
Egonotan Geoalcali eta Mina Muga enpresen potasio-gatzen meatze-proiektua UCOren txostenetan agertzen aridenean, Nafarroan meatzaritzako ikerketa-proiektu berri bat agertu dela jakin dugu. Kasu honetan, helburua zorupetik kobrea ateratzen saiatzea da.
Proiektua Iberian Copper, SL enpresarena da, eta, Geoalcali bezala, 2024an sortu zen Salamancan, 3.000 euroko kapital urriarekin. Berriz ere, Geoalcali enpresaren modus operandia errepikatzen dela ikusten dugu: meatze-esperientziarik gabeko enpresa bat sortzen da, esploraziorako eta ikerketarako meatze-eskubideak bereganatzen dituena. Kobrezko proiektu posible honen kasuan, Mina Mugan gertatutakoarekin bezala, historia errepikatuko den beldur gara.
Kobre-meatzaritzaren aukerak urriak dira Nafarroan, Antonio Aretxabala geologian doktoreak dioenez. Kobrezko mineralak aurkitu diren zerrendak Nafarroa zeharkatzen du mendebaldetik ekialdera, Sorlada eta Kaseda artean. Iberiar eta erromatar herriek kobrea ustiatzeari lotutako meategi edo barrunbe txiki asko agertu dira eremu horretan, hala nola Urbiolako Gizon Berdeen Kobazuloa. Eta, hain zuzen ere, eremu honetan kokatu izan da Nafarroako kobrezko azken meategia, Sorladako Mina Emilía, 1890 eta 1910 urteen artean ustiatu zena. Baina mineral gutxi zegoenez, XX. mendearen hasieran bertan behera utzi behar izan zuten. Ikus dezakegunez, eremu geologiko honek ustiatzeko aukera gutxi ditu.
Hala ere, gaur egun kobrea oso garrantzitsua da mineralen artean. Honek dei efektua eragiten du enpresa eta inbertitzaileengan, hurrengo burbuilak emango dituen aukeren zain baitaude. Testuingurua argia da. Europar Batasuna bere mineral-iturrien dibertsifikazioa bultzatzen ari da, hala nola kobrearena, mineral kritikotzat jotzen dena. Beste herrialde batzuekiko mendekotasuna murriztea du helburu, bertatik inportatzen baita metal honen kantitate handiena, esaterako, Txile, Peru edota Txinatik. Izan ere, ez da ahaztu behar kobrea dela energia berriztagarrietarako trantsizio-azpiegitura osoaren material zentrala.
Aski ezaguna denez, energia berriztagarri gehienak elektrizitate moduan ekoizten dira. Energia mota hau ezin da erraz pilatu, eta beharrezkoa da etengabe linea elektrikoetan mugimenduan egotea. Eta, hain zuzen ere, elektrizitatearen banaketa ahalik eta galera txikienekin lortzeko funtsezko minerala kobrea da. Horregatik, metal hau trantsizio energetikoaren erdigunean dago, eta bere erreserba geologikoak asko aztertzen ari dira berauek ustiatzeko. Hala ere, Zientzia Kimikoetan doktorea den Alicia Valerok egindako analisi independenteen arabera, mineral hauxe izan liteke trantsizio honen botila-lepoa; izan ere, litekeena da Lur planetan nahikoa kantitate ez egotea, energia berriztagarrien behar guztiak hornitzeko adina.
Eskema horren barruan kokatzen dira meatzaritza bultzatzeko Europa eta estatu mailako plan guztiak, hala nola Europar Batasunak 2024an onartutako Lehengai Kritikoen Legea, material hauek ekoizteko eta prozesatzeko asmo handiko helburuak ezarri zituena. Testuinguru honetan planteatu dio Iberian Copper, SL izeneko enpresa ezezagun batek Nafarroako Gobernuari “Eslava 3603” (Aguilar de Codés eta Sorlada inguruan), “Etayo 3604” (Villamayor de Monjardin inguruan), “Solana 3605” (Villatuerta eta inguruan) eta “Caseda 3606” (Lerga eta Kaseda artean, gutxi gorabehera) baimenetan egon daitezkeen kobrezko meatze-baliabideak ikertzea.
Beraz, berriz ere esperientziarik gabeko enpresa baten proiektu baten aurrean egongo ginateke, ezerezetik sortua izan dena, informazio publikorik ez duena, baliabide naturalen ustiapenari buruzko espekulazio-gogo hutsa duena, eta gure lurra, natura eta nekazaritza-ondarearen suntsipenarekin mehatxu egin dezakeena. Kasu honetan, ustezko trantsizio energetikoaren izenean burutuko litzateke. Ez litzateke hauxe lehen aldia izango ustezko premia estrategikoak trikimailu bihurtzen direna proiektu jakin batzuk foru-interesekotzat edo onura publikokotzat jotzeko, eta, honela, alfonbra gorri bat zabaltzeko funts publikoak eta mesede-tratuak jasotzeko. Nafarroako Auzitegi Nagusiak gelditutako Mina Mugaren proiektuaren inguruan oraindik epai berriak emateke daudenean, eta honen inguruan egon daitezkeen influentziak oraindik argitu ez direnean, ezin dugu horrelakorik berriro gerta dadin utzi.
