Sustrai Erakuntzaren iritzi artikulua, Nafar Gobernuak zaborrak kudeatzeko Plana berrikustea proposatu duenaren harira. Zaborraren plana epaiketetan baliogabea izendatu da.
Nafarroa erreferentziazko eskualdea zen hiri hondakin solidoen kudeaketan, XX. mende bukaeran. Nafarroari egiten zioten so bertze hainbat eskualdek, hondakinak tratatzeko haien moduak hobetze aldera. Gero, ordea, bertzeen artean nabarmentzeari utzi zion, eta, orain, noraezean dabil, Europak zehaztutako bideetan gidatuko duen inolako planik gabe.
Hainbat urtez plangintzarik gabe egon eta gero, Nafarroako Gobernuak (UPNk eta PSNk) Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plana 2010-2020 onartu zuen, korrika eta presaka, aurreko legegintzaldiaren bukaeran. Plan horren helburua zen hamarkada horretan hondakinen kudeaketa antolatzea. Planak sortzez zuen akatsa, eta jaio eta bi urtera hil zen. Aurrekontuaren %80 bideratzen zen, plan horretan, hondakinak errausteko plana egiteko (orain izena aldatu diote, eta balorizazio energetikoa erraten diote), Europak markatutako hierarkia bazter utzita: hondakinak murriztea, berriz erabiltzea, birziklatzea, eta suntsitzea. Lehentasunezko ordena horretan. Sustrai Erakuntzak helegitea jarri zuen planaren aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, eta, zalantzarik gabe, baliogabetu eta bertan behera utzi zuen, hain zuzen ere, errauste plantaren auziagatik. Nafarroako Gobernua ez zen kontent gelditu ebazpen horrekin, eta helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Erakunde horrek oraindik ez du sententziarik plazaratu. Planari eusteko gobernuak aurkeztutako helegite hori herritarren zergekin ordaindu dute.
Orain, antza denez, hain gogoko zuten plan horrek ez die gehiago balio. Eta berraztertzen ari dira. Kontua ez da iritzia aldatu dutenik, baizik eta Europako zuzentarauek hala eskatzen duela; bai eta PSNk ere, Samuel Carok udan kazetarien aurrean azaldu baitzuen ustezko teknologia berri ezezagun baten alde zela. “Ura, presioa eta beroa” omen ditu oinarri teknologia horrek. Ongi etorri ‘ezetzaren koordinakundera’.
Baina ez gaitezen fidatu. Ea zer-nolako azpijokoa prestatzen ari diren. Zintzoak balira, jendaurrean onartu beharko lituzkete egindako hutsak, Justiziaren erabakia onartu beharko lukete, eta bertan behera utzi oraindik ere Auzitegi Gorenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurka dagoen helegitea. Denon artean ordaindu dugu. Gorenak haien alde eginen balu, eta planari eutsiko balio, zertarako balioko luke, haiek ere bazter uzten ari badira?
SUSTRAI Erakuntza fundazioa
www.sustraierakuntza.org
sustrai@sustraierakuntza.org