Sustrai Erakuntza Fundazioak larunbat honetan, apirilaren 22an, arratsaldeko 17:00etan, Iruñeko Antoniutti Parketik Erdiz Bizirik-ek ”Landa eremuaren defentsan, Erdiz Bizirik” lelopean deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egiten du.
Gure ustez, Sustraitik Baztango Erdiz parajean aire zabaleko meatze bat inposatzearen aurka dagoen herri mugimendua babesten jarraitzea beharrezkoa da, azken urteetan egin izan dugun bezala. Alduide Mendiko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barruan dagoen eta balio natural garrantzitsua duen eremu hori zaindu behar delako. Eta bertako larreak Baztango abeltzaintza-ustiategi sostengarri askotako abereentzako elikadura-iturri garrantzitsuak direlako.
Izan ere, lurraldea modu jasangarrian erabiltzen duten ustiategiak dira hauexek, paisaiak eta ekosistemak mantentzen dituztenak, ganadua modu estentsiboan izanik eta lurrari lotuta dagoen sistema bat erabiliz. Nekazaritza eta abeltzaintza eredu hau kapitalismoa bultzatzen ari denaren guztiz kontrakoa da, eta Valle de Odietako makrogranjan adierazpenik handiena duena, gure geografian ezartzen ari diren beste makrogranja asko ahantzi gabe.
Gobernuak, ordea, oso kutsagarria den abeltzaintza eta nekazaritza industrialaren zerbitzura dagoen meatzaritza eredu hau hedatzen laguntzen du eta, horretarako, Udalez Gaindiko Plan Sektoriala edo PSIS bezalako figura administratiboak inposatzen ditu. Gainera, Baztango herritarrek modu demokratikoan hartu nahi duten erabakien gainetik pasatzen da, deitzen saiatu diren erreferendumak ekidinez. Beraz, ikusten dugu Gobernuak benetan babesten duela Magnesitas Navarras SA (MAGNA), patrikak gizentzea interes bakarra duen multinazionala, ingurumena eta nekazaritza eta abeltzaintza tradizionala batere kontutan hartu gabe.
Beste behin, frogatu izan da PSIS bezalako figura administratiboek enpresa handien onura pribaturako bakarrik balio dutela, komunalaren kontrako eraso eta galeraren kontura. Horren aurrean, benetan behar dugun lurraldearen ereduaren plangintza demokratikoaren alde egiten dugu, lurrari lotutako nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorra defendatuz. Horregatik guztiagatik, larunbat honetan Iruñean Erdiz parajearen alde egingo den manifestaziora joateko deia egiten dugu.