Lehengo fasean Euskal Herriko 75 pertsona garrantzitsuk sinatutako manifestua aurkezten dizuegu, tartean Sustrai Erakuntzako kideek. Manifestu horrek energia berriztagarrien egungo megaproiektuen hedapena gelditzea eskatzen du, eta Euskal Herrian trantsizio energetiko bidezkoa eta benetan iraunkorra lortzeko gai nagusiak proposatzen ditu. Manifestua, sinatzaileen zerrenda osoa eta zuk ere sinatzeko aukera, webgune honetan dituzu: https://megaproiektumanifestua.blogspot.com/.
Non gaude?
Oso krisi ekosozial sakona bizi dugu. Maila ekologikoan, gure soroak pobretzen ari dira monolaborantzaren ondorioz, gure ibai kutsatuak gero eta emari txikiagoz daude eta elurra ari da eskasten Gorbeian eta Pirinioetan. Maila sozialean, gero eta gehiago dira hilaren amaierara iristeko zailtasunak dituzten pertsonak, hotza eta beroa pasatzen dutenak eta ilunpetan bizi direnak, argiaren eta gasaren fakturei aurre egitea ezinezkoa zaielako. Bitartean, gerra munduan zehar hedatzen ari da. Babes bila datozen pertsonek Mediterraneoan hiltzen jarraitzen dute. Eskuin muturra eta autoritarismoa indarra hartzen ari dira Europa osoan. Euskal Herriko gizarte-eredua zalantzan dago. Pentsaezina zena arrunt bihurtu da, eta krisia gure normaltasun berria da.
Nola iritsi gara honaino?
Hazkunde ekonomiko, ondasun eta zerbitzu ororen merkantilizazio, erregai fosil eta globalizazio kapitalistaren aldeko apustuak porrot egin du. Gainera, estrukturalki bidegabea eta jasanezina den bizimodua izan da. Hego Euskal Herria gaur egun digestore fosil eta industrial izugarria da. Egun duen osasun ona salgaien etengabeko zirkulazio globalaren eta etekinen banaketa desorekatuaren mende dago. Hau da, gure aberastasuna, monopolizatuta eta modu desorekatuan banatuta dagoena, ezingo litzateke eman Hego Globaleko estraktibismoa eta zapalkuntzarik gabe, nazioarteko logistika eta garraiorik gabe (erregai fosil merke eta kutsatzaileetan oinarritzen dena), prozesu industrialek eragindako suntsipen ekologikorik gabe eta krisi klimatikoaren erantzule nagusietako bat den eta gure Herrialdeko BPGaren % 25etik gora den automobila bezalako kontsumo-ondasunen esportazio iraunkorrik gabe.
Honek guztiak aldi berean menpeko eta kaltebera egiten gaitu. Menpekoak, bizimodu hau ezinezkoa litzatekeelako espoliatzen ditugun pertsona eta lurralde horiek guztiak gabe. Baina baita kalteberak ere, kate logistiko erraldoi horien etenaldi edo ezegonkortze orok eragotzi egingo bailuke gure lurraldearen eta bertako biztanleen, eskaerei – eta ez beharrei – eustea. Era berean, bizimodu hori bidegabea eta jasanezina ere bada. Ez da bidezkoa, ezin izango litzatekeelako maila globalean eman. Bestetik, ezingo genioke bizimodu honi eutsi gizon eta emakume, edo munduko beste leku batzuekiko harreman hierarkikorik gabe. Ez eta sistema beraren barne gatazkarik gabe, hala nola esplotazioa eta desberdintasun soziala. Bizimodu hau jasanezina ere bada, hazkundearekiko dugun obsesioa zuzenean lotuta baitago gero eta energia gehiago behar izatearekin, honek dakarren gero eta bizkorragoa den suntsipen ekologikoarekin batera (ez dena soilik klimatikoa).
Zer irtenbide eskaintzen zaizkigu?
