Sustrai Erakuntza Fundazioa alegazioak aurkeztea bultzatzen ari da azken asteotan Nafarroan argitara ateratzen ari diren eguzki- eta eoliko-poligono andanaren aurka. Orain arte, eta hilabete pasatxoko epean, Fundazioak 19 alegazio aurkeztu dizkie dagoeneko beste hainbeste proiekturi. Era berean, beste erakunde eta pertsona partikular batzuk ere alegazio horiek edo antzekoak erregistratzen ari dira; izan ere, testuak eta horiek egiteko jarraibideak jendearen eskura jarri ditugu gure webgunean.
Eta datozen asteetan alegazioak aurkezten jarraituko dugu. Oraingoz, guztira 36 dira inpaktu eta tamaina handiko proiektuak. Hori da Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Gobernuak azken egunotan Nafarroan jendaurrean jarri dituzten proiektuen kopurua. Baina kopuru osoa askoz handiagoa izango da asteak eta hilabeteak pasatu ahala. Proiektuei buruzko informazio guztia eta alegazioak Sustrai Erakuntzaren webgunean eskura daitezke (www.sustraierakuntza.org).
Sustrai Erakuntzak hainbat alegazio egin behar izan ditu, eguzki- eta eoliko-poligono horiek arrazionaltasunik gabe planteatzen ari direlako. Alegazioetan bertan zehatzago azaltzen dugunez, proiektu horien garapenak ez du inolako plangintza demokratikorik. Abian diren proiektuekin nabarmen gainditzen ari da Nafarroako Energia Planean proposatutakoa. Une honetan, ez dago erakunde publikorik berriztagarrien garapena antolatzen edo zuzentzen duenik, ezta espekulazio-burbuila berri hori gelditzeko asmorik duenik ere. Eta, jakina, ez zaie inoiz kontsultatu herritarrei Nafarroan ditugun beharrei, inpaktuei eta energia-ereduari buruz. Hori guztia herritarren bizkar egiten ari da, modu guztiz antidemokratikoan.
Hori dela eta, alegazioen bidez martxan dauden proiektu guztiak geldiaraztea eskatzen diogu Gobernuari. Beharrezkoa ikusten dugulako Nafarroan behar dugun eredu energetikoaren inguruko hausnarketa eta plangintza prozesu egoki bat irekitzea. Eta bitartean, ez dira abian jarri behar tamaina honetako proiektu eta poligono gehiago, ingurumenean, nekazaritzan eta gizartean dituzten eragin izugarriak direla medio.
Aurkeztutako proiektu eta poligono gehienek eragin larriak dituzte Nafarroako ingurumenean. Horiek ezartzeko, lur-mugimendu handiak egin behar dira, eta pista handiak ireki lursail naturaletan, kasu askotan jende gutxi ibiltzen den eta natura-balio handiak dituzten eremuetan. Gainera, eremu babestuak eragiteraino iristen dira. Guztiaren ondorioz, landaredia suntsitu, animalia-espezieen habitatak zatikatu eta oztopo artifizialak sortu egiten dira, animalien mugimenduak eta pasoak zailduz.
Baina, batez ere, Nafarroako poligono eolikoek sortzen duten hegaztien hilkortasuna azpimarratu behar dugu. Nafarroako Gobernuak zenbatu eta emandako parke eolikoetako hegazti-faunaren heriotzen datuak aztertu ditugu, aurrerago zabaldu eta jakinaraziko ditugunak. Oraingoz egiaztatu ahal izan dugu hegazti-fauna nahiz espezie babestuen sarraskia kritikoa dela.
