Sustrai Erakuntzak Aroztegia makroproiektuaren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia egiten du

    es 13 Mai 2021 - Prentsa oharrak, Urbanizazioak eta golf zelaiak

    Sustrai Erakuntza Fundazioak larunbat honetan, maiatzak 15, 17:30ean Elizondoko plazatik AROZTEGIA GELDITU: UGEPik EZ, INPOSIZIORIK EZ! lelopean deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.

    Sustrai Fundazioak, prozesu honen hasieratik egin dugun bezala, jarraitzen dugu babesa ematen Nafarroako Baztan bailaran, Lekarozko Aroztegian, golf zelai bat bere instalazioekin, hotel proiektua eta luxuzko ehunka etxebizitza eraikitzearen aurka eratu den Herri Mugimenduari. Proiektu espekulatibo honek bizkar ematen die Baztanen bizi direnen behar eta kezkei, eta gainera, herritarren erabaki demokratikoa erabat zapaltzen du.

    PSIS bezalako figura administratiboaren presio eta inposaketaren bidez, interes pribatuen negozio-goseari bazka eman nahi diote, azken hiru legealdietako Nafarroako Gobernuen konplizitate eta laguntzarekin. Bost axola zaizkie tokiko eta udal-autonomia, herritarren hitza eta erabakia eta natura- eta landa-ingurunearen defentsa.

    Sustrai Fundazioarentzat PSISen erabilera bertan behera uztea derrigorrezkoa da, Baztanen eta Nafarroa osoan: onura pribaturako baino ez du balio, komunalaren aurkako eraso zuzena da eta behar dugun lurralde-ereduaren plangintza demokratikoa galerazten du. Beraz, larunbatean, denok Elizondora, Aroztegia Herriarentzat.