Teorian gure bizimodua ukitu gabe utziko lituzketen trantsizio berde eta digitalak eta aldaketa teknologikoak edonon dira entzungai. Aldi berean, trantsizio mota hauek gauden atakatik aterako gintuzketela esaten zaigu.. Musika horren erritmora, Hego Euskal Herrian, enpresa-sareak, oligopolio energetikoak eta alderdi politikoek egokitzapen-plan propioa prest jarri dute eta Klima Aldaketari buruzko Lege autonomikoetan islatu dute. Lehenik Nafarroako Parlamentuan eta berriki, Gasteizkoan. Neurri bateraino parteka genezakeen diagnostiko batetik abiatzen dira. Baina soluzio partzial, murriztaile eta engainagarriak diren proposamen partzialak egiten dizkigute, egungo kontsumo-mailak mantentzea helburu dutenak, maila hauen gure planetaren mugak gainditzen dituztelarik. Testuinguru horretan, deskarbonizazioaz hitz egiten digute. Baina gero praktikan, bakarrik ekonomiaren elektrifikazioaz ari dira eta isuri kutsatzaile horiek beste latitude batzuetara esternalizatzen dituzte, Europatik kanpo, horien kalteak hautematen ez diren tokietara. Pixkanaka, ikusten dugu energia-kontsumoa murrizteko konpromisoak ez direla zin egin bezalakoak. Ez datoz mekanismo zehatzekin batera, eta deskarbonizazioaren helburua isuri garbietara mugatzen dira, eremu autonomiko edo estatalean. Azken finean, botere ekonomikoek berriztagarrien makropoligonoak eta horiei lotutako azpiegiturak garatzeko karta zuria da.
Egungo garapen-ereduak honako mitoa elikatzen du: berriztagarri industrialek beste energia-erabilera batzuk ordezkatzea ahalbidetzen dutela, egungo kontsumo maila mantenduz. Oraingoz, sistema berriztagarriek ekoizpen fosilaren hedapen gisa funtzionatzen dute, lehen mailako energia-iturrien benetako ordezkapen gisa baino gehiago. Horrenbestez, eztabaidatik eta trantsizio-planetatik kanpo geratzen dira garapen teknologikoa ekarri behar duten egiturazko aldaketen aipamen esplizitu guztiak, baita beren helburuak gauzatu ahal izateko palanka boteretsuenak ere: elikadura- eta garraio-ereduak. Garraioak berak gure lurraldeko energia-kontsumoaren % 40 baino gehiago dakar.
Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskeintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo eta energetikoa erabat eraldatzea, eta gure lurraldeen demokratizazioan sakontzea.
Zer proposatzen dugu?
Geure burua engainatzeari utzi behar diogu eta behetik gorako desazkunde prozesu antolatu bat premiaz martxan jarri. Horrela bakarrik izango gara gai nahitaezkoak diren hiru gauzak aurrera eramateko: a) krisi klimatikoa geldiaraztea gure ekoizpenaren deskarbonizazio eta desfosilizazio erreal baten bidez; b) birsortze ekologikoaren alde lan egitea, gure ekonomia biosferara egokitzen dugun bitartean; eta, c) gure herriarentzat bidezkoak, berdinzaleak eta autonomoak diren bizitzak bermatzea.
Gure ustez, gure erantzukizuna ez da geure buruari galdetzea nola bermatuko dugun enpresek energia eta materialak kontsumitzen eta kapitala pilatzen jarraitzea. Edo nola eutsiko diegun hiri-aglomerazio handietako energia-kontsumoei eta materialei (modu jasanezinean gero eta biztanle gehiago biltzen baitituzte, isilean hartzen ari diren erabaki politikoen ondorioz). Euskal Herriko biztanleok herri mugimendu gisa dugun ardura nagusia beste bat da: bizitza eta lurraldea defendatzea.
