
Azken asteetan zeresana eman dute berriro ere AHTaren inguruko berriek. Orain gutxirarte abiadura handiko trena eraikitzeko bi alternatiba zeuden arren, bat-batean hirugarren batek, Etzegarate ingurukoak, indarra hartu duela dirudi. Oscar Puente Ministroa behin baino gehiagotan Gasteizko alternatibaren alde agertu da, baina orain Gipuzkoako Aldundian baikor dira alternatiba berriari esker AHTa Ezkiora iritsi daitekeela amesten dutelako. Estatuko, Nafarroako eta EAEko administrazioak elkarri mokoka ibili dira, bakoitzak azpiegitura erraldoi hau bere mesedeetara ahalik eta gehien hurbiltzeko helburuarekin.
Urriaren amaierarako Bakaikun, Ataunen, Idiazabalen eta Beasainen zazpi zundaketa berri egiten hasiak izango zirela adierazi zuten arren, momentuz ez daukagu hauen berririk. Irakurri dugunaren arabera 9 hilabete izango dituzte zundaketa hauek egiteko eta segurtasun pribatua izango omen du lanak gauzatuko dituen enpresak.
Orain 4 aste, Garraio Ministeritzatik iragarri zen behin betiko baztertuko zela Ezkioko alternatiba ofiziala, hau da, Aralar Natur Parketik igaroko zena, haien hitzetan alternatiba berriak “ez dio Aralarri eragiten, eta askoz ere inpaktu txikiagokoa da”, baina AHTak Natur Parkea ukituko ez duela dioten arren Ataungo zundaketa puntuak Parketik hurbil daude, eta halabeharrez AHTak babesturiko gunea igaroko luke. Ibilbide berria Natur Parkea inguratzeko helburuz sortu bada ere, ingurumen kalteak ia berdinak izango dira, 22,5 km-ko tunel batetik 20 km-ko tunel batera igarotzen baita. Gainera, Aralar eta Aizkorri-Aratz Natur Parkeen arteko korridore ekologikoa bete-betean zatituko luke azpiegitura honek.
Berriki kaleratu dugun adierazpenean esaten genuen moduan, eta Euskal Herriko gainontzeko tarte gehienetan bezala, azken zundaketa-kanpaina zonaldeko udalen eta biztanleen borondatearen aurka egin nahi da, behin baino gehiagotan azpiegitura honen aurka agertu baikara. Horregatik udalei (Beasain, Ataun, Idiazabal eta Bakaiku) dei egiten diegu lanak egiten ez laguntzeko eta baimenik ez emateko.
Prentsaurreko honen bidez Idiazabalen egingo den mendi martxan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei. Taldean zein famili giroan etortzeko egitaru oparoa prestatu dugu, honenbestez ANIMATU!
Azaroaren 23an (igandean) goizeko 9:30ean, Idiazabalgo plazatik abiatuko da. Idiazabal – Dantzaleku (Ataungo muga) – Idiazabal izango da ibilbidea. 10 Km eta 500 metroko desnibela izango du.
- Inma Mugerza hidrogeologoaren eskutik AHTak ingurune karstikoetan sortu ditzaken kalteen berri izango dugu.
- Izaki mitologikoen pasarte batetaz gozatzeko aukera izango dugu.
- Bertako produktuz osaturiko hamaiketakoa jarriko dugu.
- Trikitilari eta panderojoleak ere izango dira hamaiketakoa girotzen.
Bide batez, azaroaren 26an Ataungo udaletxean Inma Mugerza hidrogeologoaren hitzaldia izango dela jakinaraztea gustatuko litzaiguke. AHTak eremu karstikoan dituen eragin nagusiak zeintzuk diren ezagutzeko aukera izango dugu, beraz, Atauna inguratzera gonbidatzen zaituztegu.
Amaitzeko, Sakanako eta Goierriko biztanleei berriro gogorarazten diegu adi jarraitzeko eta aipaturiko 4 herrietako lurretan mugimendu susmagarriren bat antzemanez gero, deitzeko 656711130 ekimenaren telefonora eta dagokion udalari.
GELDITU DITZAGUN ZUNDAKETAK-GELDI DEZAGUN AHTa
STOP ZUNDAKETAK – AHTrik EZ!! ekimena
