztertzen Nafarroarentzako mugikortasun plan bat, eta, ondorioz, ez ditu neurriak ezartzen egungo gehiegizko mugikortasuna saihesteko. Gai honi buruzko atalean, bakarrik azaltzen da ibilgailu elektrikoaren sustapena (diru-laguntzak erosteko, ordainlekuetan beherapenak, IIT-an,…). Eta jakina, ez du ezbaian jartzen tren eredua. Aurrera darraite Prestazio Handiko Trenaren (AHT) proiektu zaharrarekin, Etxabakoitzeko geltokiarekin eta Tafallakoaren kentzearekin. Ez al da askoz beharrezkoagoa garraioaren eta trenaren planifikazioa Nafarroan? Ez al da zentzuzkoagoa halako planifikazioa  energiaren inguruan ari garenean?

    Aldi berean ez da inongo aipamenik egiten kontsumo energetiko handian eragiten duten beste sektore batzuei buruz, arrazionalizatu beharko liratekeenak. Adibidez, Lehen Sektorean nahitaezkoa da Ureztatzaileen Komunitateak laguntzea uraren aurrezterako planak egin eta kontsumo energetiko handiko  ureztatuen sistemak zaharberritzeko. Halaber apustu egin behar da Nafarroak behar ditugun produktuak ekoiztu ditzan, tokian tokiko nekazaritza sustatuz, garraio luzeak saihestuz eta energia aurreztuz.

    Eta Planak gai hauei heltzen dizkienean, azalean geratzen da. Adibidez, biomasa aprobetxatzeko ideia asko omen daukate, baina ahaztu egiten dute funtsezko auzia: zein da Nafarroako biomasaren potentziala bioaniztasuna errespetatuz eta hobetuz? Planak ez du baloratzen, ez zehazten, ezta neurriak jartzen ere ezagutzeko, bailaraz bailara, herriz herri zenbat egur, zein espezietakoak eta nondik atera beharko litzatekeen. Biomasaren erabilera indartzea, besterik gabe,  bihur daiteke berriztagarria izatearen amaiera.

    Horiek horrela, bistan da bi eredu aurrez aurre daudela energiaren sortzearen inguruan: alde batetik, indarrean dagoen eredu zentralizatua eta, bestetik,  balizko eredu deszentralizatua, demokratikoa, orekatua, erredundantea, ziurra, eraginkorra eta ingurumenarekiko lagun. Onartutako Plan Energetikoaren postura argia da: aurreztearen, eraginkortasun energetikoaren, berriztagarri publiko eta deszentralizatuen eta kontsumitzaileengandik gertuko ekonomiaren alde egin beharrean, nahiago dute “dena”ren aldeko jarrera erosoa hartzea. Baina zifrei erreparatzen badiegu, oligopolio elektrikoaren aldeko hautua egiten da, negozio gizonek taxututakoaren arabera. Non agertzen dira neurriak pobrezia energetikoa ezabatzeko genero ikuspegi batetik helduta?

    Honengatik guztiagatik, uste dugu Nafarroan ez dela beharrezkoa energia ekoiztu eta garraiatzeko azpiegitura zentralizatu gehiagorik. Plan Energetikoak oinarriak jarri beharko lituzke deshazkunde energetikoa planifikatzeko, beti ere, burujabetza energetikoa helburu izanik. Garaia da alternatiba berriak martxan jartzeko eredu xahutzailea atzean utziz, giza baloreen krisi sakonean hondoratu gaituena.

    Horregatik gelditu behar ditugu ingurumena suntsitzen duten energia industria guztiak, erregai fosilak erabiltzen dituztelako edo tamaina handiko energia berriztagarrien instalazioak ingurumen gune ahulak arrisku handian jartzen dituztelako.

    Behartuta gaude planifikazio demokratikoa garatu eta erabiltzera energia garbiak, deszentralizatuak, berriztagarriak, publikoak, sozialak eta eragin txikikoak. Interes publikoko azpiegiturak behar dituen ondare komuna edo lurraldeetatik dabilen merkantzia bat? Hau al da “Nafarroako Plan Energetikoa” edo “Plan Energetiko bat Nafarroan”? Hau al da “aldaketaren Plan Energetikoa” edo “aurreko Plan energetikoen jarraibide bat”?

    SUSTRAI Erakuntza Fundazioa
    www.fundacionsustrai.orgwww.sustraierakuntza.org
    sustraierakuntza@gmail.com