Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri du Iruñean AHTaren geltoki berria egiteko proiektuaren Udalaz Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, Etxabakoitz auzoan kokatuko dena. Gobernuak berak iragarri nahi izan duenez, hirigintza-proiektuaren berrindartze honek hasieran planifikatutakoa baino ia 3.000 etxebizitza gehiago ekarriko ditu. Informazioaren arabera, zehazki, PSIS edo UGPSaren aldaketak “eremuan aurreikusitako etxebizitzak 9.758tik 12.193ra igotzea dakar”, eta honek esan nahi du proiektuaren “bizitegi erabilera %24a handituko” dela. (Alegazioa nola egin, behean…)
Honela argi geratu da AHTaren etorkizuneko geltokia eta Iruñerriko trenbide sarea finantzatzeko hasieratik planifikatu zena erabat espekulatzailea dela. Begi bistakoa da proiektuaren sustatzaileek eta enpresek eraiki ahal izango duten etxebizitza kopuruaren igoera hau benetako “hirigintza-pilotakada” dela.
Beste behin ere, eraikuntza-sektoreko enpresen interes esklusiboa lehenesten ari dira, eraikuntza enpresa zein herri-lanena, auzoan bizi diren pertsonen eta Iruñeko herritar guztien interesa baino. Argi dago UGPS hau oztopo bat dela Etxabakoitz auzoarentzat, eremu guztiak degradatu baititu. Auzoaren edozein hirigintza hobekuntza atzeratu egin da, UGPSaren garapenarekin lotuta baitago, orain arte aurrera eraman ez dena, neurrigabea eta ekonomikoki bideraezina delako, Kontuen Ganberak bere garaian zalantzan jarri zuen bezala.
Honela, ikusten ari gara zentzugabekeria honekin jarraitzeko ahalegina eraikuntzako enpresa jakin batzuei mesede egiteko ahalegina baino ez dela. UGPSa izapidetzean, antzeman daiteke Gobernua enpresa eraikitzaileen interesetara makurtzen ari dela, eta ematen du kudeatzaile publikoak enpresekin bat datozela. Badirudi proiektu honetan hartzen diren erabakiak zuzenean haien bulegoetatik datozela, beti mesedegarri zaizkielako.
Baina eraikuntza sektorerako ez ezik, Iruñerriko AHTren plangintza pilotakada bat da Volkswagen Navarra auto enpresarentzat ere, AHTren amaieran bere instalazioek azalera librean nola irabazten duten ikus baitezake. Horretarako, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du trenbide saihesbide espezifiko bat egitearen gainkostua, egungo trenbideak lantegi barrutik ateratzeko.
Saihesbidearen proiektu honekin, azpiegitura honen inguruan zegoen beste zalantza bat erabat argitu da. Izan ere, orain argi dago AHTak ez duela merkantziarik eramango, Landabengo industrialdearekiko lotura ohiko bidean proiektatzen baita, eta ez AHTarenean. Hala iragarri zuen 2019an Sustrai Erakuntza fundazioak txosten honetan. Izan ere, ordurako ezagutzen ziren Volkswagenen fabrikatutako autoak ohiko trenez garraiatuko zirela egiaztatzen zuten planoak, orain baieztatu den bezala.
Honela begi bistan geratu da Iruñerriko AHT proiektuak eraikitzaileen eta enpresarien poltsiko beteak handitzeko balio duela. Eta, hala ere, eragin larriak ditu ingurumenean eta pertsonen bizitzan, Iruñerriko trenbidearen erabiltzaileen egoera okerrera egingo baitu proiektu berri honekin.
Izan ere, beste behin ere, AHTa eraikitzeak egungo zerbitzuak okertuko ditu. Alde batetik, Nafarroako hiriburuarentzat berarentzat, tren geltokia erdigunetik urruntzen ikusiko baitu, eta bestetik, Nafarroako herri anitzentzat, orain arte tren konbentzionala erabili ahal izan dutenak eta aldiro zerbitzuak ixten eta kentzen doazela ikusten ari direnak. Argi dago AHTa eraikitzeak eta mantentzeak kostu handiak dituela, eta, ondorioz, gure eskualdeetako tren konbentzionalerako behar diren funtsak murriztu egiten dira. Hala gertatu da geltoki eta geralekuak galdu dituzten Nafarroako herri askotan, hala nola Castejonen, leihatilak eta eta ia geltoki handi osoa ixten ikusi duena.
