Erdiz Bizirik plataformak eta Sustrai Erakuntza fundazioak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dute Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren aurrean, Rafael Sur sektorean El Quinto 2895 meategia ustiatzeko proiektua zabaltzeko baimenaren aurka; zeina Magnesitas Navarra S.A. (MAGNA) enpresak sustatu duen.
MAGNA enpresak bi meatze proiektu aurkeztu ditu ustiapenerako. Lehenbizikoa 2022ko hasieran argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Esteribarko Rafael Sur sektorean El Quinto meategiaren ustiapena handitzean zetzan. Enpresa horrek gaur egun Eugin duen meategia handitzea da helburua. Handitze horren ondorioz, egungo zulo handia are gehiago sartuko da ingurumen balio handiko baso eremu batean, ES2200019 Alduide mendia KBE Kontserbazio Bereziko Eremuaren ertzean, eta IBA 85 “Orreaga – Irati – Abodi mendilerroa” Hegaztiendako Garrantzi Eremuaren barnean.
2024ko otsailean eman zuten bigarren proiektuaren berri: Artesiagako meategi proiektu UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Proiektu bezala izendatu zuen Nafarroako Gobernuak. Modu horretan Baztango Udalaren bere udalerrian dituen eskumenen gainetik igarotzen den figura administratiboa erabili zuten. Proiektua izapidetzen ari da.
Bada, Nafarroako Gobernuak 2024ko abuztuaren 22an argitaratu zuen Rafaeles meategiaren ustiapena handitzeko baimena. Bai Erdiz Bizirik plataformak, eta baita Sustrai Erakuntza fundazioak ere gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu behar izan dugu baimen horren ondorio larrien aurrean:
1/ Uste dugu proiektu honi lotutako dokumentazio ezak, nahiz aurkeztutako dokumentazio zaharkituak, eguneratu gabeak eta osatugabeak urratu egiten dutela parte hartze publikorako eta ingurumen informazio publikorako eskubidea. Horrek kaltea eta babes falta eragin ditu, administrazio txosten osoa ezin izan delako eskuratu.
2/ Enpresaren onurak eta interes ekonomikoak izan dira lehentasuna, ingurumen irizpideen eta ondorioen gainetik, nahieran. Gabezia handiak hauteman ditugu honako arlo hauetan: “Alduide Mendia” Kontserbazio Bereziko Eremu izendatutako espazioaren eraginen balorazioan; Argaren eta haren ibaiadarren eraginean eta kontserbazio onean; eta okil gibelnabarra eta muturluze piriniotarra bezalako espezie babestuen habitataren kontserbazioan, zeinak arriskuan jartzen diren konpentsazio neurri ez eraginkorrak onartu direlako.
Baimen hori, gertatu den moduan, oso kezkagarria da, eta Erdiz eremuan gerta daitekeenaren berri ematen du. Eremu horretan dago Artesiagako proiektua, ingurumen balio handiko eremua da, eta Alduide mendiko KBEak babesten du. Erdiz eremuan, halaber, Eugiko egungo meategiaren inguruan dauden natura balio berak biltzen dira, eta, batez ere, meategia Rafaeles aldera zabaltzean. Bi espazioetan, erraterako, muturluze piriniotarra eta okil gibelnabarra ikusi dira. Horregatik uste dugu MAGNA enpresa arriskuan jartzen ari dela Nafarroako mendialdeko biodibertsitatea.
MAGNA enpresak gaur egun Eugin duen meategiaren inguruan abian jarri nahi dituen praktiken adibide bat bertzerik ez da galzorian dagoen okil gibelnabarrak gaur egungo habitata utz dezala lortzea, meategia handitzeko arazorik izan ez dezan. Teknika horren bidez okil gibelnabarra inguruko bertze mendi batzuetara “lekualdatu” nahi da, beren asmo industrializatzaileek eraginen ez dieten eremu batera. Eremu berri horretan egoera onean dauden zuhaitzak “eraztuntzea” proposatzen da, modu artifizialean hil daitezen, eta, horrela, okil gibelnabarraren beharretara egokitutako habitat egoki bat sortzeko. Horrela, enpresa saiatuko da meategia handitu nahi duten eremuan gaur egun bizi diren espezieak leku berri horretara lekualdatzen, beren asmo suntsitzaileetarako lekua utziz.
Neurri horien eraginkortasuna egiaztatzeko urteak behar dira, eta ez da bateragarria meategiaren ustiapenarekin. Hori egiteak kalte esanguratsuak edo itzulezinak eragin ditzake espezie horren kontserbazioan. Basakeria horren aurrean, zeinak, gainera, Nafarroako Gobernuaren oniritzia duen, ezin gara isilik geratu. Beharrezkoa da ahotsa goratzea biodibertsitatearen kontrako eraso honen aurrean.
Dudarik gabe, Nafarroako Gobernuak baimena eman du Rafaelesen ustiapena handitzeko: gardentasunik gabe eta multinazional baten interes ekonomikoak lehentasun dituela. Horrek mehatxu eta atzerakada handia dakar Nafarroako ingurumenaren defentsan.
Erdiz Bizirik plataforma eta Sustrai Erakuntza fundazioa.