Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko “proposamenak” ari gara irakurtzen.
Toquero alkateak geltoki berri bat eskatzeko darabilen aldeanismo nazional eta tokiko populismo errepikakorraz gain, Erribera babesten ez duen eta Tutera gaizki tratatzen duen Nafarroako Gobernu txar honen mantra errepikariekin, eta PSOEren jarrera aldaketaz gain, trenbide-geltokia egungo kokalekuan mantentzearen alde egitera pasa dena, benetan planteatu behar dugu zer premia diren lehentasunezkoak, funtsezkoak eta zerbitzu publikokoak Erriberan eta Nafarroako gainerako lekuetan pertsonak eta salgaiak garraiatzeko. Eta horrekin batera, hipermugikortasunaren eta abiaduraren eredua eta kontzeptuak ere zalantzan jarri behar ditugu, alderdi nagusiek eta, batez ere, ekonomia eta enpresa botereak horretara ohituta gauzkatelako.
Duela 15 urte baino gehiago, Tren Publiko eta Sozialaren aldeko Erriberako Plataformatik Tuterako tren geltokiaren egungo kokapena mantentzea proposatu zen, besteak beste, PSOEk egunotan aipatu dituen arrazoiengatik. Baina proposamen gehiago zeuden, hala nola azken 40 urteetan itxita egon diren Erriberako geltoki eta geraleku guztiak berriro irekitzea, eta Castejón-Soria bidea berriro irekitzea. Azken proposamen hau, Erriberako Plataformak aspaldidanik defendatu duena, Ministerioak orain bere gain hartzen duela dirudi, eta UPNk ere bai, modu lotsati eta epelean.
Trazadurak edota lokalizazioak definitzea ez da gai nagusia, bai, ordea, garrantzitsua. Hasi behar dugu, hamarkadetako atzerapenarekin baikoaz, gai nagusiarekin: zein trenbide eredu behar dugun, norentzat eta zertarako. Eta gai honetan, alderdi handiek eta botere ekonomikoek abiadura handiko trenaren ereduaren alde egiten jarraitzen dute. Eredu hori ez da bateragarria herritar gehienentzako trenbide-zerbitzu on batekin, lurraldea antolatzeko, biodibertsitatearekiko eta ingurumenarekiko errespetuarekin. Estatuan pertsona eta lurralde guztietan kalitatezko zerbitzu publiko on bat erraztuko duen trenbide-garraio baterako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak murriztu dira. Nafarroa, zoritxarrez, horren adibide ona da. Eredu honek baliabide publikoak pribatizatu dira, langileak eta bitartekoak murriztu ditu trenbide-sektorean, eta ez du balio izan errepideetatik kamioirik kentzeko 30 urte baino gehiagotan, Espainiako Abiadura Handia deiturikoa martxan jarri zenetik. Munduko trenbide bidezko merkantzia-garraio baxuena eta barregarriena duen mendebaldeko estatuetako bat gara. “Ohore” horri abiadura handiko kilometro gehien dituen munduko bigarren trenbide-sarea izatea gehitu behar zaio, Txinak soilik gainditzen baititu kilometro horiek.
Erriberako bizilagunok, Nafarroako gainerakoek bezala, behar besteko zerbitzuak, ordutegiak eta maiztasunak dituzten trenak behar ditugu, existitzen diren geltokietan eta geralekuetan gelditzeko, nahiz eta hamarkadak daramatzaten ia erabilpenik gabe edo guztiz itxita. Horretarako, ohiko trenbidearen egungo trazadura behar dugu, baina Tuterako, Castejongo, Tafallako, Iruñeko eta Altsasuko geltokietako instalazioak eta zerbitzuak hobetuz, distantzia ertain eta luzeko geltokietarako erreferentzia nagusi gisa. Ahaztu gabe, arrazoia aplikatuz gero, berandu baino lehen iritsiko direla Espainiako estatuan eta Europako beste herrialde batzuetan desagerrarazi zituzten distantzia luzeko gaueko trenen geltokiak, Europako estatu batzuk berreskuratzen hasiak direla edo berreskuratze-fasean daudela.
Espainiako Estatuan abiadura handirako erabili izan diren milaka milioi euroek, Nafarroan dagoeneko ehunka milioik, ez dute benetan konpondu eta ez dute konponduko pertsonen eta salgaien zerbitzu publiko gisa mugitzeko eta garraiatzeko dagoen premia. AHTaren Nafarroako ibilbidean gastatutakoarekin bakarrik hobetu, handitu eta ireki zitezkeen duela urte batzuetatik hona distantzia labur, ertain eta luzeko trenen trafikoko lineak, pertsonak eta salgaiak garraiatzeko tren gehiago jarriz, Nafarroako tren zerbitzu publikoaren barruan kalitatezko lanpostu egonkorrak sortuz eta berreskuratuz. Duela hamarkada batzuetatik hona trenbidea zerbitzu publiko gisa defendatzen duten sindikatuei, talde ekologistei edo Erriberako Plataformari kasu egin izan balitzaie, eztabaida bestelakoa izango litzateke une honetan.
Ez UPNk, ez PSOEk, ez dute guztiontzako kalitatezko trenbide publiko bat defendatzen, “AHTren aurrerabidearen” kontsigna errepikakorretik haratago, ekonomikoki jasanezina den eredua, eraikuntza eta mantentze kostu oso garestiak dituelako. Geltokia gaur egun Tuteran duen kokapenetik ateratzea aberrazio eta xahuketa hutsa da, pentsamendu desarrollistari eta pilotakaden interesei lotutakoa, diru publikoarekin, etekin pribaturako. Gauza bera gertatzen da Iruñean egin nahi duten Etxabakoizko geltokiarekin. Edozein buru zentzudun, arrazional eta logikok, datuak eskuan, estimatzen du geltoki berriak egitea hiriguneetatik kanpo, kasu bakarra Europa mailan, gehienez ere dozena erdi tren geldi daitezen, Versaillesko jauregi bat egitea bezala dela, jauregi horretako zalditegiak lau astorekin bakarrik erabiltzeko, nahiz eta asto horiek oso azkarrak izan.
Erriberan eta Nafarroan tren zerbitzu publiko gehiago eta hobeak behar ditugu: trenak, geltokiak eta langileak, eta beharrezkoak ez diren eta hirigunetik kanpo dauden eraikuntza gutxiago, are gehiago Tuterako tren geltokiaren egungo kokapena egokia denean eta gutxiegi erabiltzen denean.
Aitor Lete Aranburu eta Pablo Lorente Zapatería sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.