
Jakin berri dugu Palacio de Arosteguia S.M. enpresa sustatzaileak Baztango zazpi lagunen aurkako epaiketa saihesteko akordio saiakerak zapuztu dituela.
Gertakari oso larri baten aurrean gaude: datorren astelehenean epaiketa hastea, 20 urteko kartzela-zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzea, eta auzipetuak bahitu gisa erabiltzea Nafarroako eta Espainiako gobernuei 43 milioi euro erreklamatzeko, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo zituen obrak bertan behera uzteak ustez eragindako kalteengatik.
Urgentziaz, Sustrai Fundazioak gogor salatu nahi du enpresaren jokabide miserablea. Enpresa prest dago desobedientziaz eta indarkeriarik gabeko ekintza zuzenaren bidez Lurra espekulaziotik defendatu besterik egin ez dutenen bizitza hipotekatzeko.
Sustrai Fundazioak Iruñean datorren astean eta epaiketak irauten duen bitartean Nafarroako Auzitegian egingo diren elkartasun ekitaldi guztietan parte hartzeko deia egiten dugu.