
- Valle de Odieta S.C.L. enpresako bi zuzendari, Caparrosoko (Nafarroa) esnetarako behien makro-granjaren jabea, ingurumen delituagatik zigortu ditu Iruñeko Zigor arloko 2. epaitegiak.
- Gertakariak 2021ekoak dira, enpresak digestato isuri bortitz bat eragin zuenean, babestutako gune naturaletan ere eragina izan zuena.
- Epai horrek Nafarroako Gobernuaren goitik beherako birplanteamendua ekarri beharko luke abeltzaintza eredu industrialaren aurrean.
Greenpeace talde ekologistak eta Sustrai Erakuntza Fundazioa pozik agertu dira Iruñeko Zigor arloko 2. Epaitegiak Valle de Odieta S.C.L. enpresa, Nafarroako Caparrosoko makrogranjaren jabea, ingurumen delituagatik zigortzen duen epaiarekin. Noviercaseko (Soria) makro-abeletxe proiektuaren sustatzaile bera da, duela bi aste Auzitegi Gorenak behin betiko geldiarazi zuena.
Epaiak “Valle de Odieta, SCL” enpresako bi zuzendariri urtebeteko kartzela-zigorra eta 14 hilabeteko isuna ezarri die, 12 €/eguneko (guztira 5.040 €), eta 14 hilabeteko gaitasungabetze berezia abeltzaintzarekin eta nekazaritzarekin lotutako lanbide edo ogibiderako. Erantzukizun zibil gisa, Soto de la Cuevako urmaela isuriaren aurreko egoerara itzultzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu beharko dituzte bi kondenatuek, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren ikuskaritzapean, baita herri-akusazioen kostuak ordaindu ere.
Sententzia hau 2021eko otsailean gertatutakoaz ari da, kutsadura gertakari larri bat gertatu zenean, enpresa honek bere instalazioetatik gertu zeuden nekazaritza-lursailak digestatoarekin “ureztatu” zituelako (Odietako mindak biometanizatzeko prozesuaren ondoriozko hondakina). Horretarako, eta ingurumeneko baimen bateratuan jasota egon gabe, ihinztadura bidezko ureztatze sistema erabili zuen.
Isurketak minda-isurketa handiak eragin zituen, eta benetako ur-jauziak sortu zituen inguruko sakanetan. Aragoi eta Arga ibaien beheko zatietako Kontserbazio Bereziko Eremuari (KBE) ere eragin zion. Galzorian dauden espezieen habitatak dira, hala nola bisoi europarra, apoarmatu europarra eta zenbait saguzar-espezie. Parke Naturalaren eta Errege Bardeako Biosfera Erreserbaren inguruko eremuei ere eragin zien.
Egoera horren aurrean, hainbat talde ekologista eta sozialek isurketa horiek salatu zituzten, iritzi publikoak ezagut zitzan, eta Nafarroako Ingurumen Fiskaltzaren aurrean ere egin zituzten salaketak. Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Greenpeacek herri-akusazio gisa parte hartu zuten auzian. Epaiketa irailaren 2an eta 12an izan zen, eta Justiziak kondena-epaia eman du horren gainean.
“Makro-granjen aurkako Nafarroako Plataforman koordinatutako erakunde ekologistek, sozialek eta nekazariek aspalditik salatu duguna berrestera dator epai hau: makro-granjek lurzoruak eta akuiferoak kutsatzen dituzte. Horregatik, epai hau Valle de Odietarentzat ez ezik, ingurumenaren, pertsonen osasunaren eta animalien ongizatearen aurka egiten duen abeltzaintza industrialaren eredu bat gaitzesten du, eta Nafarroatik eta planetatik desagerrarazi behar da” adierazi du Sustrai Erakuntza Fundazioko Pablo Lorentek.
Gainera, Greenpeacek eta Sustrai Erakuntzak osatutako herri akusazioaren arabera, sententzia honek ez liguke perspektiba galdu eta funtsezko bi kontu alboratu beharko:
- Kolokan dagoena da Nafarroan zabaltzen ari den abeltzaintza industrialaren eredua, ingurumenari, lurraldean finkatutako familia abeltzaintzari, pertsonen osasunari eta animalien ongizateari erasotzen diona.
- Nafarroako Gobernuarentzat arreta ukitua izan beharko luke. Alde batetik, auzian akusazio gisa agertzeari uko egin diolako geratu da agerian, ingurumen osasuntsua zaintzeko ardura izan beharko lukeena betetzeko. Bestetik, ulertu beharko lukeelako nekazaritza eta abeltzaintza eredu industriala sustatzen jarraitzeak kutsadura gehiago dakarrela eta Nafarroan lehen sektorearen etorkizuneko hipoteka.
“Sententzia honetara ezin zitekeen iritsi Martzillan, Villafrancan, Larragan osasunaren, pertsonen, lurraren eta uraren zaintza zaindu duten eta zaintzen jarraitzen duten dozenaka boluntarioren lan anonimo, eskuzabal, isil, eta askotan bidegabeki konprenitu gabe. Haiei eta horri, gure esker ona eta aitortza” adierazi du Lorentek.
Merkeago ateratzen da ingurumena defendatzea baino
Greenpeace erakundeak, bere aldetik, gogorarazi nahi izan du aurreko prozedura batean, 2024ko urrian eta azaroan egindako epaiketa baten ondoren, Greenpeaceko 8 ekintzaileri ia 30.000 euroko isuna ezarri ziela.
“Epai hau txalotu arren, Nafarroan eta oro har Espainiako Estatuan, ingurugiroa suntsitzea defendatzea baino merkeago ateratzen dela ere berresten digu. Ingurumenaren defentsan protesta egin genuen ekintzaileok ordaindu behar izan genituen isunak ingurumen delituagatik Valle de Odietako zuzendariek ordaindu beharko dituztenak baino 5 aldiz handiagoak dira. Honek horrela izaten jarraitzen duen bitartean, gure bioaniztasunak arriskuan jarraituko du.” adierazi du Lorea Flores Nafarroako Greenpeaceko koordinatzaileak
Informazioa zabaltzeko prentsaurrekoa
Azkenik, Greenpeacek eta Sustrai Erakuntzak prentsaurrekoa deitu dute datorren ostiralean, urriaren 31n. Prentsaurreko horretan epaiaren eta bere ondorioen balorazio sakona egingo da. Herri akusazioa osatu zuten bi erakundeetako ordezkariek hartuko dute parte bertan, baita talde juridikoak ere.
