
Duela bi aste eskas, AHTaren zundaketa-makina bat atzeman zen Arcelor Mittal enpresaren atzeko aldean. Makina hori zundaketa bat egiten ari zen 6. puntuan, Beasaingo udal-mugartearen mendebaldeko muturrean, nahiz eta komunikabide ezagun batek zundaketa kanpainaren albistea zabaldu zuenean Olaberriako lurretan gaizki kokatu. Horregatik, STOP ZUNDAKETAK-AHTrik EZ ekimenak kasu horietarako Larrialdi Protokoloa aktibatu zuen, abenduaren 15ean, astelehena, Olaberriako udaletxeko plazan batzar informatibo bat deituz.
Nahiz eta Garraioetako zuzendari nagusi Santano jaunak aste horretan bertan komunikabideei esan zundaketa-kanpaina amaituta zegoela, batzar horretara bertaratutakoek egiaztatu ahal izan genuen gainerako 6 puntuetan ez zirela oraindik lanak hasi. Hori dela eta, esan dezakegu 6. puntua dela orain arte lan egin duten eta aukeratu duten lehen puntua eta bakarra, puntu segurua delako haientzat, sarbide zaileko jabetza pribatuko lurretan dagoelako. Santano jaunaren adierazpenek pentsarazten digute aspaldi hasitako manipulazio- eta intoxikazio-kanpainarekin aurrera segitzen dutela. Kasu honetan, adierazpen horien helburua izan liteke zundaketak dagoeneko eginda dauden ideia faltsua sortzea, oposizioa erlaxarazteko eta zaintzari uzteko.
Beasaingo Udalari idatziz kontsulta bat egin diogu 6. zundaketa egiteko obra-baimena eman ote duen jakiteko. Hori ezinbestekoa da lanak modu legalean egin ahal izateko, jabetza pribatuko leku batean egon arren. Orain arte ez dugu erantzunik jaso.
Adi jarraitzeko deia egiten dugu eta zundaketek mehatxaturiko herrietako jendeari (Ataun, Idiazabal, Olaberria eta Beasain Gipuzkoan eta Bakaiku eta Iturmendi Nafarroan) gonbidatzen diogu aldiro iragarritako zundaketa kanpaina honen tokiak aztertzera joateko. Era berean, kalteturiko udalei eskatzen diegu ez dezatela inolako baimenik eman, ez eta lanekin kolaboratu eta iristen zaien edozein informazio ekimen honi jakinaraz diezaiotela.
Herritarrei gogorarazten diegu mugimendu susmagarriren bat atzemanez gero 656711130 ekimeneko telefonora eta kalteturiko udalera deitzeko. Erne segi dezagun AHTaren zundaketekin!
STOP ZUNDAKETAK! – AHTrik EZ! Ekimena