Erne! AHT-aren zundaketak hasiko direla iragarri ondoren, mobilizatu!

    es 20 Urr 2025 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    AHTaren zundaketen hasierako iragarpen faltsuen uda baten ondoren, eta egiten ari zirela zioten gezurren ondoren, badirudi mehatxua errealitate bihurtzen ari dela. Joan den larunbatean, urriak 18, komunikabide ezberdinek argitaratutako informazioaz ari gara. Bertan, xehetasun guztiekin, hilabete honetan Gipuzkoako Beasain, Ataun eta Idiazabal herrietan eta Nafarroako Bakaikun egingo diren zazpi zundaketa hasiko direla iragartzen dute.

    Zundaketa horiek guztiak AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko hirugarren alternatiba gisa ezagutzen denari dagozkio, hau da, Ezkio alternatibaren aldaerari. Gogora dezagun joan den astean Madrildik iragarri zela behin betiko baztertuko zela Ezkioko alternatiba ofiziala, eta aldaera horrek ordeztuko zuela. Propaganda ofizialaren arabera, aldaera horrek ez dio Aralarri eragiten, eta askoz ere inpaktu txikiagokoa da. Ekimen honetatik manipulazio hori salatu nahi dugu, agerikoa baita Aralarri eragiten diola eta eraso ekologikoa antzekoa dela, 22,5 km-ko tunel batetik 20 km-ko tunel batera igarotzen baita.

    Aipaturiko zundaketa-kanpainari dagokionez, informazio horien arabera, 9 hilabete iraungo du 2025eko urriaren eta 2026ko uztailaren artean. ADIFek kontrataturiko enpresa arduraduna Ineco da, eta langile talde bakar batekin jardungo du. Talde horrek, baimenak lortzen dituen neurrian, zundaketaz zundaketa ibiliko da denak bukatu arte. Halaber, aipatzen dute zundaketa-ekipoak 4 segurtasun-zinpekok zainduko dituztela etengabe, eta horiek gau eta egun bertan egongo direla lanak egiten diren bitartean.

    AHTaren zundaketen iragarririko hasiera honen aurrean, Ekimen honetatik honako hau adierazi nahi dugu:

    1. Udan zehar egindako manipulazio eta gezurren kanpainak, herritarrengan asperdura eta sinesgaiztasuna sortu nahi zituen desmobilizazio orokorra lortzeko helburuarekin. “Otsoa datorrela…” estrategia zen, zalantzarik gabe.
    2. Zundaketa-kanpaina hau zonalde honetako udalen eta biztanleen borondatearen aurka egin nahi da, behin baino gehiagotan azpiegitura honen aurka agertu baitira. Segurtasun pribatuko enpresa armatu bati gure zergen bidez ordaindu behar izateak argi eta garbi adierazten du inposizio hori.
    3. Orain arte, zundaketek mehatxaturiko eremuetako (Sakana, Goierri eta Itza) udalen oposizioa eta ekimen honek sustatutako herri-mobilizazioari esker, zundaketen hasiera bi urte eta erdi baino gehiago atzeratu da. Ataunen, Otxobin eta Izurdiagan hasitako hiru zundaketa gelditu ere egin ziren. Zentzu horretan, iragarririko zundaketen hasiera honengatik interpelaturiko udalei (Beasain, Ataun, Idiazabal eta Bakaiku) dei egiten diegu lanak egiten ez laguntzeko eta inolako baimenik ez emateko. Era berean, dei egiten diegu bailara horietako biztanleei eta, oro har, AHTaren aurkari guztiei zundaketen aurka deituriko mobilizazioetan parte har dezaten eta adi egon daitezen larrialdi-protokoloa aktibatzen denerako.
    4. Sakanako eta Goierriko biztanleei berriro gogorarazten diegu adi jarraitzeko eta aipaturiko 4 herrietako lurretan mugimendu susmagarriren bat antzemanez gero, deitzeko 656711130 ekimenaren telefonora eta dagokion udalari.

    GELDITU DITZAGUN ZUNDAKETAK-GELDI DEZAGUN AHT

    STOP ZUNDAKETAK-AHTRIK EZ! EKIMENA