Nafarroako tokiko abeltzaintza sektorearen eta ingurumenaren aurkako kolpe berria

    es 4 Ira 2025 - Makroustiategiak, Prentsa oharrak
    • Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak oniritzia eman dio Caparrosoko Valle de Odieta makrogranja handitzeko
    • Sustrai Fundazioak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekiko gaitzespena eta konfiantza galera adierazi du

    Irailaren 2an, asteartean, hasi zen Valle de Odietako zuzendarien aurkako epaiketa, Aragoi ibaiaren kutsaduragatik, Caparrosoko makrogranjaren jardueraren ondorioz ingurumen delituaren zantzuak aurkitu zituztelako. Ez da lan erraza enpresa bateko ordezkariak horrelako arrazoiengatik epaitegian eserita ikustea. Zalantzarik gabe, oso gertakari garrantzitsua da. Oso gertakari garrantzitsua izan zen ere epaiketaren bezperan Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oniritzia Caparrosoko makrogranja bera handitzeko, zeinaren jarduera kutsatzailea epaitzen ari diren. Baimen horri esker, Valle de Odieta 10.072 abelburu izatera pasako da, gaur egun baino % 29,13 gehiago.

    Departamentuaren erabakia kolpe gogorra izan da. Ez du balioko lehen sektoreak eta ingurumenaren kontserbazioak eta zaintzak dakartzan arazoei buelta emateko, ezta hauek zuzentzeko ere. Abeltzaintzako industria eredua zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta ahulagoa da Nafarroako lurraldean banatutako familien eta tokiko abeltzaintza sarea, orduan eta langabezia handiagoa, belaunaldi-errelebo txikiagoa eta landa abandonu handiagoa. Abeltzaintza industriala zenbat eta gehiago finkatu, orduan eta handiagoak dira lurzoruaren eta akuiferoen kutsadura eta osasun publikorako arriskuak. Horrelako erabakiekin, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren sinesgarritasun politikoa, baita Nafarroako Gobernuarena ere, hutsaren hurrengoa da.

    Sustrai Erakuntza Fundaziotik, gure harridura adierazi nahi dugu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Valle de Odietaren alde hartu duen erabaki honengatik. Abuztuaren 8an, Sustrai Erakuntzak Departamentu honekin bilera eskatu zuen. Arrazoia oso zehatza zen: Valle de Odietak bere negozioen tamaina handitzeko egindako saiakeren aurrean, eta honek ekarriko dituen ingurumen eta gizarte eragin larriak ikusita, gure kezka, analisia eta proposamenak helarazi nahi genizkion. Departamentuaren erantzuna gaurko, irailaren 4rako, hitzordua jartzea izan zen: epaiketa egin eta 2 egunera, eta, ezustean, guretzat, makrogranja handitzeko proiektuaren ingurumen onarpena eman eta 3 egunera.

    Fundazio gisa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dugun etsipena eta konfiantza galera besterik ezin dugu adierazi. Azken urteetan, eta abeltzaintzaren lehen sektorearen krisia eta nitratoek eragindako kutsaduraren igoerari entzungor, erakundeen erantzunak Valle de Odietaren ereduari bide emateko baino ez du balio izan. Nafarroako Gobernuaren jarrera konplize horren erakusgarri ditugu honakoak:

    • 2018an, errekurtsoen bidea ez agortzea eta azken momentura arte Valle de Odietaren handitzearen ukapena ez defendatzea erabaki zuenean.
    • Animalien Osasunari buruzko Legea onartzeari motel ekin zionean.
    • Makrogranjaren jarduera modu eraginkorrean kontrolatzeko irmotasun falta erakutsi duenean, nahiz eta joan den asteartean epaiketan lekukotza eman zuten teknikariek kutsadura larriaren zantzu ugari aurkitu zituzten (aspersore inguruan “erretako” landaredia, nitrogeno maila handiko laginak, suntsitutako ekosistemak, etab.). Ingurumen Departamentuaren sendotasun falta honen adierazlerik nagusiena epaiketan bere burua salatzaile gisa ez aurkeztea izan da, honela, naturagune babestuen defentsari eta integritateari uko eginez.
    • Nafarroan makrogranja industrialak esponentzialki handitzearekin kolaboratzen jarraitzen dutenean, lurzoruen nitrato bidezko kontaminazioa areagotzea dakartenak. Ikusi besterik ez dago Europar Batasuneko legediak aginduta Nafarroako Gobernuak dekretatu behar izan duen Nitrato Kutsaduragatik Zaurgarriak diren Eremuen igoera: hasierako 4 eremuetatik oraingo 12etara pasatu behar izan du, eta honek azalera 247.854 hektareatara igo du, aurreko izendapenetan baino 2,5 aldiz gehiago.

    Honengatik guztiagatik, Sustrai Fundazioak jakinarazten du ez dela joango Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin programatutako bilerara, protesta gisa eta bere jarduerekin erabateko desadostasuna adierazteko. Aldi berean, nekazaritza eta abeltzaintza eredu ekologiko eta lokalaren aldeko herri lana egiteko deialdia luzatzen dugu, lurraldearen eta bertako jendearen defentsan.

    Valle de Odietako arduradunen aurkako epaiketa hasi aurreko prentsaurrekoaren unea.