
Ecologistas en acción taldeak, Vall d ‘Onsellako eta Erreniegako Meategien Aurkako Plataformak eta Sustrai Erakuntza Fundazioak administrazio-errekurtsoa aurkeztu dugu Ebroko Konfederazio Hidrografikoak GEOLCALIri ura emateko ebazpenaren aurka, eta kontzesioa baliogabetzeko eskatu dugu, tramitazio okerragatik.
2025eko maiatzaren 28an argitaratu zen BOEn Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Undués de Lerda y Urriésen (Zaragoza) eta Zangozan eta Xabierren (Nafarroa) lurpeko ur publikoen aprobetxamendu bat eman zuela, Mina Mugako potasako meatze-ustiapenaren industria-erabileretarako.
Errekurtso hau aurkeztu dugun erakundeok salatu nahi dugu ezin izan dugula espediente osoa eskuratu, ez delako legez ezarritako administrazio-egintza argitaratu, ezta ebazpenaren testu osoa jakinarazi ere. Egoera horrek defentsa-gabezia sortzen du, errekurtso hori garaiz eta behar den moduan eta zuzenbidezko argudio guztiekin jartzea eragozten baitu.
Horregatik, behin ebazpen osoa eta administrazio-espediente osoa eskuratuta, errekurtsoa alegatzeko, zabaltzeko eta osatzeko eskubidea gordez, errekurtsoa aurkeztu dugu, aurkeztutako dokumentazio eskasagatik kontzesioaren deuseztasuna eskatuz.
Gogoratu behar dugu Ebroko Konfederazio Hidrografikoak gaizki eman izana Mina Mugako administrazio-espedientearen tramitazioan itzalez eta susmoz betetako prozesu baten beste kate-maila bat dela. Eta ezin dugu ahaztu Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetu eta indarrik gabe utzi duela Foru Komunitateko Industriaren ebazpena, “Goyo” baimena ustiatzeko kontzesioa ematen zuena, Mina Muga osatzen duten hiru meatze-baimenetako bat.
Horregatik guztiagatik, Ecologistas en Acción taldeak, Vall de Onsella eta Erreniegako Meategien aurkako Plataformak eta Sustrai Erakuntza Fundazioak berretsi egiten dugu Mina Muga erabat geldiarazteko demanda eta horrekin zerikusia duen edozein administrazio-egintza. Arrazoiak soberan daude.