Gaur, azaroak 23, Foruen Monumentuaren ondoan, Abiadura Handiko Trena Gelditzeko Herri Deialdia aurkeztu da. Elkarretaratze horretan 200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Deialdi horretan, Nafarroako gizartearen ahotsa eta borondatea adierazi nahi izan da, AHTren eraikuntza mehatxu larria dela, ingurumen-, ekonomia-, sozial- eta kultura arrazoiengatik.
Ekitaldian manifestuaren irakurketa egin da, Nafarroako AHT eta Euskal Y-aren arteko loturari buruzko eztabaida faltsuaren erantzun gisa. Eztabaida horren helburu bakarra AHTren alde lerroak ixtea da, beste aukerarik ez balego bezala. AHTren obrak gelditzearen alde egiteko hainbat arrazoi aipatu ondoren (ekonomikoak, lurralde-kohesioa, energia xahutzea, parte-hartzea, espekulazio-interesak, etab.), manifestuaren sinatzaileek AHTren obrak erabat gelditzea eta ukitutako lurraldeak lehengoratzea, garraio-ereduaren inguruko eztabaida parte-hartzailea irekitzea, salgaien trafikoa murriztea elikagaien eta energiaren subiranotasunean oinarrituta, eta egungo trenbide-sarea hobetzea eskatu dute.
Manifestuari Nafarroako merindade guztietako 500 pertsonak bat egin dute Abiadura Handiko Trena geldiaraztearen aldeko herri-deialdiarekin. Sektore ekonomiko desberdinetako pertsonak (nekazaritza eta abeltzaintza, industria, osasuna, irakaskuntza, gizarte-zerbitzuak, trenbideak,…); jarduera profesionalak (abokatutza, komunikabideak, osasun-jarduerak,…); gazte eta sindikatu erakundeak; ikasle eta etxebizitza sindikatuak; osasunaren, euskararen, lurraren eta eskubide sozialen aldeko plataformak eta taldeak; erakunde sozialak, politikoak, feministak eta emakume langileenak; udal arduradunak; eta kultura (edizioa, literatura, antzerkia, musika, dantza, eskultura, marrazkigintza, bertsolaritza, pintura, zinema…) eta kirol munduaren espektro zabala. Manifestu osoa ondoren irakurri daiteke.
AHTaren EGITASMOA GELDITZEKO DEI HERRIKOIA
Azken hilabete hauetan, AHTaren euskal Yaren eta Nafarroako korridorearen arteko loturari buruzko politikari eta “aditu”-en arteko sasieztabadaida gogaikarriaren lekuko izan gara. Gasteiz eta Ezkio arteko eztabaida faltsu eta interesatu honen helburu bakarra AHTaren alde egotea beste aukerarik ez dugula pentsaraztea da, bestelako alternatibatarako aukera ukatuz.
Manifestua sinatzen dugun pertsonok, makroazpiegitura honen eraikuntzak modu batera edo bestera kaltetutako alor eta kolektiboetako kide, AHTaren lanak gelditzearen alde gaude honako arrazoi hauengatik:
– Mundu mailako krisi eko-sozial betean gauden garai honetan, zeinetan lurraren defentsa gizadiaren etorkizunaren berme bakarra den, lurraldean konponezina den kaltea eragiten duelako.
– Baliabide publikoen xahuketa onargaitza eta heldu diren belaunaldientzako zorraren handitzea dakarrelako, bai bere eraikuntzak baita bere mantenuak ere.
– Errentagarritasun ekonomiko eta sozialik gabekoa delako, hainbat eta hainbat azterketek agerian jarri bezala.AHTaren eraikuntzaren gastua ez delako inoiz berreskuratuko, eta geure kasuan, areago, bidaiari kopuru urriagatik bere ustiaketak ere galerak ekarriko ditu, horregatik etengabe diru publikoz hornitu beharko da.
–AHTan xahututako baliabideak ez direlako inbertitzen hain premiazkoak diren sektoreak hobetzeko, hala nola hezkuntza eta osasun publikoa, hain kezkagarriak diren gizarte-bazterketako egoerak ezabatzeko, herritar guztiei etxebizitza duinerako sarbidea errazteko, pobrezia energetikoari aurre egiteko eta oinarrizko elikagaien prezioa murrizteko.
– Lurralde kohesioa sustatu ordez, herritarrak hirietan metatzeko eta landa ingurunea alboratzeko osagai bat gehiago delako. Tafalla, Castejon eta Altsasu ibilbide luzeko zerbitzurik gabe geldituko dira eta azken urteetako joerari jarraiki gainontzeko geltokiak desagertuz joango dira.
– Energia xahuketa onartezina dakarrelako, energiaren kontsumoaren murrizketak gakoa izan beharko lukeen uneotan.
– Ez duelako errepideetako trafikoa gutxituko, propaganda ofizialak aurkakoa badio ere.
– Parte hartzeko aukerak zabaldu gabe, herriari indarrez ezarri zaiolako, Nafarroako zein EH osoko inoizko azpiegiturarik suntsitzaileena, xahutzaileena eta antisozialena izan arren etaez egitea gomendatzen zuten tekniko, zein bestelako erankundeei (EHU, AIREF, Espainiako eta Europako Kontu Auzitegiak, eta baita CEOE patronala bera ere) entzungor eginez.
– Bere geltokien inguruan espekulaziorako hirigintza pelotazoak bultzatzen dituelako, Etxabakoitzeko eta Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetako kasuek azaleratzen duten moduan, herritarren kopuru handi batek etxebizitzarekin arazo nabarmenak zein etxegabetzeak pairatzen dituen bitartean.
– Enpresa eraikitzaile handien, bankaren eta bultzatzen duten alderdien interesa baino asetzen ez duelako, baina aldi berean zerga bidez herritar xumeek ordaintzen dute eta prekaritate lazgarrian eta lan explotazio baldintzetan eraikitzen da.
– Haien xedea jendartearen gutxiengo batentzako tren elitista bat eraikitzea delako herritar xumeak erabiltzen duen eta egunez egun eraisten ari diren ohiko trenaren kaltetan.
– Egun, AHTaren mitoa pitzatzen ari delako: Europarekin abiadura handiko lotura zalantzan dago, era berean merkantzia kopuru esanguratsurik ez duela eramango frogatu da, jada ez da, lau haizetara zabaltzen zuten moduan ez modernitate ezta tren ekologikoaren sinonimo eta hori gutxi balitz inork ez du sinesten martxan hasteko iragarritako datetako bat ere, errealitate burugogorrak behin eta berriz gezurtatu dituenak.
– Eta, azken finean, oraindik ere gelditzeko garaiz gaudelako. Jada egina dagoela sinestarazi nahi diguten arren, ez da egia. AIREFen datuen arabera, EAEn oraindik ere inbertsioaren %50 egiteko dago eta Nafarroan %90 baina gehiago.
Honengatik guztiarengatik, manifestua sinatzen dugunok, behin betiko exijitzen dugu:
– AHTaren lanen erabateko gelditzea eta kaltetutako lurraldeak lehengora itzultzea.
– Jendarte ereduari buruzko debate zabalago baten baitan, gaur egun behar den garraio ereduari buruzko debate parte hartzailea zabaltzea.
– Merkantzien trafikoa murriztea, tokiko ekonomia sustatuz, ahalik eta elikadura eta energia burujabetza handiena ziurtatzeko.
– Egungo trenbide sarearen hobekuntza, aurrekontuak AHTra bideratzearen ondorioz azken urteotan bertan behera utzitako zerbitzu, eraikin eta langileak berreskuratuz.