Gure ustez, egungo suntsipen kapitalistari aurre egiteko aukera bakarra sozialki berrantolatzea da erori garen tranpatik ateratzeko. Egungo desio kapitalistak betetzeko zenbat lurralde behar den pentsatzeari utziko dioten bizimoduak berreraiki beharra daukagu. Desio horiek aldatu behar ditugu, gure lurraldearen neurrikoak izan daitezen. Horregatik, megaproiektu berriztagarri korporatiboenn garapen itsuaren aurrean, bizitzaren defentsarako eredu bat proposatzen dugu, Euskal Herrirako desazkunde-eredu bat, ondoko ardatzetan oinarriturik:
1. Gure lurraldearen mugak kontutan hartu behar ditugu, ondoren zer bizitza motari eutsi diezaiokeen pentsatzeko. Gure ekonomiaren oinarriak berriztagarrien aprobetxamendua eta elikagaien ekoizpena izan behar dira, egungo menpekotasun fosil eta mineraletik ihes eginez. Gure bizimoduak eraldatzeko estrategiak adostu behar ditugu. Gure kontsumoa, justizia eta birbanaketa oinarri hartuta, murrizteko. Agroekologiari bultzada indartsu emateko. Eta eskala txikiko autokontsumoaren aldeko apustu unibertsala, komunitario eta demokratiko sustatu eta bermatzeko. Horrek ezinbestean ekarriko du egungo hiri eta industria eredua zalantzan jartzea eta berau eraldatzeko lanean hastea.
2. Egungo garapen berriztagarriaren helburua ez da fosilen zeregina ordezkatzea. Megaproiektu berriztagarriek sareko nodoak itotzen dituzte, eta linea elektriko handiak behar dituzte ekoitzitako energia husteko. Horrek energia-merkatu handi bat sortzen laguntzen du, kostuan lehiatu daitekeen teknologia orori lekua egiteko, Frantziako nuklearretatik Marokoko ziklo termikoetara. Horren aurrean, erregai fosilak alde batera utzi ahal izateko, produkzioaren birlokalizazioaren alde egiten dugu, bertako baliabideekin orekan egongo dena, baina estrategia energetikoak dibertsifikatuz elektrifikaziotik haratago. Elektrizitateak funtsezkoa izango da zenbait sektoreren deskarbonizazioan, baina egungo garapen-plana ez da gai elikagai, industria eta garraio sektoreen premiazko eta beharrezko deskarbonizazioari irtenbidea emateko.
3. Planteatzen den edozein energia esparruk bateragarria izan behar du berriztatze ekologikoa abian jartzeko betebeharrarekin, krisi klimatikoaren ondorioei aurre egiteko oinarria baita. Hala ere, hau egiteke dago oraindik. Egun entzun ditzakegun diskurtso anbibalenteak gorabehera, oraingo energia planak megaproiektu handien garapenera mugatzen dira modu akritiko batean. Izan ere, egungo trantsizio energetikoa 200 m baino gehiagoko dorre eolikoen eta fotovoltaikoen poligono handiak sustatzera mugatzen da. Honek eragin zuzena du hegazti-faunan, eta ekosistemen zatiketak biodibertsitatea mehatxatzen du.
4. Erakunde askok planteatzen digute enpresa transnazionalen esku dauden instalazio berriztagarri handien eredua bateragarria dela oinarrizko autokontsumo komunitario batekin. Zenbaitetan, hau posiblea bada ere, eredu honek behar dituen azpiegitura elektrikoak, inbertsioak eta gobernu-erakundeak bateraezinak dira epe ertainean. Gaur egun, megaproiektuen eta autokontsumoaren ereduaren arteko aldea nabarmena da, eta horrek megaproiektu korporatiboen diskurtso funtzional gisa salatzera garamatza, kapitalaren interesak herritarren interesen gainetik asetzeko apustu garbia baita.
5. Deskarbonizazioaren premiak oker bat sinistera garamatza, alegia, kontsumoa murriztea, eskala handiko instalazio berriztagarriak garatzea eta autokontsumoa sustatzearen artean ezin dugula hauetako bat lehenetsi. Gure ustez, hau akats handia da. Izan ere, lehentasunak ezarriko lituzkeen programa politikorik gabe, egungo energia-plangintzek eta baliabideek trantsizioa megaproiektu korporatiboen hedapenera mugatzen dute, autokontsumoaren hedapena banakako ekimenera baztertuta gelditzen delarik. Ebidentzia horren aurrean, plangintza-mekanismo berrien beharra defendatzen dugu, kontsumoaren lurralde-muga batetik eta autokontsumoa eskala desberdinetan sustatzetik abiatuta, gure herriaren energia-politika egituratzeko ardatz gisa.
