Maiatzaren 26a: trenaren aldeko eta AHTren aurkako eguna

    es 21 Mai 2018 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Mobilizazio egunaren kartela...Larunbat honetan, maiatzaren 26a, AHTren aurkako eta tren sozialaren Nafarroako mugimenduak tren geltoki eta geraleku guztietan ekintzak eginen ditu. Altsasutik arratsaldeko 16:01etan pasatzen den eta Tuterara 17:57etan ailegatzen den trenaren aurrean izanen dira ekintzak. Artikulu honekin deia egiten dugu mobilizazio egun honetan parte hartzeko

    Trenak hainbat hamarkadatan eskualde desberdinetako herrien arteko mugikortasun jasangarria izaten lagundu du Nafarroan, baita herrien eta hiriburuen artekoa ere. Horretarako, ibilbideko herriak lotzen zituen sare egonkorra zuen, zeinetan geralekuek eta geltokiek bermatzen zuten trenaren erabilera. Horiek horrela, Renfeko trenbideak besterik ez badugu hartzen, 37 tren geltoki izatera iritsi ginen Nafarroan.

    Alabaina, biztanleria hirietan biltzeak (Nafarroako biztanleen ia erdia Iruñerrian bizi baita) eta auto pribatuaren ezarpen masiboak trenaren zerbitzu eta egiturak murriztea eta hondatzea ekarri zuten. Esate baterako, aipatutako 37 geltokiak izatetik 10 izatera igorri gara. Egungo egoera ikusita, AHTaren inposizioa hil-hurren dagoen Nafarroako trenaren akabera litzateke, egitura erraldoia ezarri den lekuetan gertatu den bezala.

    Honela, gero eta zailagoa da ohiko trena, garraiobide eraginkor eta jasangarria dena, erabiltzea. Gure erkidegoko lurraldeak lotzeko, bai barrura begira, bai kanpora, trenak estrategia modernoaren aitzindaria izan behar luke, beste edozein garraiobidek baino energia gutxiago kontsumitzen baitu, eta, horregatik, klima-aldaketaren ondorioak txikitzen laguntzen du. Paradoxikoki, ohiko trena da baztertzen den garraiobidea, kutsatzen dutenak erabiltzera behartuta, errepidekoei AHTa erantsita.

    Estatu Espainiarrean bultzatzen den tren bakarra Abiadura Handiko Trena (AHTa) baita. Tren elitista horrek hiriburuen artean baino ez ditu garraiatzen bidaiariak. Biztanleria landatarrak ezin erabil dezakeen trena da, eta ez du merkantziak garraiatzeko gaitasunik. Gainera, gobernuak neurrigabeko dirutza inbertitzen ari dira abiadura handiko tren horretan.

    Inbertsio hori ohiko trenaren egituren mantentze lanetatik kentzen da; hau da, herritar guziok erabiltzen ahal dugun garraiobidea eta merkantziak garraiatzeko ahalmena duena kaltetu egiten da. Mantentze lanen murrizketaren isla dira geraleku eta geltokien itxiera, edota aldiriko eta distantzia ertaineko tren zerbitzuen beherakada.

    Hori guzia dela eta, dei egiten dugu maiatzaren 26an Nafarroako tren geltokietan eta geralekuetan elkarretaratzera, erabiltzen direnetan eta ez direnetan, tren biziaren alde eta AHTaren kontra.

    Pentsatzen dugulako trena dela garraioen etorkizuna, eta uste dugulako guziondako izan behar duela eta ez bakarrik hiriburuetako biztanleendako. Nafarroa bizirik eta trenez ongi lotua izatea nahi dugulako. 16:01ean Altsasu-Herritik atera eta Tuterara 17:57an iristen den trena pasatzen denean bertan egoteko, maiatzaren 26an, larunbat arratsaldean, geltoki eta geralekuetara joanen gara.

    Elkartzeko lekuak eta orduak dira (beltzean trenen irteera orduak Renferen arabera, gainerakoak gutxi gora-beherako ordutegiak dira):

    • Altsasu-Herria: 16.01
    • Bakaiku: 16.05
    • Etxarri Aranatz: 16.07
    • Lakuntza: 16.10
    • Uharte-Arakil: 16.12
    • Hiriberri/Villanueva-Arakil: 16.15
    • Izurdiaga: 16.20
    • Zuasti: 16.30
    • Iruñea/Pamplona: 16.37
    • Etxabakoitz (Zizur Nagusiko geraleku zaharra): 16.40
    • Noain: 16.45
    • Biurrun-Campanas: 16.50
    • Artederreta: 16.55
    • Garinoain: 16.58
    • Puiu: 17.00
    • Tafalla: 17.08
    • Erriberri: 17.11
    • Beire: 17.14
    • Pitillas: 17.16
    • Murillo el Cuende: 17.18
    • Caparroso: 17.20
    • Martzilla: 17.22
    • Alesbes: 17.27
    • Milagro: 17.35
    • Castejón: 17.44
    • Tutera: 17.57

    Nafarroako tren bizi baten alde, BAI trenari eta EZ AHTari.

    AHT Gelditu! Nafarroa, Fundación Sustrai Erakuntza, Plataforma Cuenca de Pamplona-Iruñerria por el Tren Público y Social. Tav No, Plataforma Ribera por un Tren Social. No al TAV, Sakana Trenaren Alde Plataforma, Zona Media por el Tren-Erdi Aldea Trenaren Alde.

    Mobilizazio egunaren kartela...