
Biometanizazio planten boom bat ematen ari da egun Nafarroan. Ia urtebetean, planta pribatuen 15 proiektu aurkeztu dira jendaurrean. Gainera, sustapen publikoko beste bi planta izapidetzen eta eraikitzen ari dira. Hauek gaur egun martxan dauden 6 plantei gehituko litzaizkieke, publikoak zein pribatuak; beraz, mota honetako planten kopurua 23era irits liteke, izapidetzen hasi diren guztiak aurrera aterako balira.
Hauetatik guztietatik, gehien kezkatzen gaituztenak proiektu fasean dauden 11 biometanizazio-planta handiak dira. Beste 4 planta abeltzaintzako ustiategiei lotuta daude, eta haien hondakin organikoak autokudeatzeko soilik erabiliko lirateke; beraz, askoz arazo gutxiago sor ditzakete azken hauek.
11 Biometanizazio planta handi hauek hainbat jatorritatik ekarritako hondakin organikoak kudeatzeko industria instalazioak dira, eta, askotan, hondakin hauek biometanizazio plantatik oso urrun sor daitezke. Honako udalerri hauetan jarriko lirateke planta hauek: Murillo el Cuende (2 proiektu), Artaxoa (2 proiektu ere bai, baina bat abeltzaintzako ustiategi bati lotuta), Valtierra, Cortes, Sesma, Arroniz, Viana, Los Arcos, Cintruenigo eta Funes.
Kokapenari dagokionez, hauek guztiak Nafarroako hegoaldean daude, batez ere Lizarraldean (4 planta) eta Erriberan (beste 6). Kokapena aukeratzeko orduan, ematen du mota horretako enpresek ez diotela erantzuten inguruan dauden hondakin organikoak kudeatzeko beharrari. Aitzitik, gas naturala banatzeko sareen hurbiltasuna interesa zaiela ematen du, biometano-ekoizpena bertan injektatzeko.
Beraz, planta handi hauek ezin izango lirateke hurbileko hondakinez hornitu haien lehengai gisa. Instalazio hauek hain handiak direnez, nekez hornitu ahal izango lirateke inguruko abeltzaintza edo nekazaritza ustiategietan sortutako hondakinekin bakarrik, eta kasu guztietan urrutiko lekuetatik garraiatu beharko lituzkete hondakinak. Honek zuzenean egiten du talka proiektu hauek inguratzen dituen publizitatearekin, “ekonomia zirkularra” edo “hondakinen tokiko kudeaketa” bezalako hitzekin elikatzen dena…
Honela, esan liteke Nafarroan bi zonalde daudela, zeinetan hondakinen lehia nabarmenagoa baita. Lizarraldean, 10 eta 20 km-ko distantzian, neurri handiko 4 biometanizazio proiektu daude (Sesma, Arroniz, Viana eta Los Arcos). Eta Arga eta Aragoi ibaien beheko zatietan antzeko distantziara dauden beste 4 proiektu daude (2 Murillo el Cuende, eta Funes eta Valtierra). Azken horiei beste proiektu batzuk gehitu beharko litzaizkieke, ezagutzen ez ditugunak, baina udalekin izandako kontaktuen ondorioz zabaldu direnak (Zarrakaztelun, Melidan…). Eremu honetan dago, halaber, Caparrosoko Valle de Odieta makrogranjako biometanizagailu handia, 2011z geroztik martxan dagoena.
Planta hauek batez ere abeltzaintza gorozkiak eta nekazaritza eta abeltzaintza eraldaketako industrien hondakin organikoak sartuko lituzkete haien instalazioetan. Baina, horrez gain, enpresa hauek jatorri industrialeko beste hondakin batzuk ere eskuratzen saiatzen dira, hala nola paperaren eta kartoiaren industrietako hondakinak, altzarien eta basogintzaren industriakoak, hiri-hondakin solidoen frakzio organikoa, hiriko hondakin-uren araztegietako lohiak, baita beste industria mota batzuetako araztegietakoak ere.
