Jardunaldi alternatiboak #berriztagarriakBAIhonelaEZ

    es 29 Ira 2021 - Energia, Prentsa oharrak

    “Berriztagarriak BAI, honela EZ” jardunaldiak aurkezten ditugu. Bi hitzaldi, hainbat egilerekin, eta urriaren 4an eta 6an izango dira, 18:30etik 21:00ak arte, Kondestable Civivox-ean (Kale Nagusia 2, Iruñea). Mintzaldi guztiak batzen dituen ardatza trantsizio energetikoa eta biodibertsitatean eta gizartean eragiten dituen inpaktuak dira, hori guztia Lurreko baliabide energetiko eta mineralen murrizketaren testuinguruan kokatuta.

    Aurreikusitako hitzaldietako hizlariak eta eskainiko duten hitzaldiaren izenburua honako hauek dira (estekei jarraituz, egile bakoitzak planteatzen duenari buruzko informazio gehiago eskura daiteke):

    Urriak 4, astelehena, 18:30etik 21:00akarte:

    • Sergi Saladiè: Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko Geografia Departamentuko irakaslea. “Trantsizio energetiko demokratiko eta justu baterako oinarriak”.
    • Júlia Martí Comas: Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko (OMAL) ikertzailea, Euskal Herriko mugimendu feministako militantea eta Viento Sur erredakzioko kidea. “Europako berreskuratze-funtsak: kapitalismo berdearen tresna”.
    • Julen Rekondo: Ingurumen-dibulgatzailea eta Ingurumeneko Saridun Nazionala. “Larrialdi klimatikoa: ez dago denborarik galtzeko”.

    Urriak 6, asteazkena, 18:30etik 21:00akarte:

    • Álvaro Campos: Ingeniaritza Termikoko doktorea. ALIENTEko kidea. “Trantsizio energetiko zentralizatua: ezinezko apustua”.
    • Adrián Almazán: Fisikako lizentziaduna eta Filosofiako doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, EKOLOGISTAK MARTXAN-eko kidea. “Krisi energetikoa eta irtenbide faltsuak”.
    • Esperanza Ursua: Biologiako Doktorea. “Biodibertsitatea defendatzea, bizitza defendatzea”.

    (Hitzaldi guztiak gaztelaniaz izango dira).

    Jardunaldiak eguzki eta haize poligonoek kaltetutako Nafarroako herri eta bailaretako plataformen Koordinakundeak antolatu ditu, NEE/TEN, Nafarroako Energia Eraldatzen / Transformando la Energía Navarra. Anue, Oltza Zendea, Itza Zendea, Zizur Zendea, Eguesibar, Erroibar, Esteribar, Etxauri, Ezkabarte, Txulapain, Leotz, Lizoain-Arriasgoiti, Mendigorria, Muru Artedereta-Tebas, Odieta, Olaibar, Urbasa-Andia, Izarbeibar… bizilagunak parte artzen dute.

    Jardunaldi hauek egitearen arrazoia urriaren 6an eta 7an Nafarroa Arenan egingo den “TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO INDUSTRIAREN II. NAZIO ARTEKO BILTZARRA” (CITE) kongresuaren aurrean beste ikuspegi bat ematea da.

    Era berean, eta Kongresu horretara bertaratutakoei beste arrazoi batzuk erakusteko, Koordinakundeak elkarretaratzeak antolatzen ditu Nafarroa Arenaren aurrean, urriaren 6an kongresua ireki denean, eta urriaren 7an, kongresua isterakoan. Hona hemen hitzorduak:

    • Asteazkena, urriak 6: goizeko 8:30etik 10:00etara (kongresu ofizialaren irekiera), Aizagerria plazan, Navarra Arena eraikinaren ondoan.
    • Osteguna, urriak 7: arratsaldeko 17:30etik 20:00etara (kongresu ofizialaren amaiera), Aizagerria plazan, Navarra Arena eraikinaren ondoan.

    Jarduera hauek egitera garamatzaten arrazoiak honako manifestu honetan jasotak daude, zeina Kongresu ofizialeko parte-hartzaileei banatuko baitzaie:

    EGUZKI- ETA HAIZE-POLIGONOEK KALTETUTAKO NAFARROAKO HERRI ETA BAILARETAKO PLATAFORMEN MANIFESTUA

    Berotze globalaren ondorioak hemen daude. Baita energia eta lehengaien krisia ere. Egungo produkzio-, kontsumo eta hazkunde-eredua, natur-baliabideen harraparia eta berotegi-efektuko gas enemisioen sortzailea, Lurraren ekosistemak eta biodibertsitatea itzulerarik gabeko puntu batera eramaten ari da; eta gizarteen bideragarritasuna eta milioika pertsonentzako bizitza duin eta justua izateko aukerak zalantzan jartzen ditu.

