
Aurreko komunikatuan iragarri genuen bezala, duela bi aste Jose Antonio Santanok, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren estatu-idazkariak, hedabideei adierazi zien AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekiko lotunea erabakitzeko zundaketa geologikoen hasiera berehalakoa izango dela.
Adierazpen horretan, Gipuzkoan sei zundaketa eta Nafarroan batekin hasiko zirela zehaztu zuen, guztiak Ezkiorekin lotzeko Aralar mendigunea zeharkatuko lukeen alternatibakoak.
Ataungo alkatearen adierazpenen bidez badakigu Gipuzkoako zundaketetako bi behintzat udal horretako lurretan izango direla, ADIFek udal horretara jo bait du baimenak lortzeko. Nafarroari dagokionez, badakigu azken hilabeteetan ADIFek Lakuntzako eta Bakaikuko udalei dagozkien baimenak eskatu dizkiela.
Egoera oso larri honen aurrean, udalei eta lur jabeei dei egiten diegu administrazio zentralaren baimen-eskakizunen berri eman dezaten eta beren esku dauden legezko oztopo guztiak jar ditzaten lanen hasiera eragozteko.
Era berean, Goierriko eta Sakanako biztanleei, bereziki lehen aipatutako herrietakoei, adi egoteko eskatzen diegu, eta STOP ZUNDAKETAK-AHTRIK EZ! ekimenari (tel.: 656711130) eta zonaldeko udalari edozein mugimendu susmagarriren berri emateko. Oso litekeena da udako oporraldia erabiltzea lanak hasteko.
Zundaketak AHTaren obretako lehen urratsa direla jakinda, oposizioari dei egiten diogu erabakitasunez erantzun diezaiola datozen egunetan zundaketen aurkako larrialdi-protokoloaren balizko aktibazio bati.
STOP ZUNDAKETAK- AHTRIK EZ EKIMENA
