Nafarroan ureztatze zonaldeen hedapena eta nitratoek eragindako kutsadura, porrot baten kronika

    es 26 Mai 2025 - Makroustiategiak, Prentsa oharrak, Ura eta urtegiak

    Duela gutxi jakin dugu Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak handitu egin behar izan dituela nekazaritza iturrietatik datozen nitratoengatiko zona kalteberen eremuak. Zonalde hauek lur gaineko zein lurpeko uretan nitratoen kontzentrazioak legediak ezarritakoa gainditzen dituzten Nafarroako zonaldeak dira (25 eta 37,5 mg/l, hurrenez hurren). 

    Kontuan izan behar da uretan nitratoak egoteak ondorio larriak ekar ditzakeela pertsonen eta animalien osasunean, odolak oxigenoa garraiatzeko gaitasun txikiagoa duelako, eta minbizi mota desberdinak sortzeko arriskua dagoelako. Era berean, gehiegizko nitratoen ondorioak gainazaleko uretan antzeman daiteke, hezeguneen eutrofizazioa eragiten baitute. Honen ondorioz, uretako oxigenoa murrizten da eta hezeguneetako berezko espezieak murriztu eta desagerrarazten ditu. Era berean, hezegunetako berezko flora komunitateak nitrogeno premia handiagoa duten beste landare mota batzuek desplazatzen dituzte. Honela, ekosistemak asko aldatzen dira, eta, ondorioz, jatorrizko flora eta fauna hartzeko gaitasuna izugarri zailtzen da. 

    Beraz, nitratoz kutsatutako eremuak handitzeko erabakia oso albiste txarra da. Ingurumen Departamentuak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Nafarroan nitratoz kutsatutako eremuak 2020an izendatutako 4 eremu eta 99.259 hektarea izatetik 12 eremu eta 247.854 hektarea izatera igaroko dira egungo proposamenaren arabera. Ondorioz, kaltetutako azalera bider 2,5 handituko da, eta hektarea hauen % 65,52a labore ureztatuei dagokie

    Nafarroako Gobernuak beste porrot bat egin du ingurumenaren kudeaketan. Nitratoek kutsatutako azalera handitu baino ez da egin 2002. urtean Zona Kalteberak izendatu zirenetik. Honek esan nahi du azken urte hauetan eta onartutako dekretuetan proposatutako neurriek ez dutela ia emaitzarik izan, kontrakoa baizik

    Eta ez dute halakorik izan, ez baita inoiz erabaki nitratoz eragindako kutsaduraren jatorrian esku hartzea. Nafarroako Gobernuak zona kalteberetarako onartu dituen jarduera-programa guztiek neurri bigunak baino ez dituzte jaso, eta neurri horiek ez dute eraginik nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren hedadura neurrigabean. Aitzitik, makrogranjak, hauei lotuta doazen planta biometanizatzaileak eta ureztatze laboretan oinarritzen den nekazaritza intentsiboa sustatzen jarraitu izan dute. Orain arte, ez da aurkeztu landa eremua industrializatzen duten praktika hauetarako moratoria bat barne hartzen duen programarik, nitratoz eragindako kutsaduraren azken jatorria direnak, alegia. 

    Are gehiago: Nafarroako Ubidearen ureztaketa zonaldea Erribera osora zabaltzeko asmoa du Gobernuak, Erdialdeko eta Lizarraldean egin ondoren. Hain zuzen ere, nitrato bidezko kutsadurak esponentzialki gora egin duen eremua Cidacos ibaiaren arroa izan da, Erdialdean, hain zuzen ere, lehorreko lursailak ureztatze-lursailak izatera pasatu ziren zonaldea, Nafarroako ubidea eraiki ondoren

    Honela, Ureztalurren Foru Planean, jendaurreko fasea amaitu berritan, alde batera utzi eta baztertu egin dituzte ureztapena hedatzeak nitratoz eragindako kutsaduran dituen ondorio negatiboak, eta 2.856 hektarea berri eraldatzea aurreikusi dute, guztiak Erriberako Nafarroako Ubidearekin lotuta. Emaitza aurreikus daiteke: gaur egun Erribera izanik nitratoek eragindako lurzoruen eta uren kutsadurari dagokionez emaitzarik txarrenak eskaintzen dituen eremua, nitratoak biderkatu egingo dira, Nafarroan industria-nekazaritzak duen ureztatze-hedadura handienarekin, Ubidearen eraikuntzarekin. Etorkizuna ezin larriagoa da kudeaketa honekin jarraituz gero: ia Nafarroa osoa Iruñetik behera nitratoz kutsatuta

    Nekazaritzaren helburua ekoizpen handia izatea denean, haren kalitateak behera egiten du, eta kutsaduraren ondorioek okerrera egiten dute. Nafarroan nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren eredua esportazio eredua da, ez autosufizientziakoa. Nafarroan landa-eremuan gauzatzen ari den politika gure erkidegoak behar duen kontrakoa da. Nekazaritza eta abeltzaintza industrialen hedapena geldiarazteko, beharrezkoa da MORATORIAK ezartzea nekazaritza industrial ureztatuari, makrogranjei eta biometanizazio-plantei, berriki Makrogranjen Kontrako Nafarroako Plataformak eskatu duen bezala. Ez da neurri “martzianoa“: Gaztela-Mantxa edo Katalunia bezalako erkidegoek lehenago ere agindu dituzte. Eta Nafarroako egoerak premiaz behar du

    Jule Goñi Montero eta Martin Zelaia Garcia sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.

    Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzeko obrak.