AHTa eta energiari buruzko Sustrai Erakuntzako hitzaldia AHTren aurkako bizikleta martxan

    es 18 Uzt 2018 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Energia eta AHT hitzaldiaren kartela, Biurrun, uztailak 27AHT! Gelditu!-k, Nafarroako hainbat plataformekin elkarlanean, uztailaren 26tik 29ra Martzillatik Altsasurainoko AHTaren aurkako Bizikleta Martxa antolatu du. Eta ekintza honen baitan, Sustrai Erakuntzak hitzaldi batekin parte hartu nahi du. Hitzaldiak “Prestazio Handiko Trena (AHT) eta energia” du izenburua, eta uztailak 27, ostirala, arratsaldeko 15:00etan, Biurrungo Elkartean izanen da (martxaren bazkari herrikoiaren bukaeran).

    Hitzaldian ondorengo galderei erantzuna eman nahi da:

    • Zergatik Prestazio Handiko Trenak egungo Alvia trenak baino energia gehiago kontsumitzen du?
    • Hala ere, zergatik diote energia gutxiago kontsumitzen duela?
    • Zenbat energia beharko da Etxabakoizko AHTren geltokia egiteko?
    • Zer da Abiadura Handiko Trena: xahuketa energetikoaren konponbidea ala bizi dugun arazo klimatikoaren osagaia?

    Galdera hauen eta beste batzuen bidez, eta Nafarroako kontsumo energetikoaren diagnostikoa abiapuntu hartuta, aztertuko dira etengabeko energia-kontsumoaren igoera Nafarroan, eta haren lotura Abiadura Handiko Trenarekin.

    Martxaren kartela

    Hazkundean oinarritutako mundu baten akabera tragikoan gaudela erakusten duten zantzu asko daudelako egiten da martxa. Mota guztietako gai toxikoren isurketa neurrigabeak lurraren oreka hauskorrak mehatxatzen ditu (beroketa efektua, hondakin nuklearrak,…). Baliabide eta toki ororen ustiaketa izugarrizkoak berarekin dakar bere agortze esponentziala (energia fosilak, kobre bezalako mineralak, ur osasungarria, lur emankorrak,…topaketa lekuak). Mundua errentagarritasun bilakatu beharreko lehengaitzat jotzen duen ikusmoldeak lurra eta gizakien arteko oreka hori txikitu ezetzik, baita pertsonak berak ere ustiagarri edo baztergarri bihurtzen ditu. Gauzak horrela, ordenaren mantentzea da gainbeheran dagoen ordenaren jarduera nagusia.

    Nafar korridorea bezalako abiadura handiko azpiegiturak mundu horren partea baino ez dira. Mila hektarea baino gehiago lur emankor suntsitzen dituzte, gero eta energia gehiago behar dute, hiri handiak lotzeko diseinatzen dira, geure diruaz finantzatzen dira populazioaren gutxiengo batek bere Joan- etorriak azkartzeko, politika eta eraikuntza interesen joko zelaian erabakitzen dira eta mespretxu harroputzez inposatzen dizkigute.

    Hau guztia dela eta, uda honetan, uztailaren 26tik 29ra, makroazpiegitura proiektu honek Nafarroan, Martzilla eta Altsasu artean kalteturiko leku eta herriak zeharkatuko dituen bizi martxa honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Gainera, azken egunean, Arabatik datorren beste AHTaren aurkako bizi martxarekin bat eginen dugu.

    Elkar topatu eta ezagutzeko, suntsi daitezkeen inguruak zeharkatu eta bistaratzeko. Zuzenki kalteturiko biztanleei entzuteko eta kontra egotera bultzatzen gaituzten arrazoiak ezagutarazteko. AHT bat soilik ez delako, jarduera guztiak azeleratu eta bizitzeko denborarik gabe uzten gaituen mundu ikuskera bat baizik.

    Animatu eta parte hartu! Ongi etorri!

    Energia eta AHT hitzaldiaren kartela, Biurrun, uztailak 27