Gelditu egin behar dugu, biziraungo badugu

    es 13 Mar 2026 - Prentsa oharrak

    Hainbat ekimenek Greba Orokorra deitu dute Hego Euskal Herrian martxoaren 17rako. Gutxieneko Soldata igotzea eskatzeko aldarrikapen komunari irakurketa zabalagoak gehitu zaizkio, bizi-baldintza duinei heltzeko beharrarekin lotuta. Gutxiendo Soldataren igoerarekin batera ez badago esku-hartzerik etxebizitzan, elikagaien eta oinarrizko horniduren prezioetan, arrazakeria instituzionalean, lanaren banaketan, zerbitzu publikoen indarketan… ezerezera murriztuta geratuko litzateke.

    Lurraldearen defentsan borrokan gabiltzanok ere mobilizatzeko beharra sentitzen dugu. Jarduera ekonomikoaren baldintzek gero eta eragin handiagoa dute ingurumenean eta pertsonengan. Kapitalismo harrapariak etengabeko hazkundea behar du, eta hazteko beharrezkoa da planetatik baliabide mineralak eta bestelakoak erauztea, berriztatu ezin daitezkeenak. Kontsumismo itsuak alde batera uzten duen alderdi honek errotik baldintzatzen ditu biziraupen soziala eta gaur egun ezagutzen dugun moduko bizitza baterako aukerak.

    Klima-aldaketaz ari gara, espezieen desagertzeaz, ur gezaren gehiegizko ustiapenaz, lurzoruen erabileren eta kalitatearen aldaketaz, baliabideen murrizketaz eta berauek lortzeko gerrez, arazo hauek guztiek sortutako migrazio behartuez… Nazioarteko egoera geopolitikoa gertatzen ari denaren adierazle argia da. Estatu hegemonikoak, azken hilabeteotan Estatu Batuak buru direla, mundu osoko baliabide naturalak kontrolatzeko lehian ari dira. Eta, horrela, gerretan murgiltzen dira petrolioa eta gas naturala bezalako baliabide garrantzitsuen kontrola bereganatzeko, hauexek baitira kontsumitzen ditugun energia-iturri nagusiak. Baita energia berriztagarrietarako ezinbestekoak diren lehengaiez hornitzen gaituzten meategiez ere.

    Egoera honen aurrean, greba orokorrerako deiak gai hauek guztiak nabarmentzeko ere balio beharko luke. Premiazkoa da baliabide naturalen egungo espoliazio-ekonomia gelditzea, eta norabidea aldatzea, bizitza baldintza duinetan eta berdintasunezkoetan mantentzeko. Errealitatearen eraldaketa honek borroka titanikoa dakar, eta beharrezkoa egiten du errotiko planteamenduak dituzten mugimendu sozial eta sindikalek elkarrekin lan egitea.

    Greba orokorra da makina kapitalista gelditzeko beharra adierazteko modurik onena, benetan iraunkorra izango den sistema baterantz abiatu ahal izateko. Greba orokorra gauzatu behar da, beti ere gizartearen kontrolpean egongo den Ipar Globaleko ekonomien deshazkunde baterantz abiatzeko premiaren adierazgarri moduan.

    Arrazoi horiengatik guztiengatik, uste osoa dugu ezin dela krisi sozial eta ekologikotik edonola atera. Ez dute balio pobretzen duten lan eta gizarte politikek. Ez dute balio ingurumen egoera kritikoa gutxiesten duten politika ekonomikoek, gutxiengo baten interesei erantzuten dietenak eta, ezinbestean, irtenbiderik gabeko kalezulo batera eramaten gaituztenak.

    (Testu honen antzeko manifestu bat babestu dugu, Euskal Herri osoko ingurumenaren aldeko kolektiboekin batera…)