
STOP Biogas Arróniz Herri Plataformak elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren egoitzaren aurrean. Beste plataforma batzuekin batera, biogas plantaren proiektuaren aurka herriak duen jarrera bateratua helarazi nahi izan diote departamentuari. Kaltetutako eremu guztietako 10.000 sinadura baino gehiago eta Arroitzen erroldatutako 508 pertsonarenak babesten dituzte ekimena. Jarraian duzue plataformak zabaldutako komunikatua.
STOP Biogas Arroniz Herri Plataformaren jakinarazpena, urtarrilaren 28a
Egun on,
Lehenik eta behin, Stop Biogas Arroniz Herri Plataformatik eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur kontzentraziora etorri zareten guztioi beste egun batez zuen babesa erakutsiz.
Gaur Iruñean egotea orain arte gure herria, Arroitz, defendatzeko egin ditugun ekintza guztien ondorioa da. Poztu eta indartu egiten gaitu beste Herri Plataformak eta herri desberdineko bizilagunak ere gurekin egotea.
Gaur hemen, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Kontseilariaren eta Zuzendariaren aurrean defendatzen ari garena ez da soilik bizi garen lurraldea, baizik eta gure landa bizimodua. Belaunaldiz belaunaldi eskualdatu den bizimodua, gure arbasoek beren garaian tinko defendatu eta borrokatu zutena.
Arroitzek bizirik jarraitu nahi du. Horretarako, bertako produktuen aberastasuna eta kalitatea mantendu behar dugu, gure herriari izena eta ikusgarritasuna eman dioten produktuak dira eta. Produktu horiek etengabeko lanaren eta landa-bizitza ereduaren emaitza dira. Landu ditugun lurren ondorioz, horrelako produktuek egiten gaituztelako harro sentiarazi. Azken finean, identifikatzen gaituzten produktuak dira eta horrela helarazi diogu Kontseilariari.
Gazteok eta belaunaldi berriek, gure herrien aldeko apustua egiten dugu; Arroitz gure amona eta aitonengandik eskuratu dugun bezala mantendu nahi baitugu, eta oso harro egon daitezela horretaz. Ez dugu gure osasunaren kontura negozioa egitea onartuko, ezta gure lurzoruen osasunaren kontura. Gure bizi kalitatea negozioa bihurtu nahi dute. Ez Arroitzek ez inongo herriek, ez dute beren burua saltzen; beren burua defendatzen dute. Horregatik guztiagatik, ez dugu onartuko “AGR Biogás” enpresak bultzatutako makroproiektu honen inposaketa. Izan ere, gure lurraldearen errealitate eta premiei erantzun beharrean, interes pribatu eta kapitalistak bultzatzen ditu, gure osasunak eta bizi garen lurraldeak ondorio negatiboak pairatuz.
Gaurko galdera argia eta zuzena izan da: nahiz eta herriak behin eta berriz esan duen ez duela biometanizazio makroplantarik nahi, inposatuko diguzue? Herri baten gainetik pasako zarete? Ez dugu onartuko. Antolatzen eta mobilizatzen jarraituko dugu, gure iritzia errespetatu eta proiektu hau behin betiko bertan behera utzi arte. Herritarrok eta herriek, Nafarroako nekazaritza elikagai industriaren funtsezko zutabea izanik, guri zuzenean eragiten diguten erabaki instituzionaletan benetako parte-hartze eraginkorra izateko eskubidea dugu.
Gaur Arroitz-eri buruz hitz egiten ari gara baina argi daukagu gure lurraldeetan egiten dituzten makroproiektu jasanezin hauek ez ditugula nahi, ez gure herrian ezta inon ere ez.
Gaur aipatu dugun bezala, Arroitzen erroldatutako 508 pertsonez gain, Nafarroan 10.000 pertsonek sinatu dutela biometanizazio eredu honen aurka. Eskerrik asko! Horregatik, goraipatu beharra dago ez zaigula ahazten, erroldatutako pertsonez gain, Plataformak badituela beste kide asko, errolda edozein dela ere, beti Arroitzkoak izan direnak, gaur egun direnak eta izango direnak, eta hori erakusten ari dira herriaren etorkizunaren alde borrokatuz. Arroitz-koa izatea jaietan, ohituretan eta jendearengan harrotasuna sentitzea da. Herriko kaleak eta hazten ikusi gaituzten landa eremuak ezagutzea da. Bizitzak urrutira eramaten bazaitu ere, herrira beti itzultzea da. Izan ere, Arroitz ez da paper batean sinatzen: lurran eta bihotzean errotzen da. Arroitzek ez duelako bere burua saltzen, BERE BURUA DEFENDATZEN DU!
HERRI ANTOLATUAK BAKARRIK SALBATZEN DU HERRIA!
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 28an.