    Aurrekaririk gabeko eta irismen handiko trantsizioa behar da energia-sisteman; baina baita garraioan, industrian, nekazaritzan, gure eguneroko bizitzan ere. Horregatik, energia berriztagarrien bidez ekoiztea bultzatzen dugu, besteak beste. Hala ere, egun Nafarroan, instituzioak eta enpresak trantsizio energetiko onartezina planteatzen ari dira, kontrolik gabeko eoliko eta eguzki makroproiektuen bidez:

    MULTINAZIONALEN GUSTOKO TRANTSIZIO ENERGETIKOA

    Enpresa handiek berriztagarrien makropoligonoen eredu zentralizatua mantendu nahi dute. Merkatu elektrikoa eta prezioak kontrolatzen jarraitu nahi dute, etekinak gizentzeko. Mendeko nahi gaituzte, beren zerbitzuen kontsumitzaile hutsak. Historiaren gainerakoa ezagutzen dugu: burbuila espekulatiboak, ate birakariak, herritarrok ordaintzen ditugun enpresen erreskateak, etab

    MAKROPROIEKTUEN HELBURUA EZ DA ENERGIA-BURUJABETZA BERMATZEA

    Eguzki- eta eoliko-poligono erraldoiek gure lurraldean energia ekoiztu nahi dute, gero merkatuetan beste herrialde batzuei saltzeko, energía ekoizten den tokietan bizi direnentzat inolako abantailarik gabe. Argindarra ordaintzen jarraituko dugu, ezartzen diguten prezioan.

    BERRIZTAGARRIEN MAKROPROIEKTUEK BIODIBERTSITATEA MEHATXATZEN DUTE

    Proiektu askok ekosistemak zatitu eta pobretu egiten dituzte, haien kalitatea arriskuan jarriz. Paisaiak suntsitzeaz gain, biodibertsitatea kontserbatzeko hain beharrezkoak diren hegazti eta saguzarren hilkortasun izugarria ere eragiten dute.

    NEKAZARITZA-LURREN DESAGERTZEA EKARRIKO DUTE, HERRIAK POBRETUZ

    Beste behin ere, landako Nafarroa galtzen ari da. Eguzki-poligonoak nekazaritzako lurrak industrializatzen ari dira. Multinazionalek lurrak bereganatzen ari dira eguzki-proiektuetarako. Eoliko-poligonoek komunalari eragiten diote. Proiektu horiek ez dute enplegurik sortzen, eta naturaren, abeltzaintzaren, nekazaritzaren eta turismo jasangarriaren kontura ezartzen dira.

    Horregatik, eguzki- eta eoliko-poligonoek eragindako herri eta bailaretako plataformek, (NEE/TEN Nafarroako Energia Eraldatzen koordinadoran bilduak), eta 100 udal, kontzeju, kirol- eta kultura- erakunde, sindikatu eta alderdi politikok baino gehiagok, elkartasuna, konpromisoa eta mobilizazioa eskatzen dituzte Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari ondokoa planteatzeko:

    BERRIZTAGARRIAK BAI, BAINA EZ HONELA

    Trantsizio energetiko ordenatu bat behar dugu, lurraldea eta bertan bizi direnak kontuan hartzeko, kontsumoa murriztea eta energia aurreztea sustatuz, lanpostu egonkorrak sortuz eta herritarrak lurraldean finkatuz. Energia berriztagarrietan oinarritutako autokontsumoaren eredu deszentralizatua eta deskontzentratua lehenetsi behar da.

    PROIEKTUEN TRAMITAZIOA GELDITU BEHAR DA

    Eguzki- eta eoliko-poligonoen 60 proiektu baino gehiago aurkeztu dira Nafarroan.

    Nafarroako Gobernua eztabaida eta partaidetza sozialik gabe onartzen hasi da; jardunbide egokitzat jotzen du enpresek beren proiektuak zatitu eta zatitzean egiten duten lege-iruzurra ingurumen-kontrola saihesteko; eta gainera, legedia egokitu beharko litzateke nekazaritza-lurrak eta ekosistemak babesteko.

    Premiazkoa da egungo kaosaren aurrean ordena jartzea, herrien eta bailaren etorkizunari, biodibertsitateari, nekazaritza- eta abeltzaintza- jarduerari konpondu ezinezko diren ondorioak ez eragiteko.

    Ez dezagun utzi gauzak azkar egiten, interes ekonomikoek bideratuak. Ez dezagun onartu trantsizio energetikoaren izenean espekulazioa eta diru-gosea nagusitzen.

    PLANGINTZA DEMOKRATIKOA BEHAR DUGU

    Herritar guztiak inplikatu behar dira. Kontua ez da soilik petrolioa ordeztea berriztagarriekin. Holako jardunbideak beharrezkoak ditugu:

    • Energia-beharrak zehaztu.
    • Energia-eskaria murriztu.
    • Ahalik eta energia gehien ekoiztu kontsumitzen den lekuan.
    • Hiriguneak eta industrialdeak energia-ekoizpenean inplikatu.
    • Energia bezalako gizarte-ondasun baterako sarbide unibertsala bermatu.
    • Nagusi diren mugikortasun-, nekazaritza-, abeltzaintza- eta industria-ekoizpeneko ereduak eraldatu.
    • Ekoizpen energetikoa lur emankorraren, biodibertsitatearen eta kultura-ondarearen kontserbazioarekin bateragarri egin.

    Gurdiak ezin du idien aurretik joan, eta oligopolio energetikoak ezin du trantsizio energetikoa gidatu.