6. Garrantzitsua da trantsizio ekologikoa, gaur egun bezala, demokraziaren kontura ez egitea, baizik eta hori bultzatzeko balio izatea. Udalen eta kontzejuen ahotsak ukatu beharrean, Tapia Legeak edo Nafarroako PSISek edo proiektuen azelerazioari buruzko Europako Zuzentarauak egiten duten bezala, erdigunean jarri behar ditugu. Demokrazia ezin da izan formaz inposatutako eskala handiko garapenen konponketa kosmetikoa. Horren aurrean, aldez aurretik kontsulta libre, informatu eta lotesle bat egitea proposatzen dugu, afektatutako komunitateei hitza emanez, bai eta edozein proiekturen aurrean zuhurtzia-printzipioa eraginkortasunez aplikatzea ere.
7. Adierazi dugun bezala, egungo egoera delikatuaren oinarrian gure bizimodu inperiala dago, baina ezin dugu ahaztu erantzukizuna ez dagoela era berean banatuta. Askok eta askok hilabete amaierara iristeko ahalegina egiten duten bitartean (bereziki emakumeak talde ez hegemonikoen artean), enpresa energetikoek eta bankuek mozkinak metatzen dituzte eta etorkizuneko zorra bereganatzen jarraitzen dute European Green New Dealen finantzaketarekin. Erantzukizunen banaketa desberdin horren aurrean, antolaketa honek sortzen dituen harreman asimetrikoak auzitan jarri behar dira. Batez ere, aktore politiko eta enpresariek eragiten duten lurraldearen suntsiketa gelditu behar da, bizitzaren oinarri baita.
8. Egungo krisi egoerak ezartzen digun eraldaketa sozioekonomikoa herritarrak zentroan jartzeko aukera gisa ere ulertu behar dugu. Ahalmen demokratizatzaile hori ezin da egungo energia ereduari erantsi; aitzitik, energia ereduaren printzipio eta gidari izan behar da. Honela, egungo energia sisteman parte diren eragileak, prozedurak eta erakundeen egokitasuna zalantzan jarri behar ditugu. Ekoizpen eta kontsumo tokiak hurbilduko dituen birlokalizazioaren aldeko apustua egiten dugu. Hori funtsezkoa da herritarrak haien lurraldeetarako nahi duten energia ereduaz arduratzeko eta ahalduntzeko.
9. Ingurumen inpaktua garapen motaren araberakoa da. Honela, teknologia desberdinek eragin desberdinak dituzte. Honi gehitu behar zaio eskala handiko garapen korporatiboak eragin kualitatibo desberdina dutela, eta, gainera, sakrifikatu beharreko eremutzat hartzen diren lurraldearen zati batzuetan metatzen direla. Maila txikiagoko garapenek inpaktuak banatu eta apaltzeko aukera ematen dute, berauek justifikatzen dituzten kontsumo-moduetara hurbilduz. Azken hau askoz ere oinarri zentzudunagoa eta eraginkorragoa da trantsizio energetiko justu baterako.
10. Makroproiektu berriztagarri korporatiboen garapena askotan subiranotasun energetikoari erreferentzia eginez justifikatzen da. Funtsezkoa da kontuan hartzea megaproiektuek goi-tentsioko lineak dakartzatela eskutik, hauek sortutakoa ebakuatzeko. Goi-tentsioko linea hauek Red Eléctrica de Españak kudeatzen ditu era externo batean, eta operazio-baldintzak ezartzen ditu. MIBELek (Mercado Ibérico de Electricidad), berriz, ustiapen ekonomikoaren baldintzak ezartzen ditu. Ustiapena, kontrola eta kudeaketa kanpotik egiten da, merkantzia gisa ulertzen den energiaren onura ekonomikoa maximizatzeko helburuarekin. Subiranotasuna eraiki nahi duen edozein proiektuk behe-tentsioko sareak bultzatza eskatzen du, energiaren tokiko kudeaketa ahalbidetzeko eta energia desmerkantilizatzen laguntzeko.