NATOk eta makroproiektuek bizitzarendako mehatxuaren aurrean, antola gaitezen

    es 12 Mar 2026 - Nafarroa Bizirik Nahi Dugu manifestua, Prentsa oharrak

    Duela 40 urte, 1986ko martxoaren 12an, Nafarroa eta Hego Euskal Herria NATOren aurka agertu ziren: Estatu Batuen agindupeko planetako erakunde militar indartsuena. Gerra-makina erraldoia, herriak eta herri-klaseak kontrolatzeko eta menderatzeko diseinatua, bai eta lehengaiak (petrolioa, gasa, uranioa, kobrea, koltana, litioa, kobaltoa, titanioa…) bereganatzen direla bermatzeko ere. Eta hori guztia “mendebaldeko bizimodu” kontsumista eta xahutzaileari eusteko, botere kapitalistak pertsonak, herriak eta nitxo ekologikoen gainustiaketan oinarrituta.

    Krisi anitz batean murgildurik gaude: ekologikoa, politikoa, ekonomikoa, baliabide naturalena… Bata bestearen atzetik kateatu eta anplifikatzen diren krisiak dira hauek. Eta beren sustraiak bizitza estilo horri eusteko etengabeko hazkundea sustatzen duen onura pribatuaren bilaketan datzate. Hazkunde hori ezinezkoa da planeta finitu batean, dagoeneko 9 planeta-mugetatik 7 gainditu dituena. Hain zuzen ere, sistema kapitalista honek bultzatzen duen kontsumismoak eragin du muga zeharkatze hauek.

    Testuinguru honetan, NATOk, haien hegemonian zalantzan jartzen diren Estatuen bloke ekonomiko globalen zerbitzura dagoena, are mehatxu handiagoa dakar: autoritarismoa, gastu militarren igoera, migrazio-kontrola, baliabide eta lurraldeen kontrolarengatiko gerra eta heriotza. Ez hori bakarrik. NATO Lurreko erakunderik arriskutsuena da. Bizitza hiltzeko makina bat, herrialde kideen aurrekontu militarrekin, urtean 233 milioi tona berotegi-efektuko gas ekoizten dituena. Bere botere globala mantentzeko erailtzen jarraituko duen makina da hau, nahiz eta diskurtso berdea erabili 2050erako karbonoaren neutraltasuna lortzeko konpromiso zinikoarekin, emisio baxuko teknologiak eta berriztagarriak txertatu nahian.

    Eta honek guztiak badu isla Nafarroan. Ez da kasualitatea NATOn mantentzen gaituzten indar politikoak Bardeetako (Biosferaren Erreserba eta Parke Naturala) eta Ablitasko aerodromoko jarduera militarra legitimatzen duten indar berak izatea, edota gerraren industriarako zuzenean edo zeharka lan egiten duten enpresei laguntzen diotenak, edota Castejongo zentral termikoak eta korporazio elektriko handien esku dauden makroproiektu berriztagarriak mantentzen dituztenak, Mina Muga eta Erdizen meatze-proiektu multinazionalak edo Abiadura Handiko Trena bezalako makroazpiegitura suntsitzaileak sustatzen dituztenak.

    Zinez garai gogor batean murgildurik gaude: klase herrikoien bizitzaren narriadura, baita planetako bizitzarena ere, ezagutzen dugun bezala, bizkortzen ari da. NATO, Abiadura Handiko Trena, miseriaren baldintza ekonomiko eta sozialen aldeko greba, makroproiektuen inposaketa korporatiboa eta abarren aurkako unean uneko mobilizazioak mugimendu koordinatu eta iraunkorra bihurtzeko gai izan behar dugu. Kapitalismo harrapariak eragindako eta gobernuek eta haien erakunde-sareek sostengatutako krisi ekologiko eta sozialari aurre egiteko indar eta dinamiken bateratzea sustatzea.

    Sustrai Fundazioak datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Ondasun naturalen eta energiaren desmerkantilizazioa lortzeko borrokan aurrera egitea helburu dute mobilizaziook, ondasun horien kudeaketa eta zaintza komunalerako pribatizatutako guztia berreskuratzen lagundu behar digute mobilizaziook, gizartearen garapen arrazionalean, naturak ezarritako mugetara egokituta, pertsona guztien oinarrizko beharrak benetan beteko dituena, eta beharrezkoak ez diren kontsumoak ezabatzen lagundu behar digute mobilizaziook.