Jakina denez, biodigestio-prozesuaren ondoren, hondakin ugari geratzen da planta hauetan, gehienak likidoak. Hondakin horiei “digestato” esaten zaie, eta labore-eremuak ongarritzeko erabil daitezke. Baina planta hauetan hondakin desberdinak nahastea baimentzen denez, ongarri konposizio desberdinak eta metal astunak bezalako konposatu toxikoak eduki ditzaketenak, oso konplikatua da digestato hauek ongarri gisa erabiltzea. Hau da, hain zuzen ere, enpresa mota hauek gure lurzoruetan eta uretan nitratoek eta beste konposatu batzuek eragindako kutsadura areagotzearen arrazoi nagusietako bat.
Izan ere, enpresa hauen proiektuek ia kasu guztietan ez dute digestato hauei emango dieten erabileraren plangintzarik. Simaurrak Kudeatzeko Plana ezinbesteko baldintza da horrelako enpresak onartzeko, baina aurkeztutako proiektuek hainbat ihesbide bilatzen dituzte hau ez aurkezteko. Honela, enpresa batzuek, eta bereziki Lizarraldean aurkeztutakoek, honako hau esaten dute: “digestatoa sustatzaileak aplikatu ahal izango du eremuan, kudeatzaileari eman ahal izango dio balorizatzeko edo EBean ongarri gisa merkaturatu ahal izango du“. Proiektu hauek sustatzen dituzten enpresek ez dakite zer egingo duten hondakin honekin, biometanizazio-prozesuaren ondoriozko produktu nagusia dena. Hau onartezina da.
Honela, sektore honetako enpresak hondakinok modu kontrolatuan kudeatzeko betebeharretik libratzen saiatzen dira, eta nahiago dute produktua ongarri bat dela eta modu librean sal daitekeela alegatu. Honela, hondakin hauen kudeaketa desarautu nahi dute, oso kutsagarriak direnak modu desegokian kudeatzen badira. Hau guztia agerian geratu da duela gutxi epaitegietan. Izan ere, Valle de Odieta makrogranjako zuzendaritzako kideak 2021ean Aragoi ibaiaren inguruan izandako kutsaduragatik zigortu dituztela ikusi baitugu. Epaiaren arabera, enpresa hau digestato kopuru handiak begi-bistatik kentzen saiatu zen, eta, horretarako, bere lursailak aspertsio bidez digestatoz “ureztatu“ zituen.
Biometanizazio-planta handi hauek guztiak onartuko balira, Nafarroako lurzoruak eta urak are gehiago egonen lirateke mehatxupean, nitratoek eta beste konposatu batzuek eragindako kutsaduraren ondorioz. Horregatik, harrigarria da nola Nafarroako Gobernua baimena ematen ari den horrelako proiektuek haien tramitazioa osaturik ikusteko. Kezkatuta gaude, orain arte, Gobernuak Valtierrako planta onartu duelako, eta duela gutxi baita Sesmakoa ere, eta Artaxoakoa eta Murillo el Cuendekoa ingurumenaren zaintzarekin bateragarritzat jo dituelako (aldeko ingurumen-inpaktu adierazpena eman die). Eta kasu guztietan digestatoek izango duten helburuaren definizio argirik izan gabe eman ditu baimen hauek.
Horrenbestez, atsekabetuta gaude Nafarroako Parlamentuan berriki izan den eztabaida dela eta, honelako planten ustezko moratoriaren inguruan. Azkenean onartu ez den moratoria, izan ere, planta hauetako gutxi batzuen tramitazioa urtebetez baino gutxiagoz eteteari ezin baitzaio moratoria deitu. Gure ustez, ekimen honekin ezinezkoa da Gobernuak industria mota hauek eragin ditzaken inpaktuak eta arazoak sakon aztertu ahal izatea. Eta, beraz, instalazio horien plangintza demokratikoa aldarrikatzen jarraitzen dugu, nekazaritza edo abeltzaintza ustiategi bati soilik lotuta ezar daitezen.
Mikel Saralegi Otsakar eta Martin Zelaia García sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.