Baina, gainera, Iruñea eta Tutera bezalako hirietan geltokiak hirigunetik kanpo ateratzen ikusiko dute, eta garraiobide gehiago behar izanen dituzte geltokietara iristeko. Iruñearen kasuan, San Jorge auzoan dagoen geltoki bat izatetik, lerro zuzenean erdigunetik kilometro eta erdira dagoena, Etxabakoitzera pasako litzateke, puntu beretik 3,5 km baino gehiagora legokeena.
Honela, trenbide berriak eraikiko dituzte, ingurumen eta gizarte inpaktu larriak ekarriko dituztenak, eta egungo trenbide-zerbitzuek okerrera egingo dute. Eta honek guztiak ez du ezertarako balioko, Nafarroan Abiadura Handiko Trena ez baita batere beharrezkoa. Gaur egun, bada trenbide bat eremu berberak zeharkatzen dituena eta herri berak komunikatzen dituena. Arazo handirik gabe hobetu eta moderniza daitekeen trenbidea da hau, askotan erakutsi dugun bezala, eta zehazki Nafarroarako Tren Publiko eta Sozialaren Proposamenean.
Krisi ekonomikoak eta ingurumenekoak gero eta nabariagoak diren garai hauetan, gobernuek benetako funtziorik betetzen ez duten azpiegituretan gastatzeari uzteko garaia da. Planetan eragiten ditugun ingurumen-inpaktuak gutxitu egin behar ditugu, eta, horretarako, Abiadura Handiko Trena eraikitzeari utzi behar zaio Nafarroan. Horregatik, Nafarroako biztanleei dei egiten diegu Etxabakoitz auzoaren etorkizunari buruzko erabakiak hartzen parte har dezaten eta garatu dugun alegazioa aurkez dezaten. Horretarako epea datorren maiatzaren 15era arte dago, Sustrai Erakuntza fundazioak lortu duen luzapenari esker.
Alegazioak aurkezteko jarraibideak:
Alegazioak jartzeko (epearen amaiera otsailaren 27a da, astelehena), estekatik deskargatu behar dira. Sakatu esteka honetan, eta irekiko den orri berrian bila ezazu deskargatzeko ikonoa (goian, eskuinean) eta klikatu. Alegazioaren dokumentua deskargatuko da zure ordenagailura.
Bilatu ezazu dokumentu hau zure ordenagailuan eta ireki ezazu. Ezin baduzu ireki, aurreko urratsean deskargatu beharrean, deskargatzeko ikonoaren ondoan duzu alegazioa inprimatzeko ikonoa. Kasu honetan, fitxategia PDF bihurtuko da, eta zure ordenagailura deskargatu edo behar duen aplikazioarekin irekiko da. Inprima ezazu dokumentua.
Hemendik aurrera, honako datu hauek bete ditzakezu ordenagailuan bertan, edo eskuz bete ditzakezu inprimatutako dokumentuan. Datuak dokumentu hasieran jarri behar dira, lerro batetik markatuta dauden eremuetan. Hauexek dira, hurrenkera berean, bete behar dituzun datuak:
- Izena eta bi abizen
- Nortasun Agiri Nazionalaren edo horren ordezko agiriaren zenbakia
- Helbide osoa (kalea, zenbakia, solairua, herria eta posta-kodea), baldin eta jakinarazpenen bat helduarazi beharko lizuketen.
Gainera, testuaren amaieran, testua sinatzen den lekua eta data jarri behar dira. Ondoren, sinatu egin behar da, eta sinatzen duen pertsonaren izena jarriko da. Pertsona horrek testuaren hasieran jarri duen izenarekin bat etorri beharko du. Alegazioak erregistro-bulego batean aurkeztu behar badira, gomendatzen dizugu sinadura boligrafo urdinez egitea inprimatutako paperaren gainean; izan ere, zenbaitetan, dokumentua erregistratzen duen administrazioko pertsonak ez ditu onartzen sinadura eskaneatuta dagoen eta dokumentuarekin batera inprimatu den dokumentuak.
Alegazioen dokumentua Nafarroako Gobernuaren erregistro bulego batean aurkeztu behar da. Webgune honetan duzue horretarako dauden bulegoen inguruko informazioa, bai eta non dauden ere. Horretarako baliabide egokiak izanez gero (ziurtagiri digitala edo erregistroko webean adierazten diren interneteko beste identifikazio moduak), alegazioa internet bidez ere jar daiteke, Nafarroako Gobernuaren erregistro elektroniko orokorraren bidez.