Duela gutxi jarritako instalazioek, hala nola Cavarkoak, Yugo mendilerroan eta Bardeako Parke Naturalaren gisako naturguneen mugakideek, putreak, miruak eta beste espezie babestu asko hiltzen dituzte, hain eskasa diren basoilo txikiak eta handiak barne, erakunde ekologistek behin eta berriz salatu duten bezala. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, 2020ko uztailetik, parkea martxan jarri zenetik, 2021eko martxora arte, 8 hilabete eskasetan, 80 sai hil zenbatu dira, beste hegazti eta saguzar espezie batzuekin batera, guztira 124 ale. Eta horiek dira atzemandakoak…
Orain proiektu berri batzuk aurkeztu dira, hala nola, “Tenplarioak“, natur-, paisai- eta ondasun balio handiak biltzen dituen eremu bati eragiten diona, eragiten diona, edo “Corralesenak“, Uxue eta Pitillasen. Azken horiek Pitillasko aintziratik gertu daude, Natur Erreserba eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatuta; beraz, kalte larriak izango ditu hegazti-faunan, eta, bereziki, sai arreetan, sai zurietan, aztore-arranoetan eta beste hegazti eta saguzarren espezie askotan, haietako asko babestuak. Garrantzitsua da gehitzea Nafarroako Erriberan ere eguzki-energia biltzeko poligono handi bat instalatzea aurreikusten dela Azkoienen eta Andosillan, 600 hektareatik gorako lursail naturala okupatu nahi duena. Ahaztu gabe jadanik beste proiektu batzuek zientoka hektarea okupatuak dituztela. Beste eragin negatibo bat gehiago animalien ekosistemetan.
Baina, gainera, Nafarroako energia-sistemaren garapena, eta, hedaduraz Espainiako Estatukoak, ez dira egokiak, energia elektriko gehiago kontrolik gabe instalatzen ahalbidetzen dutelako. Gaur egun, Nafarroan kontsumitzen dugun elektrizitatearen % 46 berriztagarria da, eta aurreko urteetan ehuneko hori are handiagoa izan da. Gaur egun Nafarroan energia berriztagarriek pisu handia dute, eta neurri handi batean, esportatu egin behar da. Izan ere, 2019an Nafarroak ekoitzi zuen elektrizitatearen % 30 esportatu zuen, eta ehuneko hori gero eta handiagoa izanen da, instalatu nahi diren proiektu guztiak aurrera eramaten badira.
Muineko arazoa da Nafarroan kontsumitzen dugun energia guztiaren % 21 baino ez dela elektrizitatea. Egiten ditugun energia-kontsumo gehienak beste formatu batzuetan gertatzen dira, batez ere beroa energia mekaniko edo termiko bihurtzeko, erregai fosilak erretzearen bidez. Haren kontsumoa nagusi da garraioan eta industrian, eta ez dago inolako plangintza garrantzitsurik kontsumo hori elektriko izan dadin, orain arte bederen.
Beraz, Nafarroan jatorri berriztagarriko elektrizitate kantitate gehiago ekoizteko instalazioak ezartzeak gutxi lagunduko du aurre egin behar diegun arazoak konpontzen: klimaren alterazio larria eta energia fosila erauzteko gailurra. Energia berriztagarriko proiektu berrien uholde horren helburua ez da bi krisialdi horiek konpontzen laguntzea. Enpresa eta pertsona batzuen poltsikoak are gehiago gizentzeko baino ez dute balioko.
Horregatik guztiagatik, alegazio horien bidez, Nafarroako eta Estatuko gobernuei eskatzen diegu abian diren proiektu guztien moratoria orokor bat ezar dezatela, eta behar dugun energia-ereduari buruzko hausnarketa eta plangintza demokratiko egokiak egin ditzatela, honako hauetan oinarrituta: kontsumoen murrizketa, energia aurreztea, ekoizpen deszentralizatua eta azken kontsumo-lekuarekiko hurbiltasuna, non udalek eta kontzejuek, beren biztanleekin batera, eta, bereziki, landa-ingurunearekin batera, haien planifikazioaren eta garapenaren jakinaren gainean egon daitezen, natura-ingurunea eta herri-ingurunea gure lurraldean gertatzen ari diren diru-gose eta espekulazio erasoetatik babesten.